Akuario batera joatea esperientzia zoragarria da edozein adinetan. Arrainak eta beste organismo urtar batzuk beren eremu naturalean nola bizi diren gertutik ikusteko aukerak txundituta uzten ditu publiko guztiak.
Jeanne Villepreux-Power (1794-1871) Frantziako naturalista autodidakta bat izan zen, eta bere zientzia esperimentu gehienak Messinan (Italia) egin zituen. Bertan asmatu zituen akuarioak, egun ezagutzen ditugun moduan, animalien bizimoduarekiko zuen jakingurari esker.
1794ko irailaren 25ean jaio zen Juillac komuna frantsesean, Akitania Berria eskualdean. Jatorri xumekoa zen, eta Frantziako Iraultzaren ondoko garairik zailenetako batean bizi izan zen. 18 urte zituenean, Parisera lekualdatu zen, eta Europako goi gizarteko bezeroak zituen jostun baten laguntzaile gisa aritu zen.

Siziliako printzesa batentzako eztei-jantzi bat egiten parte hartu zuenean, Jeannek James Power merkataria ezagutu zuen, eta harekin ezkondu zen 1818an Messinan.
Messina eta animaliekiko eta naturarekiko maitasuna
Italiako eskualde horretan bizi izan zen 20 urtez baino gehiagoz. Han hasi zen sentitzen naturarekiko erakarpena, eta modu autodidaktan prestatzeari ekin zion. Irlan zeharreko ibilbideetan ikusten zuen flora eta fauna guztia erregistratzen eta deskribatzen hasi zen. Mineralak, fosilak eta tximeleta eta maskorren espezie ezberdinak ere jaso zituen.
Baina Jeannek gehien maite zuena animaliak ziren. Eta horietan kuttunenak izaki urtarrak zituen. Horrexegatik, hain zuzen ere, asmatu zuen horiek gertutik aztertu ahal izateko modua.
Itsas munduarekiko lilurak bultzatuta, akuarioak asmatu zituen, itsas zientzien garapenerako oinarrizko tresnetako bat. Izan ere, espazio horietan espezieen portaerari buruzko ikerketak egin daitezke —aske bizi direnean ezinezkoa dena—, eta animalien ongizatean eta kontserbazioan hobekuntzak aplika daitezke.
Jeannen akuario motak
Jeannek hiru akuario mota sortu zituen: lehena kristalezkoa zen, bere bulegoan bertan zeukan eta egun ezagutzen ditugunen antzekoa zen; bigarrena ere kristalezkoa zen, baina sareta batek inguratzen zuen, itsasoan sartu eta molusku txikiak ikertu ahal izateko; eta, azkena, molusku handientzako kaiola bat zen, sakontasun jakin batean aingura zitekeena.
Baina, akuarioak asmatzeaz gain, tresna horien erabilera handienetako bi ere aurkitu zituen: horien bidez itsas fauna eta haren portaera aztertu ahal izan zituen, baina haztegi gisa ere erabili zituen, ia desagertuta zeuden arrainekin errekak birpopulatzeko.
Gazte frantziarrak moluskuak ikertu zituen nagusiki, batez ere Argonauta argo zefalopodoa. Bere miaketa lan nekaezinari esker, deskubritu zuen animalia horrek bere maskorra fabrikatzen duela bere gorputza estaliz, eta ez maskorra beste animalia batzuengandik hartuta, ordura arte uste zen moduan.

Argitalpenak eta legatua
Ospe handia lortu zuen eginiko ikerketengatik. Izan ere, 1832az geroztik, Cataniako Natur Zientzien Akademiako lehen emakumea —eta bakarra— izan zen. Kide korrespontsala ere izan zen beste 17 akademiatan, Zoological Society of London barne. Azken hori Jeannek Italian gauzatzen zituen lanen hartzailea zen.
1839an, bere lehen liburua argitaratu zuen, Observations et expériences physiques sur plusieurs animaux marins et terrestres, non bere esperimentuetako emaitza asko bildu baitzituen. Hiru urte geroago, bigarren liburua argitaratu zuen, Guida per la Sicilia, irlako ingurumenaren deskribapen xehatua.
Baina, liburu horrek, Siziliako natura deskribatzeaz gain, kontserbaziorako ekarpen gisa ere balio izan zuen, jasotzen zituen iradokizunei esker. Liburuari esker, halaber, eskualdeko akuikulturaren oinarriak finkatu ziren: gomendatu zen arrainak harrapatu eta elikatzea uretan berriro sartzeko tamaina lortu arte, eta gero horiekin errekak birpopulatzea.
Naturalista eta senarra 1843an joan ziren Siziliatik, Paris eta Londres artean bizitzeko. Tamalez, bidaia horietako batean, Jeanneren bildumaren zatirik handiena —oharrak eta marrazkiak, adibidez— zeraman itsasontzia hondoratu egin zen Erresuma Baturako bidean, eta material hori guztia galdu egin zen.
1870eko iraila eta 1871ko urtarrila bitartean, Parisko gertakari historiko zailenetako bat jazo zen: Prusiako Erresumako armadak hiria setiatu zuen. Horren ondorioz, hiritik alde egin eta Juillac bere sorterrira itzuli zen; eta han zendu zen urte batzuk geroago.
Jeanne Villepreux-Power eta bere obra ezezagunak izan ziren mende batez baino gehiagoz, bere eskuizkribu, bilduma eta ohar asko itsasoan galdu ondoren. Hala ere, XX. mendearen azken urteetan, Jeannen figura eta akuariofilian izan zuen funtsezko rola aldarrikatu ziren. 1995ean, Messinako Sozietate Historikoak Jeanneren bigarren liburua argitaratu zuen berriro, eta 1997an, Artizar planetako krater bati bere izena jarri zioten.
Iturriak:
- Association Jeanne Villepreux-Power
- Rodríguez, Patricia (2014ko azaroaren 9a). La gran bióloga de los océanos. Principia.
- Jeanne Villepreux. Inventó los acuarios para estudiar la fauna marina, Oceánicas.
- Manteca Vilanova, Francisco Javier (2023ko apirilaren 24a) ¿Por qué los acuarios ayudan a la supervivencia en libertad de delfines, belugas y otros mamíferos marinos?. The Conversation.
Egileaz:
Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 29an: Jeanne Villepreux-Power, una vida dedicada al estudio de la fauna marítima.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.