Hesteetako osasun txarrak odoleko minbizia izateko arriskua handitzen du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gero eta hobeto dakigu gurekin bizi diren mikroorganismo sinbionteek hainbat modutara eragin diezaioketela gure osasunari. Horren adibide nagusia bihurtu da burmuinaren eta hesteen arteko ardatza, baina gero eta elkarreragin gehiago aurkitzen ari gara eta etengabe heltzen zaizkigu berriak mikrobiotak gure gorputzeko zenbait sistema eta aparaturekin duen harremanaren inguruan.

Oraingoan Agarwal-ek eta kolaboratzaileek Ameriketako Estatu Batuetako Ospitale Pediatrikoan egindako lanak piztu du komunitate zientifikoaren interesa. Jakina da odoleko zelulak hezur-muinean sortzen direla eta guztien jatorria Zelula Ama Hematopoietikoa (ZAH) dela. ZAHak hezur-muinean daude eta, gorputzak odoleko zelula gehiago behar dituenean, zatitu egiten da eta zelula hauek sortzen ditu. Zahartzean, denboraren poderioz ZAH batzuek mutazioak metatzen dituzte eta gerta daiteke mutazioren batek abantaila ematea mutatutako ZAH zehatz bati. Abantaila honi esker ZAH mutatuak azkarrago hazteko gaitasuna bereganatzen du eta mutazioa helarazten die bere ondorengo odoleko zelulei, fenomeno honi hematopoiesi klonala deitzen zaio.

odoleko
Irudia: ikertzaile estatubatuarrek hematopoiesi klonalean sakondu zutenean, harreman zuzena aurkitu zuten Hesteetako Hanturazko Gaixotasunarekin (HHG). (Argazkia: Karola G – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Hematopoiesi klonala duten pertsonek arrisku handiagoa izaten dute odoleko minbizi bat garatzeko. Uste da fenomeno hau duten pertsonengan % 1 handitzen dela odoleko minbizi bat sortzeko probabilitatea. Izan ere, gehiago hazteko aukerarekin batera beste mutazio batzuk jasateko aukera handiagoa izaten dute eta zelula pre-leuzemiko bihurtzen dira; hau da, leuzemia sortzeko zorian dauden zelulak; aldaketa txiki batek minbizi-zelula izatera bultza ditzakeen zelulak.

Ikertzaile estatubatuarrek hematopoiesi klonalean sakondu zutenean, harreman zuzena aurkitu zuten Hesteetako Hanturazko Gaixotasunarekin (HHG). HHGaren kasuan gaixoak hantura kronikoa izaten du hesteetan eta, ondorioz, kaltetu egiten da haiek estaltzen eta babesten dituen epitelioa. Epitelioa kaltetzean, galdu egiten du argiarekin muga egiteko duen gaitasuna eta gorputzera igarotzen dira hainbat elementu. Ikusi denez, igarotzen diren gauzen artean mikrobiotako bakterio gram-negatiboak daude. Bakterio hauek ADP-heptosa izeneko molekula sortzen dute eta molekula hau HHG duten gaixoen odolean agertzen da. ADP-heptosa bakterio gram-negatiboek sortzen dute eta, sistema immunea pizteko gaitasuna izateaz gain, gai da ugaztunen zelulen mintza zeharkatzeko eta zelulen barruan sartzeko. Zelula barruan ADP-heptosak ALPK1 entzima aktibatzen du eta kaskada-erreakzio bat sortzen da zelularen nukleoraino heltzen dena eta, azkenik, azkartu egiten da ziklo zelularra.

Bakterio gram-negatibo hauek odolean sartzen direnean gorputzeko edozein txokotara heltzeko gai dira, eta haiek sortzen duten ADP-heptosarekin berdin pasatzen da; beraz, edozein zelularen hazkuntza bultza dezakete; baina ikusi da eragin hau oso esanguratsua dela hezur-muinean. Aurrez mutazioak izan dituzten ZAHak­­ −hau da, hematopoiesi klonala izan dutenak− ADP-heptosarekin kontaktuan jartzen badira, nabarmen igotzen da zatitzeko gaitasuna mutaziorik ez duten ZAHekin alderatuta eta, ondorioz, asko handitzen da mutatuta daudenak proportzioan gailentzeko arriskua.

Ikerketa honek, mekanistikoki zein klinikoki bi gaixotasunen arteko harreman zuzena deskribatzeaz gain, aukera ematen digu prebentzioan aurrerapauso garrantzitsu bat emateko. Odolean neurtu dezakegun ADP-heptosak lagundu egin dezake odoleko minbiziak sortu baino lehen aurreikusten eta etorkizunean sor daitezkeen tratamenduak baliagarriak izan daitezke minbizi mota hau hasierako fasean osatzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Agarwal, Puneet; Sampson, Avery; Hueneman, Kathleen; Choi, Kwangmin; Jakobsen, Niels Asger; Uible, Emma; Ishikawa, Chiharu; Yeung, Jennifer; Bolanos, Lyndsey; Zhao, Xueheng; Setchell, Kenneth D.; Haslam, David B.; Galloway-Pena, Jessica; Byrd, John C.; Vyas, Paresh; Starczynowski, Daniel T. (2025). Microbial metabolite drives ageing-related clonal haematopoiesis via ALPK1. Nature, 642, 201–211. DOI: 10.1038/s41586-025-08938-8

Jaiswal, Siddhartha; Fontanillas, Pierre; Flannick, Jason; Manning, Alisa; Grauman, Peter V.; Mar, Brenton G.; Lindsley, R. Coleman; Mermel, Craig H.; Burtt, Noel; Chavez, Alejandro; Higgins, John M.; Moltchanov, Vladislav; Kuo, Frank C.; Kluk, Michael J.; Henderson, Brian; Kinnunen, Leena; Koistinen, Heikki A.; Ladenvall, Claes; Getz, Gad; Correa, Adolfo; Banahan, Benjamin F.; Gabriel, Stacey; Kathiresan, Sekar; Stringham, Heather M.; McCarthy, Mark I.; Boehnke, Michael; Tuomilehto, Jaakko; Haiman, Christopher; Groop, Leif; Atzmon, Gil; Wilson, James G.; Neuberg, Donna; Altshuler, David; Ebert, Benjamin L. (2014). Age-related clonal hematopoiesis associated with adverse outcomes. N Engl J Med, 25, 371(26):2488-98. DOI: 10.1056/NEJMoa1408617


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.