Hizkuntza koloretan

Gogo Elebiduna · Kolaborazioak

Internetetik zehar askok ikusiko zenuten hurrengo irudia, bertan zenbat kolore ikusten diren galdetzen delarik. Zuk zenbat ikusten dituzu? Batzuek esango duzue 20 kolore daudela, banaka batzuek berriz, 39 ikusiko dituzue; gainerakoek 32 kolore bereiziko dituzue. Egia esan, 39 kolore desberdin agertzen dira irudian.

hizkuntza
1. irudia: Zenbat kolore-ñabardura zenbatu ditzakezu? (DervalResearch)

Kolore-proba hau neuromarketinean adituan den Diana Derval irakasleak garatu du. Haren arabera norberak begian dituen kono-banaketaren ondorio dira ikusi eta zenbatu ditzakegun koloreak. Kono hauek begietan dauden zelula espezializatuak dira eta bakoitza sentibera da oinarrizko kolore batekiko (gorria, berdea eta urdina); hau da, kolore-hartzaileak dira kono horiek. Beraz, 20 kolore baino gutxiago ikusten badituzu, bikromatikoa zara, bi kono dituzu bakarrik; berriz, 20-32 kolore bitartean ikusten badituzu, trikromatikoa zara, hiru kono desberdin dituzulako; eta azkenik, gai bazara 33-39 kolore tartea ikusteko, zorionak, lau kono mota baitituzu begietan.

Baina ikus dezagun koloreen mundu hau hizkuntzaren ikuspegitik. Hala, aurreko galdera berridatzi egin behar da: Zenbat kolore izenda ditzakezu? Seguru emakumeak gai izango direla gizonak baino kolore gehiago izendatzeko. Israel Abramov psikologoaren ikerketa baten arabera, emakumeek hobeto antzematen dituzte kolore-tonuak gizonek baino. Baina emakumeen kolore-gaitasun hori alde batera utzita, hiztun batzuek kolore gutxiago izendatuko dituzte beste hiztunekin konparatuta. Kolore-izenak ez datoz bat ere hizkuntza desberdinetan eta hiztun desberdinek kolore desberdinak izendatuko dituzte. Adibidez, Groenlandiako inuit batek gorria, berdea eta horia bakarrik izendatuko lituzke hasierako argazkian; euskaldun batek, berriz, hiru horietaz gain urdina, marroia, purpura, arrosa, laranja, grisa, eta beste hainbat ere izendatuko lituzke. Hau ikusita, askok uste dute hizkuntzak ezartzen dituela mugak kolore-espektroan.

hizkuntza
2. irudia: Kolore-ñabarduren bereizketa emakume-gizonetan.

Hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak” zioen Wittgensteinek

XX. mendearen erdialdean hainbat hizkuntzalarik defendatu zuten hizkuntzak gure pentsamendua moldatzen zuela; edo beste modu batean esanda, hizkuntzek baldintzatu egiten dutela hiztunen pentsaera eta mundu-ikuskera. Hizkuntzalaritzan ideia horri Sapir-Whorf hipotesia deritzo, Edwar Sapir eta Benjamin Lee Whorf hizkuntzalarien omenez. Askok agian ezagutuko dute hipotesi hau azaltzeko erabili ohi den adibidea: eskimalek 100 hitz desberdin dituzte elurrerako, ingelesek ordea bat bakarrik. Laura Martinen (1986) aburuz ordea, eskimalek bi hitz baizik ez dituzte elurrerako: qanik (airean dagoen elurra) eta aput (lurrean dagoen elurra). 1990.eko hamarkadan hipotesi honek galdu egin zuen ospea hizkuntzalari eta psikologoen artean, baina azkenengo urteetan badirudi mugimendu neo-whorfiano bat berpiztu dela psikohizkuntzalaritzan. Kolorearen pertzepzioa ikertu izan da Sapir-Whorf hipotesia frogatzeko, eta azken urteetako ikerketek erakutsi dute hizkuntzak eragina duela koloreen pertzepzioan.

Kay eta Kemptonek (1984) ingeles eta tarahumararen (Mexiko iparraldeko hizkuntza baten) hiztunen urdin eta berde koloreen pertzepzioa aztertu zuten. Ingelesez kolore biak izen desberdinekin esaten dira (blue eta green, hurrenez hurren), baina tarahumara hizkuntzan siyóname hitza baizik ez da erabiltzen; beraz, ez dago hizkuntza horretan bi koloreen arteko desberdintasun lexikorik. Esperimentuan, partaideak mahai baten aurrean esertzen ziren eta mahaiaren gainean hiru fitxa ikusten zituzten: haietako bi antzeko kolorekoak ziren (adibidez, urdina eta urdinxka) eta hirugarrenak kolore desberdinekoa (adibidez, berdea). Ikertzaileek eskatzen zien partaideei aukeratzeko hiru fitxetatik zein zen kolore desberdinekoa. Emaitzek erakutsi zuten ingeles hiztunek oso ondo bereizten zituztela urdina eta berdea; tarahumarako hiztunek, berriz, ez zuten horrelakorik egiten.

