Farmazia komunitarioaren eta lehen mailako arretaren integrazioa Euskal Herrian: aliantza estrategiko bat

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gaur egungo osasun sistemek hainbat erronkari aurre egin behar diete, hala nola biztanleriaren zahartzearen eraginei, gaixotasun kronikoen gorakadari edo antimikrobianoen aurkako erresistentzia geroz eta handiagoei. Erronka hauek osasun sistemen fragmentazioa eta koordinazio falta nabarmentzen dituzte, eta pazienteei kalitatezko osasun arreta emateko zailtasunak sortzen dituzte.

Zailtasun hauei aurre egiteko, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun sistemak integratzeko beharra azpimarratu du, (1) pazienteak zaintzeko zerbitzuen koordinazioan; (2) diziplina anitzeko taldeak integratzeko politikak diseinatzean; (3) osasun zerbitzuen eskaintzen ebaluazioan eta gaixoen jarraipenean; (4) osasun esparruaren eta esparru sozialaren arteko koordinazioan; (5) baloreen eta kulturaren sustapenean; (6) informazioa partekatzeko sarbidea hobetzean; eta (7) tokiko zerbitzuei laguntzen jarduten baitu. Horretarako, osasun profesionalen arteko lankidetza estuagoa bultzatzea eta arreta jarraitu eta kalitatezkoa eskaintzea bermatzea beharrezkoa da.

lehen mailako
Irudia: antza denez, zientziak ebatzi egin du zebrak zuriak ala beltzak diren. (Argazkia: hosnysalah – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Hala ere, osasun sistemaren integrazio ahaleginetan baliabide baliotsu bat alde batera uzten da askotan, farmazia komunitarioa dena. Hau, osasun sistemaren sarbide puntu nagusietako bat da, eta bere integrazioa lehen mailako arretarekin diziplina anitzeko talde baten, pazientearen osasun emaitzak hobetzen lagundu dezake. Nahiz eta aurreko mendearen amaierara arte farmazia oro har sendagaien dispentsazioan zentratzen bazen ere, azken urteotan eraldaketa nabarmena izan du. Izan ere, farmazia, gaur egun, pazientearengan zentratuago dagoen ikuspegi baterantz eboluzionatzen ari da, Farmazia Zerbitzu Profesional Asistentzialen, arreta farmazeutikoaren eta tratamenduen indikazioaren bidezko osasun arreta eskainiz.

Ildo horretan, osasun hezkuntza eta gaixotasunen prebentzioko kanpainak egiten ditu, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) metadona bidezko mantentze programetan eta GIBa edo sifilisa bezalako gaixotasunen detekzio goiztiarrean. Hala ere, nahiz eta pazienteekiko arreta hobetzeko potentzial handia duen, lehen mailako arretan duen parte hartzea oraindik murritza da. Dena den, gauzak aldatzen ari dira, izan ere, 2024ko martxoaren 25ean sinatu zen farmazia itunean, berariaz esaten da: “Itun honek farmazia bulegoak Osasun Sisteman integratzen ditu eragile laguntzaile gisa gainerako arreta mailekin koordinatuta”.

Farmaziak autonomia erkidego osoan banatuta daude, herritar guztien eskura daude, osasun publikorako funtsezkoa izan daitekeena. Gainera, osasun zentroetako profesionalekin lankidetzan, farmaziak prebalentzia altua duten gaixotasun kronikoak modu eraginkorrean kudeatzen lagundu dezaketela frogatu da, tratamendu erregimenak optimizatuz, pazientearen heziketan eraginez eta pazientearen medikamentuekiko atxikimendua hobetzeko jarraipen pertsonalizatua eskainiz. Honek guztiak iradokitzen du farmazia komunitarioaren integrazioa aukera handiak eskaintzen dituela osasun sistemaren baliabideak optimizatzeko eta eraginkortasuna eta emaitzak hobetzeko.

Artikulu honetan, farmazia osasun sisteman eraginkortasunez integratzeko harreman interprofesionalek bete behar dituzten baldintzak jorratzen dira. Hala, funtsezkoa da konektibitate ona, noranzko biko komunikazioa, adostasuna eta konfiantza ezartzea talde desberdinen artean. Funtsezkoa da, halaber, sektore bakoitzaren rol profesionalak aitortzea eta profesionalen arteko errespetua sustatzea. Bestalde, integrazioa gauzatzeko osasun sisteman inplikatuta dauden aktore desberdinek duten funtzioa azaltzen da artikuluan.

