Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak hamabost urte bete ditu eta aro berri bati ekin dio, 2010ean sortu zenean finkatutako misiotik abiatuta: herritarren kultura zientifikoa sustatzea gizarte demokratikoago baterantz aurrera egiteko. Gaur, konpromiso hori zabaltzen da. Zientzia gizartearen txoko eta ertz guztietara hurbildu nahi dugu, ezagutza ahalik eta jende gehiagorentzat eskuragarri eginez martxan jarriko ditugun ekimenen bitartez.
Ibai baten delta izan nahi dugu: gizartea bere aniztasun osoan bustiko duen ezagutza-bidea, adar ugari dituen ezagutzaren ibilgua. Erdiguneetara mugatu beharrean ertzetara ere iritsiko dena, zientziarekin hain lotuta ez dauden espazioetara isuriko dena. Ezagutza lurralde horietara (lurralde geografikoak, sozialak eta kulturalak) eramatea ez da erronka logistiko bat bakarrik: dibulgazio inklusiboago, bidezkoago eta eraldatzaileago baten aldeko apustu etikoa da.

Kultura zientifikoaren hedapena ezin da mugatu espazio akademiko, digital edo hiritar nagusietara. Iritsi nahi dugu zaurgarritasun-egoeran bizi direnengana, teknologiarik erabiltzen ez dutenengana, dibertsitate funtzionalak dituztenengana edota hirigune handietatik urrun dauden auzo, herri edo inguruneetan ere bizi direnengana. Azken finean, ezagutzaren ohiko kanalen bidez iristen ez direnenganaino. Eta txoko eta ertz horietara hurbildu nahi dugu, ez keinu puntual gisa, baizik eta kultura zientifikoaren difusioari dimentsio berri bat emateko.
Horregatik, ikuspegi irisgarri eta multikanal baten aldeko apustua egiten dugu, askotariko publikoengana iristeko aukera emango diguna: gure blogetatik (Zientzia Kaieran, Cuaderno de Cultura Científica, Mujeres con ciencia eta Mapping Ignorance) ikus-entzunezko plataformetara; gure sare sozialetatik zientzia-dibulgazioko jarduera presentzialetara; herri eta hirietako plaza eta kaleetatik kultura-zentroetara. Helburua da, dagoeneko finkatuta dauden espazioei eusteaz gain, hain ohikoak ez diren beste lurralde batzuetara irekitzea. Zientziak errealitate ezberdinekin jarrera hurbil eta ireki batetik hitz egin dezakeela erakusten digute Bilbo Zientzia Plaza edo Zientzia Kalean bezalako proiektuek, betiere zorroztasunari uko egin gabe.
Eskala aldatu
Hiri-kapitalen gailentasunarekin hautsi egiten dugu eta apustu egiten dugu inpaktu kuantitatibotik haratago neurtzen den zientziaren komunikazioaren alde, kontuan hartuz pentsamendu kritikoa, gizarte-kohesioa eta parte-hartze aktiboa sustatzeko duen gaitasuna ere. Jakintzaren transmisioari eta zientzia-prestakuntzari esker, norbanakoaren eta taldearen ongizatean lagunduko duen kultura zientifikoa; entzun, behatu eta ikasiko duena. Eta normalean iristen ez den txoko horietara iristea ere lortuko duena.
Horretarako, jauzi bat egin behar dugu: egiten duguna eskuragarriago bihurtu, edukian eta erabiltzen ditugun formatuetan eta espazioetan. Zientzia, edonon egon arren, ez baita oraindik eskuragarri denontzat. Hala azaldu du Emily Dawson University College of Londoneko Zientzia eta Teknologia Ikasketen Saileko ikertzaileak FECYTeko “Hacia una comunicación inclusiva de la ciencia: Reflexiones y acciones de éxito” argitalpen digitalean (11. or.).
“Oraindik ere, zientziaren komunikazioa talde pribilegiatuentzako baliabide eta jarduera multzo bat da. Pertsona bat hiri batean bizi bada, aberatsa bada eta goi-mailako ikasketak baditu, aukera gehiago izango ditu zientziaren komunikazio-jardueretan parte hartzeko, museoetan, jaialdietan, hitzaldi zientifikoetan edo antzeko jardueretan”.
Hau da, komunikazio zientifikoak eremu esklusiboa izaten jarraitzen du; gure ardura da, beraz, zabaltzea eta benetan inklusibo egitea.
Zientzia inklusiboa eta eraldatzailea
Bere sorreratik, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak zeregin aktiboa izan du kultura zientifikoa oinarri demokratiko gisa aldarrikatzeko. Fase berri honek sendotu eta zabaldu egin nahi du ondare hori. Kultura zientifikoa eguneroko paisaia kulturalaren parte izatea sustatu behar dugu, baina beste urrats bat ere egin behar dugu gero eta jende gehiagorengana iristeko. Orain, ekarpena egin nahi diegu berdintasunari, justizia sozialari eta ongizate kolektiboari ere.
Asmo horrek ahalegina eskatuko digu inguruko eragile sozial, teknologiko eta kulturalekin lankidetzari eusteko, eta hura indartzeko eta zabaltzeko du, ezagutzaren komunikazio inklusiboaren alde elkarrekin lan eginez eta elkarlana zabalduz, BRTA aliantza bezalako zentro teknologikoekin, zein Zientziaz Blai bezalako ekimenekin edota Irakurketa Erraza Euskadi, Zientziaren Giltzak edo ZarautzOn bezalako elkarteekin, zientzia askotariko publikoei hurbiltzeko.
Etorkizuneko zientziak ekitatiboa eta inklusiboa izan behar du, inor atzean utzi gabe generoari, lurraldeari, dibertsitate funtzionalari, kulturari edo sexu-joerari lotutako arrazoiengatik. Ez da nahikoa egotea: ezinbestekoa da gure ekimen eta proiektuen irisgarritasuna sustatzea eta bermatzea, pertsona, kolektibo eta publiko guztiengana iritsi ahal izateko. Zubia izan nahi dugu herritarrak askotariko diziplina zientifikoetako profesionalekin lotzeko; sinergiak sortu nahi ditugu ezagutza gizartean zabaltzeko balio duten tresna erabilgarriak garatzeko, biztanleriaren ongizatean benetako eragina izan dezaten, balio erantsia ekar dezaten.
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea da.