Azazkalak apaintzeko esmalte ugari erabiltzen dira: kolore argiak, ilunak, distiratsuak… Baina zerez daude eginak esmalteak?
Gizakiak aspalditik margotzen ditu azazkalak, hain zuzen ere K.a. 6000 urteko esmalte arrastoak aurkitu dira. Txinan eta Egipton henna, hostoak eta buztina erabiltzen ziren azazkalei kolore gorri-marroixka emateko. Nefertiti-k eta Cleopatrak azazkalak margotuta eramaten zituztela ere ezaguna da.

Gaur egun ezagutzen ditugun azazkalentzako esmalteak 1920an asmatu ziren; nitrozelulosa deritzen polimeroan oinarrituta zeuden. Polimero hau disolbatzaile batean disolbatuta dago; gehienetan etil azetatoa edo butil azetatoa erabiltzen da. Behin esmaltea azazkalean barreiatuta, disolbatzailea lurrundu egiten da eta film bat osatzen da. Horretaz gain, itsasgarri bat darama, filma azazkalera itsasteko; eta film modifikatzailea, distira ematen diona. Plastifikatzaileak ere gehitzen dira filma malgua izan eta pitzadurarik agertu ez dadin. Esmaltea degradatu egin daiteke argiarekin eta ondorioz kolorea aldatu. Hori ekiditeko, bentzofenona izeneko konposatua gehitzen da formulazioan.
Azkenaldian gelezko azazkal esmalteek indarra hartu dute, luzaroan distiratsu eta egoera onean mantentzen direlako. Kasu hauetan, esmaltearen konposizioa desberdina da: fotohastarazle bat eta metakrilatoa darama. Esmaltea azazkalean barreiatu eta gero disolbatzailea lurruntzen da, baina ez da filma osatzen, urrats bat gehiago burutu behar da: argi ultramorea jarri behar da. Argiak fotohastarazlea aktibatzen du eta horrela erreakzio kimikoa hasten da, non metakrilato monomeroak bata bestearekin lotzen diren eta polimero kate luzeak osatzen dituzten. Behin prozesua amaituta, film solido iraunkor bat osatzen da azazkalaren gainean.
Esmalteen ezaugarri garrantzitsuenetarikoa kolorea da. Horretarako zenbait pigmentu erabiltzen dira: pigmentu inorganikoen artean burdin oxidoa dago, kolore gorri eta laranja ematen duena, edota burdin ferrozianuroa, kolore urdina ematen duena. Pigmentu organikoei dagokienez, berriz, elikagaietan erabiltzen direnen antzekoak dira. Badaude kolore bereziak dituzten esmalteak ere: perla moduko kolorea lor daiteke esmalteari titanio dioxidoa edo mika xehatua gehituz. Zenbait kasutan purpurina ere gehitzen da.
Badaude esmalte ikusgarriagoak; esaterako, inguruko baldintzen arabera kolorea aldatzen dutenak: termokromikoak, hau da, tenperaturaren arabera kolorea aldatzen dutenak, eta fotokromikoak, argiaren arabera kolorea aldatzen dutenak.
Azazkaletatik esmaltea kentzeko orduan, zenbait disolbatzaile erabiltzen dira filma disolbatzeko. Produktu hauek ezin dira oso lurrunkorrak izan azazkalean barreiatzean likido egoeran iraun eta polimeroa disolbatu ahal izateko. Gainera, ez dute inguruko azalean narriadura eragin behar. Gehien erabiltzen diren disolbatzaileak azetona, gamma-butirolaktona eta zenbait azetato dira, zenbait oliorekin batera; errizino-olioa edo lanolina, besteak beste. Produktu hauek oso erangikorrak dira esmalte arruntak kentzeko, baina ez gelezko esmalteen kasuan, haiek ezin baitira disolbatu. Azken kasu honetan, esmaltea limatu egiten da zuzenean, azazkaletik kentzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:
de Paula, Aislana Cole; Uliana, Fabrício; da Silva Filho, Eloi Alves; Luz, Priscilla Paiva (2025). Nail Polishes: A Review on Composition, Presence of Toxic Components, and Inadequate Labeling. Dermatology Research and Practice, 1, 6330337. DOI: 10.1155/drp/6330337
Morris, Elizabeth (2024ko apirilaren 11a). The science behind UV-cured gel nail products. The Nail Hub Blog.
Beck, Julie (2018). What fresh gel is this? The Atlantic.
Egileez:
Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.