Hiri berean, baina gutxi gorabehera mende bat lehenago, Papok beste matematikari bat aipatu zuen: Pandrosion. Papo oso kritikoa zen berarekin, baina baita Apoloniorekin ere; eta horrelakoa zen matematikari guztiekin, Euklides eta Arkimedesekin izan ezik, hein handi batean.
– Gráinne McLaughlin
Alexandriako Pandrosion IV. mendeko lehenengo erdiko matematikari bat izan zen. Ezaguna da Alexandriako Papok bere obretako batzuetan aipatu zuelako; hala ere, ez zuen goraipatu, aitzitik, bere gaitasun matematikoak gutxietsi zituen. Matematikari greziarrak Pandrosion bere etsaitzat zuela uste da, bera ere Alexandrian irakaslea baitzen, eta horregatik hura erasotzea erabaki zuen.

Paporen garaikidea zenez (c. 290–c. 350), Pandrosion 290. urte inguruan jaio eta 350. urte inguruan hil zela uste da; hortaz, Hipatiaren aurreko matematikaria da.
Baina, Pandrosion gizona edo emakumea zen?
Zergatik galdera hori? Bada, Paporen obren lehenengo itzulpenenetan, Pandrosion gizona da.
Zehazki, Friedrich Otto Hultsch historialariak 1878an Paporen Synagogeren (Bilduma) III liburua itzuli zuen grezieratik latinera; eta obra Pandrosion gizona izango balitz bezala itzuli zuen, Papok matematikariari buruz hitz egitean flexio femeninoak erabiltzen zituen arren. Hultschek erabaki zuen horrek akatsa behar zuela, eta Pandrosionekin kalifikatzaile maskulinoak erabili zituen; erabaki hori, gerora, mundu akademikora hedatu zen.
Ehun urte beranduago, matematiken historialari Paul Ver Eechek Pandrison gizontzat hartzen jarraitu zuen La collection mathématique: ouvres traduites pour la première fois du Grec en Francais avec une introducción et des notes artikuluan (1982).
Hala ere, matematiken historialari Alexander Raymond Jonesek 1988an ingelesera egindako itzulpenean argudiatu zuen Paporen liburuaren adiera femeninoa ez zela akatsa. Geroztik, akademiko desberdinek bat egin dute Jonesekin, eta Pandrosion emakumea zela argudiatu dute, hala nola Reviel Netzek Greek mathematicians: a group picture artikuluan (2002).
Teoria horren aldeko beste argudio bat da Pandrosion izena Pandroso izenaren txikigarria dela; edo, bestela esanda, Zekrope (Atenasko lehenengo erregea) eta Aglauroren alabaren izenaren txikigarria.
Kuboaren bikoizketa
Pandrosio matematika irakaslea izan omen zen Alexandrian K.o. IV. mendean.
Kuboa bikoizteko (kubo bat nola sortu aldez aurretik dagoen beste kubo baten bolumenaren bikoitzarekin) gutxi gorabeherako metodo bat aurkitu zuela uste da, edo, orokorrean, erro kubikoetara gerturatzeko metodo bat. Metodo geometriko errekurtsibo tridimentsional bat da. Papok ez du zehatz-mehatz adierazten jatorrizko metodoa Pandrosionena denik, baina Pandrosionen ikasleen ustezko akatsak zuzentzera bideratutako Synagogeko atalean gehitu zuen; eta, bertan, Papok baieztatzen du azalpen matematiko hori ez dela zuzena.
Kuboa bikoizteko problema aintzinako matematikaren hiru problema klasikoetako bat da (zirkuluaren koadraturarekin eta angeluaren trisekzioarekin batera), eta K.a. V. mendean sortu zen Grezia klasikoan. Pierre Wantzel matematikariak 1837an erakutsi zuen kuboaren bikoizketaren problema ezin dela ebatzi soilik erregela eta konpasa erabilita.
Synagogeren atal berean bazegoen beste metodo bat, hura ere zeharka Pandrosioni egotzia: batezbesteko geometrikoa sortzeko problemaren soluzio zehatza, Papok erabilitako metodoa erabilita baino modu sinpleagoan.
Asteroide bat Pandrosionen omenez
Pandrosionen ekarpena nabarmena izan al zen matematikak garatzeko? Ez da kontserbatu bere idazkirik, eta ondorengo idazle greziarrek ez dituzte aipatu. Hala ere, hori egile askorekin gertatzen da, baita Hipatiarekin ere. Eta, Paporen erasoak ikusita, baliteke ondorengo beste autore batzuek bere obra ez aipatzearen alde egin izana. Jakingo al dugu noizbait galdera horren erantzuna zein den? Ziurrenik ez.
Gutxienez, asteroide bat dago Pandrosionen omenez: (20996) Pandrosion; lehen (20996) 1986 PB izenez ezaguna zen, eta asteroide gerrikoaren objektu bat da. Eleanor Francis Helin astronomoak aurkitu zuen 1986ko abuztuaren 4an, Palomar behatokian. (20996) Pandrosion izena jarri zioten 2025eko otsailean, matematikari greziarraren omenez, balitekeelako ezagutzen dugun emakumezko matematikaririk zaharrena izatea…
Iturriak:
- Pandrosion et la duplication du cube, Micmaths, Mickaël Launay-ren YouTube kanalean
- O’Connor, J. J.; eta Robertson, E. F. (2018ko maiatza). Pandrosion of Alexandria, MacTutor History of Mathematics archive, University of St Andrews
- O’Connor, J. J.; eta Robertson, E. F. (2018ko maiatza). Pandrosion – man or woman?, MacTutor History of Mathematics archive, University of St Andrews
- O’Connor, J. J.; eta Robertson, E. F. (2018ko maiatza). Pappus criticises Pandrosion, MacTutor History of Mathematics archive, University of St Andrews
- McLaughlin, Gráinne (2004). The logistics of gender from classical philosophy, Fiona McHardy eta Eireann Marshall, Women’s Influence on Classical Civilization liburuan (Psychology Press, 2004), 7-25
Egileaz:
Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko ekainaren 11n: Pandrosion de Alejandría, ¿una matemática anterior a Hipatia?.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.