Winawer eta kideek (2007) antzeko esperimentu bat egin zuten, baina honetan bakarrik urdin kolore-tonuak aztertu zituzten errusiar eta ingeles hiztunetan. Errusierak bi izen erabiltzen ditu urdinarentzako, haren tonuaren arabera: siniy (urdin iluna) eta goluboy (urdin argia); ingelesak ez du halako bereizketarik egin (baina hala ere, bereizte hori egin dezake adjektiboen bidez: dark blue eta light blue). Esperimentu honetan, partaideek pantaila baten aurrean esertzen ziren eta bertan hiru lauki ikusten zituzten (ikusi, 3. irudia): goiko aldean eta erdian urdin-tonu bateko lauki bat, eta honen azpian eskuinean eta ezkerrean beste lauki bana. Hauetako bat goiko laukiko kolore-tonu berekoa zen eta bestea kolore-tonu desberdinekoa. Partaideek aukeratu behar zuten, botoi bat sakatuz, zein beheko lauki zen kolore-tonu berekoa: ezkerreko botoia sakatu ezkerreko laukia bazen aukeratutakoa, eta eskuineko botoia eskuineko laukiaren kasuan. Emaitzek erakutsi zuten errusiar hiztunek azkarrago aukeratzen zutela kolore-tonu bereko laukia, ingeles hiztunekin alderatuta. Hala ere, ikertzaileek jakin nahi zuten ea benetan hizkuntzak ahalbidetzen zuen aukeratzeko azkartasun hori eta bigarren esperimentu bat egin zuten hori ikusteko. Lehenengo esperimentu bera pasatu zuten baina moldaketa batekin: bigarren esperimentu honetan distrakzio bat zegoen. Partaideek kolore-tonu bereko laukia aukeratzen zuten bitartean zenbaki-kate batzuk buruz ikasi eta ozenki esan behar zituzten. Oraingo honetan, errusierako hiztunek ez zituzten hain azkar desberdintzen urdin ilunak eta argiak. Hori ikusita, Winawer eta kideek ondorioztatu zuten hizkuntzak eragina zuela urdin argiak eta ilunak azkar bereizterakoan.

3. irudia: Goiko aldean esperimentuan erabilitako 20 urdin-tonuak agertzen dira, eta beheko aldean hiru laukien probaren adibide bat. (Irudiaren iturria: Winawer et al., 2007:7781 [moldatua])
3. irudia: Goiko aldean esperimentuan erabilitako 20 urdin-tonuak agertzen dira, eta beheko aldean hiru laukien probaren adibide bat. (Irudiaren iturria: Winawer et al., 2007:7781 [moldatua])
Thierry eta bere kideek (2009) ere urdin kolore-tonuak aztertu zituzten baina greziera eta ingeleseko hiztunetan. Grezieraz, errusieraz bezala, bi izen erabiltzen dira urdin iluna eta argia izendatzeko: ble eta ghalazio, hurrenez hurren. Aurreko esperimentuetan ez bezala, honetan partaideei txano bat jartzen zieten buruan, txanoak estimulu jakin bati burmuinak ematen dizkion erantzun elektrofisiologikoak jasotzen ditu. Behin txanoa buruan jarrita, partaideek pantaila batean lau bloke ikusten zituzten: bi blokek urdin kolore-tonuak zituzten, eta beste biek berde kolore-tonuak (ikusi, 4. irudia). Partaideek botoi bat sakatu behar zuten soilik tonu desberdineko estimulua lauki formarekin agertzen zenean, estimulu normalak forma biribilekoak baitziren. Ingeles hiztunek desados-negatibotasun bisuala (vMMN – visual MisMatch Negativity, ingelesez) efektu bera jasan zuten urdina eta berdearen artean; greziar hiztunengan ordea, efektua handiagoa zen urdin kolorean. Beste modu batean esanda, grezierako hiztunek urdina eta berdearen arteko kolore-bereizketa egiten dute prozesamendu bisualean.

4. irudia: Esperimentu diseinua eta lau blokeen estimulu-sekuentziaren adibidea. (Irudiaren iturria: Thierry et al., 2009:4567 [moldatua])
4. irudia: Esperimentu diseinua eta lau blokeen estimulu-sekuentziaren adibidea. (Irudiaren iturria: Thierry et al., 2009:4567 [moldatua])
Athanasopoulos eta kideek (2011) japoniera-ingeles elebidunekin aztertu zuten urdin-tonuen prozesamendua. Japonierak, errusierak eta grezierak bezala, hitz desberdinak ditu urdin argia (mizuiro) eta ilunerako (ao). Esperimentuan, partaideak mahai baten aurrean esertzen ziren eta haren gainean bi fitxa zeuden. Partaideek erabaki behar zuten fitxa bien kolorea antzekoa ala desberdina zen 10 puntuko eskala baten bidez: 10 puntuak guztiz desberdinak baziren eta puntu 1 oso antzekoak baziren. Emaitzek erakutsi zutenez, japoniar-ingeles elebidunek haien eguneroko hizkuntza ingelesa bazen zailtasunez desberdintzen zituzten urdin-tonuak; baina japoniera bazen haien eguneroko hizkuntza errazagoa zen tonuen arteko bereizketa.