Azkenik, funtsezkoa da existitzen diren oztopoak gainditzea (kulturalak, testuingurukoak, finantzakoak, etab.), eta horretarako, farmazia eta lehen mailako arreta integratzeko plan bat ezartzea beharrezkoa da, gaur egun osasun sistemek dituzten erronkei erantzun berritzaile eta eraginkorra emateko.

Argi dago farmazia komunitarioa osasun sistemaren funtsezko eragilea dela, osasun zerbitzuen epe luzerako iraunkortasuna bermatzea susta baitezake. Bada garaia dauden oztopoak gainditzeko, sektore honen potentziala ezagutzeko eta pazientearengan zentratutako osasun arreta integralago baten bilaketan aliatu gisa baliatzeko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 47
  • Artikuluaren izena: Farmazia komunitarioaren eta lehen mailako arretaren integrazioa Euskal Herrian: Aliantza estrategiko ba.
  • Laburpena: Gaur egun, osasun-sistemek erronka konplexuei egin behar diete aurre, hala nola krisi sanitario globalei, presio ekonomiko eta sozialei, edo arreta sanitarioaren eskaeraren etengabeko handipenari. Lehen mailako osasun-arreta funtsezkoa da erronka horiei aurre egiteko, baina osasun-arretaren zenbait zerbitzutan dagoen fragmentazioak zaildu egiten du koordinazio asistentziala. Osasun-arretaren integrazioa erronka hauei aurre egiteko estrategia gisa aurkezten da, osasun-sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetuko bailituzke. Testuinguru honetan, farmazia komunitarioa lehen mailako arreta indartzeko eta pazientearen koordinazio asistentziala hobetzeko gai den baliabide baliotsua izan daiteke. Herritarrengandik hurbil eta eskuragarri kokatuta dagoenez, farmaziak funtsezko zeregina izan dezake osasunaren sustapenean, gaixotasunaren prebentzioan, osasun-arazoen detekzioan, gaixotasun kronikoen kudeaketan eta osasun-sistemetan erabilgarri dauden baliabideen optimizazioan. Farmaziak ikuspegi asistentzialago baterantz izan duen bilakaerak azpimarratu egitren du lehen mailako arretan ekarpen nabarmena egiteko duen ahalmena, sendagaiak emateaz haraindiko zerbitzu sorta zabala eskaintzen baitu. Gainera, farmazialariek sendagaien inguruko prestakuntza zabala dute; beraz, lehen mailako arretarekin modu eraginkorrean integratuz, farmazia komunitarioek pazientearen osasun-arreta hobea eskaintzen lagundu dezakete, eta horrek aukera ematen du tratamendu-erregimenak optimizatzeko, tratamendu farmakologikoekiko atxikipena hobetzeko, alferrikako bisita medikoekin lotutako kostuak murrizteko eta osasun emaitza hobeak lortzeko. Hala ere, farmazia komunitarioa eta lehen mailako osasun-arreta integratzeko, beharrezkoa izango da jarduera-protokolo bateratuak ezartzea, rol argiak definitzea eta inplikatutako eragile guztien parte hartze aktiboa bermatzea. Integrazioa lortzeko, ezinbestekoa da gaur egun dauden oztopo kulturalak gainditzea, farmazia komunitarioak pazienteari zuzendutako osasun-arreta integrala hobetzen lagun dezan bere asistentzia-gaitasuna baliatuz. Artikulu honen bidez, eztabaida piztu nahi da komunitate zientifikoan farmazia komunitarioa osasun-sisteman integratzeko beharrari eta aukerari buruz.
  • Egileak: Amaia Urionagüena, Miguel Ángel Gastelurrutia, María Ángeles Solinís Aspiazu, Arantxazu Isla Ruiz, Ana del Pozo Rodríguez eta Begoña Calvo Hernáez
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 57-73
  • DOI: 10.1387/ekaia.26262

Egileez:

Amaia Urionagüena eta Begoña Calvo Hernáez EHUko farmazia fakultateko Pharmacy Practice Research ikerketa-taldeko eta Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.

Miguel Ángel Gastelurrutia EHUko farmazia fakultateko Pharmacy Practice Research ikerketa-taldeko eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko ikertzailea da.

María Ángeles Solinís Aspiazu, Arantxazu Isla Ruiz eta Ana del Pozo Rodríguez EHUko farmazia fakultateko Pharmacy Practice Research ikerketa-taldeko, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa ikerketa-taldeko eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko Mikrobiologia, Gaixotasun Infekziosoak, Antimikrobianoak eta Gene Terapia taldeko ikertzaileak dira


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.