Gure lehengusu neandertalak

Zientziaren historia

Gizaki anatomikoki modernoak Eurasiara iritsi zirenean, Neandertalak aurkitu zituzten: sendoagoak, indartsuagoak eta klima hotzera moldatuagoak ziren lehengusuak. Ez dira gure arbaso zuzenak… edo agian bai? Teknologia nahiko sofistikatua zuten, Mousteriar kulturako harrizko tresnak, sua pizteko gaitasuna, arropa sinpleak, sendabelarrak erabiltzeko ezagutza eta janaria sukaldatzeko moduak. Baliteke pentsamendu sinbolikoa eta hizkuntza artikulatua ere izatea. Anatomikoki, ordea, ez ziren gu bezalakoak: bekoki atzeratua, sudur handiagoa eta kokotsik gabea zuten, baita argi gutxiko ingurura moldatuta zeuden.

Orain dela 40.000 urte inguruan desagertu ziren, baina zergatik ez dakigu ziur: Homo sapiensen presioa, populazio txikien isolamendua, klima-aldaketak edo sumendi baten eztanda izan zitezkeen arrazoiak. Hala ere, guztiz desagertu ez ziren: gizaki modernoekin nahastu ziren eta gaur egungo europar eta asiarren genomaren % 3 inguru neandertalen jatorrikoa da. Gainera, Denisovarrekin egindako nahasketek are konplexuagoa egiten dute gure arbasoen sarea. Gaur dakigunez, gure arbasoak Afrikatik atera eta beste giza taldeekin gurutzatu ziren, giza historia korapiloz betetako sare handia bilakatuz.

“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.