Laburbilduz, ikerketa hauek erakusten dute modu batean hizkuntzek eragin egiten diotela koloreen pertzepzioari. Hala ere, Pinker ez dator bat ondorio honekin:

“Gizaki guztiek paleta berdinez margotzen dituzte hautematen dituzten munduak, eta horrek baldintzatu egiten ditu koloreak izendatzeko erabiltzen dituzten hiztegiak. […] Eta, hizkuntzak beren kolore-hitzei buruz bat ez datozenean, berriz, aurrez iragartzeko modukoa da bat ez etortze hori, eta ez balizko hitz-sortzaile baten apeta idiosinkratikoen araberakoa. [Labur esanda,] koloreak nola ikusten ditugun, hala ikasiko ditugu haientzako hitzak ere, eta ez alderantziz.” (Pinker, 2010:63-64).

Era berean, ez da egia artikulu horiek euskarri bat ematen diotela Sapir-Whorf hipotesiari. Izan ere, hizkuntza hitzak baino zerbait gehiago baita. Hitzak hiztunok gure inguruan dagoen errealitatea deskribatzeko sortutako kategoriak dira:

“Errealitatea osatzen duten oinarrizko kategoriak ez daude munduan; aitzitik, norberaren kulturak erazten ditu. Pentsaera eta hizkuntza gauza bera direla pentsatzea zentzugabekeria konbentzionaltzat jo genezakeenaren adibide bat da. […] Pentsamenduak hitzen mendean badira, nola sor liteke inoiz hitz berririk? Nola ikas lezake haur batek hitz bat? Nola liteke hizkuntza batetik besterako itzulpena egin ahal izatea?” (Pinker, 2010:58)

hizkuntza koloretan 5
5. irudia: Steven Pinker psikologo kognitiboa eta hizkuntzalaria.

Kuriositate gisa

Noizbait Japoniara joateko aukera baduzu, arreta jarri bertako semaforoei. Orokorrean semaforoek kolore desberdinetako hiru argi dituzte: gorria (gelditu), laranja edo horia (kontuz ibili) eta berdea (pasatu). Baina Japonian argi berdeak urdin kutsua dauka. Zergatik? Ba, erabaki politiko-linguistiko bitxi batengatik.

Japoniara heldu ziren lehen semaforoak, 1930.eko hamarkadan, gorri, hori eta berde argiak zituzten: aka, kiiro eta ao, hurrenez hurren. Tradizioz, japoniarrek kolore urdina eta berdea “ao” hitzaren bidez adierazten zuten, baina gerora izen desberdinekin bereizten hasi ziren: “ao” urdina izendatzeko eta “midori” berdearentzako. Hori dela eta, 1973an Japoniar gobernuak erabaki bat hartu zuen eta berde kolorearen izena aldatu beharrean, semaforoetako argi berdea aldatu zuen: argi berdeak urdin tonu kutsua izatea, urdin kolorea izan gabe.

Beraz, Japonian badirudi hizkuntzak baldintzatu duela japoniarren mundu-ikuskera, behintzat bideko segurtasun-arauei dagokienez.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Athanasopoulos, P., Damjanovic, L., Krajciova, A. & Sasaki, M. (2011): Representation of colour concepts in bilingual cognition: the case of Japanese blues. Bilingualism: Language and Cognition. 14(1),9-17.
  • Derval, D. (2010): The Right Sensory Mix. Berlin: Springer.
  • Deutscher, G. (2011): Through the Language Glass. Londres: Picador.
  • Kay, P. & Kempton, W. (1984): What is the Sapir-Whorf Hypothesis?. American Anthropologist. 86, 65-79.
  • Martin, L. (1986): “‘Eskimo words for snow’: a case study in the genesis and decay of an anthropological example”. American Anthropologist 88, 418–423.
  • Pinker, S. (1994): The Language Instinct. New York: Harper Perennial Modern Classics (P.S. edizioa, 2007). [euskaraz: Pinker, S. (2010): Hizkuntza-sena. Bilbo: ZIO bilduma]
  • Pinker, S. (2007): The Stuff of Thought. New York: Penguin.
  • Pullum, G. (1991): The Great Eskimo Vocabulary Hoax. Chicago: University of Chicago Press, 159-171.
  • Stanlaw, J. (1997): Two observations on culture contact and the Japanese color nomenclature system. In C.L. Hardin and L. Maffi (eds.) Color Categories in Thought and Language (240-260). Cambridge: Cambridge University Press.
  • Thierry, G.; Athanasopoulos, P.; Wiggett, A.; Dering, B. & Kuipers, J.P. (2009): Unconscious effects of language-specific terminology on preattentive color perception. Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA. 106(11), 4567-4570.
  • Winawer, J.; Witthoft, N.; Frank, M.C.; Wu, L.; Wade, A.R. & Boroditsky, L. (2007): Russian blues reveal effects of language on color discrimination. Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA. 104(19), 7780 –7785.

Egileaz:

Luis Pastor, (@aloxieusko) Euskal Filologian lizentziatua da. Egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko doktoregaia da eta psikolinguistika du ikerlerro UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldean.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.