Stanisława Nikodym, topologo ia ezezaguna

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Stanisława Nikodym matematiken arloan doktorego bat eskuratu zuen lehen emakume poloniarra izan zen. 1925ean lortu zuen, Varsoviako Unibertsitatean. Otto Nikodym matematikari ezagunarekin ezkondu zen; elkarrekin lan egin zuten eta elkarri lagundu zioten askotariko ikerketetan. Hala ere, Stanisławak topologiaren esparruan eginiko lanak ia ezezagunak dira.

Stanisława
1. irudia: Stanisława Liliental matematikaria (1916). (Iturria: Mujeres con Ciencia).

Haurtzaroa eta gaztaroa

Stanisława Dorota Liliental 1897ko uztailaren 2an jaio zen Varsovian. Regina Gitla Eiger (1877-1924) etnografo, itzultzaile eta kazetari eta Natan Nuchim Liliental (1868-1927) bankuko agente senar-emazte judutarren hiru seme-alabetatik nagusiena izan zen.

Bere amak, Reginak, Uniwersytet Latający (Flying University) hezkuntzako instituzioan ikasi zuen. Ezkutuko instituzio hori 1885 eta 1905 artean egon zen martxan garai hartan Errusiar Inperioaren menpe zegoen Varsovian. Instituzioaren helburua honako hau zen: goi-mailako hezkuntza “ofizial”-era sarbiderik ez zuten poloniar gazteei, bereziki emakumeei, hezkuntza eskaintzea. Han ikasi zuten, halaber, Maria Skłodowska-Curiek (1867-1934) eta horren ahizpa Helena Skłodowska- Szalayk (1866-1961).

Helena Szalay zen Stanisława sei urtez joan zen Lehen Hezkuntzako eskolako zuzendaria. Aurrerago, Liliental gazteak Bigarren Hezkuntzako zazpi urte ikasi zituen emakumeentzako institutu pribatu batean. Garai hartan hasi zen Lehen Mundu Gerra. Varsovia, garai hartan, Errusiar Inperioak kontrolatzen zuen Poloniako eremuan zegoen, eta hala egon zen 1915eko abuztuaren 5era arte, tropa alemanek Varsovia hartu zuten arte. Urte berean, alemanek baimena eman zuten Varsoviako Unibertsitatea irekitzeko, poloniera irakasteko; eta, lehen aldiz, emakumeek baimena izan zuten unibertsitatean ikasteko.

Unibertsitate ikasketak

Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitu ondoren, 1916ko urriaren 18an, Varsoviako Unibertsitateko Filosofia Fakultatean sartu zen Stanisława. Matematikak ikasi zituen, eta matematikari nabarmenek emandako ikastaroetan izan zen: Stefan Mazurkiewicz (1888-1945), Zygmunt Janiszewski (1888-1920), Wacław Sierpiński (1882-1969), Samuel Dickstein (1851-1939) edo Jan Łukasiewicz (1878-1956), besteak beste. Horiek guztiek aurkeztu zizkioten gerora interesatuko zitzaizkion gaiak, hala nola topologia, eta bereziki continuumak (espazio topologiko konexu eta trinkoak), planoa deskonektatzen dutenak. Hain zuzen ere, hori izan zen bere doktorego tesiaren gaia.

1918ko azaroaren 11ko armistizioa eta gero, gerra amaitu zen, baina tropa alemanek Poloniaren zati handi bat okupatzen jarraitzen zutenez, Poloniako armadako kideak altxatu egin ziren Polonia independentea lortzeko eta Stanisławak ikasketak utzi zituen 1918-19 ikasturte akademikoan, Poloniako armadako errekrutei matematikak irakasteko. Aurrerago, Varsoviako Unibertsitatera itzuli zen ikasketak amaitzeko.

Stanisławak 1923ko udako oporrak Zakopanen igaro zituen, Tatra mendien behealdean dagoen bainuetxe hiri batean. Matematikari poloniar askok han igarotzen zuten udako atsedenaldia; elkarrekin matematikei buruz eztabaidatzeko aukera paregabea zen. Han ezagutu zuen Stanisławak Otto M. Nikodym (1887-1974) matematikaria. 1924an ezkondu ziren, eta hortik aurrera Stanisława Nikodym izena hartu zuen.

Doktoregoa eta horren osteko ikerketa

Stefan Mazurkiewiczen zuzendaritzapean egin zuen Stanisławak doktorego tesia. 1925eko ekainaren 26an lortu zuen doktoregoa, O rozcinaniu płaszczyzny przez zbiory spójne i kontinua (Multzo konexu eta jarraituen bidezko planoaren ebaketei buruz). Matematiketan doktoregoa eskuratu zuen lehen emakume poloniarra izan zen.

Nikodym bikotea Krakoviara lekualdatu zen geroago, Ottok lana lortu baitzuen Jagellondar Unibertsitatean.

Poloniako gobernuak Parisen ikasteko finantzaketa eman ondoren, Stanisławak eta Ottok Sorbonan ikasi zuten 1926-27 ikasturte akademikoan. Ahal izan zuten moduan biziraun zuten, jasotzen zuten beka eskasa aintzat hartuta. Stanisławak lanean jarraitu zuen lokalki konexuak diren continuumei buruzko ikerketak argitaratzen.

1930ean, Nikodym bikotea Varsoviara itzuli zen. Stanisława Franciszek Lejaren (1885-1979) laguntzaile aritu zen Varsoviako Politeknikoan, Leja 1936an Krakoviara joan zen arte. Garai hartan, argitaratzen jarraitu zuen, eta matematiken bi liburu idatzi zituen (horietako bat Ottorekin batera), gerora berrargitaratuko zituztenak. 1936tik aurrera, zenbait lan egin zituen argitaletxe batentzat, baina ez zuen lan finkorik lortu.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, polizia sekretu sobietarrak Stanisławaren neba, Antoni (kimikaria eta Poloniako armarako ofiziala), hil zuen 1940ko Katingo sarraskian. Stanisława judua zenez, Nikodym bikoteak herrixka txiki batera egin zuen ihes. Han, matematika eskolak ematen zizkieten haurrei janariaren eta aterpearen truke.

1944ko Varsoviako altxamenduan, Nikodym bikoteak ondasunak galdu zituen, hala nola argitaratu gabeko zenbait obra matematiko.

Stanisława
2. irudia: Otto eta Stanisława Nikodym Kenyonen (Estatu Batuak), kide matematikari batzuekin. (Iturria: Mujeres con Ciencia).

Azkenik, Europan zeharreko zenbait bidaiaren ostean, Estatu Batuetara emigratu zuten 1948an, eta Ohion finkatu ziren. Matematika irakatsi zuten biek Gambierreko Kenyon Collegen, Ottro irakasle gisa eta Stanislawa irakasle atxiki gisa aritu ziren. Garai hartan, Stanisławak bi artikulu besterik ez zituen argitaratu, biak Ottorekin batera.

1965ean, Stanisława eta Otto erretiratu eta Utikara (New York) lekualdatu ziren. Otto Nikodym 1974ko maiatzaren 3an zendu zen. Stanisława Poloniara itzuli zen eta 1988ko martxoaren 26an hil zen, bere sorterrian.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko uztailaren 4an: Stanisława Nikodym, una topóloga prácticamente desconocida.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.