Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) osasun-eremu ezberdinetan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek pairatu ditzaketen infekzioak dira. Infekzio hauek ez dira gaixoetan azaltzen bakarrik; osasun-langileei, bestelako langileriari eta gaixoen bisitariei ere kalte egin diezaiekete. Infekzio hauen ondorioz, gaixoen morbilitatea eta heriotza-tasa areagotu egiten da eta, aldi berean, antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta kostu ekonomikoak handitu egiten dira. Europa mailan %5,7k (3,2 milioi pertsona) pairatzen du honelako infekzioa urtero eta Espainian osasun-zentro berean izandako infekzio nosokomialen prebalentzia %6,2koa da. Urteetan zehar OAEI mota ohikoenen hurrenkera aldatzen bada ere, Espainian infekziorik usuenak kokapen kirurgikoko infekzioak dira, arnasbidekoak, gernubidekoak eta bakteriemiak jarraiki.
Mikroorganismo ezberdinek eragin ditzakete infekzio mota hauek, baina bakterioak dira ugarienak. Horien artean kezka gehien sorrarazten dutenak antimikrobianoen aurkako erresistentziak garatu dituztenak dira, metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus bakterioa (MRSA), zefalosporinekiko edo karbapenemikoekiko erresistenteak diren enterobakterioak edota bankomizinarekiko erresistenteak diren enterokokoak, besteak beste. Mikroorganismo horiek eragindako infekzioak larriak eta sendatzeko zailak izateaz gain, osasun-eremuetan pertsona batetik bestera hedatzeko erraztasun handia dute.
Paziente batek osasun-eremuan OAEIa garatzeko faktore ezberdinen arteko elkarreragina egon behar da, esate baterako, gaixoaren berezko arrisku-faktoreak, antimikrobianoen erabilera, ospitaletako edo egoitzetako egonaldiaren iraupena eta prozedura inbaditzaileen eragina. Esate baterako, zain barneko kateterra, gernu-kateterra edo aireztatze mekanikoa bezalako gailuek edota diagnostikorako edo tratamendurako beharrezkoak diren bestelako prozedura inbaditzaileek (zain barneko tratamenduak, biopsiak, endoskopio bidezko azterketak, etab.), pazientearen azal eta mukosetako babesak ahuldu egiten dituzte, mikroorganismoen sarrera erraztuz.
Aipaturiko infekzioak murrizteko osasun-eremua ahalik eta garbien mantentzea funtsezkoa da, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen transmisioa gutxitzeko neurriak hartzea. Hori dela eta, OAEIen zaintza eta prebentziorako neurriak aurrera eramatea funtsezkoa da ahalik eta paziente gutxiena kaltetzeko. Neurri horiek infekzioaren kate epidemiologikoaren elementuak moldatzera bideratuta daude, hau da, mikroorganismo eragilearen gordelekua, transmisio-mekanismoa eta populazio gaixokorra. OAEIak eragiten dituzten mikroorganismoen gordelekua gizakia (pazienteak, osasun-langileak, bisitariak) edo ingurugiroa (objektuak edo fomiteak, gainazalak, airea, ura) izan daitezke. Infekzio nosokomialen transmisio-mekanismoak, aldiz, aire bidezkoa, tanta bidezkoa eta kontaktu bidezkoa dira. Azken hau ospitale eta bestelako osasun-eremuetan mikroorganismoak transmititzeko biderik ohikoena da eta, batez ere, kutsatutako eskuen bidez gertatzen da. Populazio gaixokorrari dagokionez, pazientearen osasun-baldintzek, hala nola, zahartzaroa, immunodepresioa, diabetesa, neoplasia gaiztoa etab. indargetu egiten dute gaixoaren osasun-egoera, infekzioaren aurrean sentiberagoa bilakatuz.
OAEIak prebenitzeko neurriak, beraz, lau taldetan sailka daitezke: neurri estandarrak, transmisio-bidearen araberako neurriak, osasun-eremuaren ingurumeneko neurriak eta infekzioen kontrola eta zaintzarako prozedura espezifikoak. Horien artean, eskularruak, maskarak edo mantala jartzea dago; airearen edo ur laginen kontrol mikrobiologikoa; osasun-tresneriaren desinfekzioa eta esterilizazioa; elikagaien eta hondakinen kudeaketaren gainekoak; gaixoen eta osasun-langileen txertoen bidezko immunizazioa edo antibiotikoen bidezko profilaxia. Baina neurri horietatik garrantzitsuena eta mundu-mailan hedatuta dagoena osasun-profesionalek, bisitariek eta baita pazienteek ere burutu behar duten eskuen higienea da, hori baita infekzio hauek murrizteko ekintzarik eraginkorrena, Munduko Osasun Erakundeak aipatzen duen moduan “Arreta garbia, arreta seguruagoa” kanpainan.
Estatu eta autonomia-erkidego ezberdinetan osasun-zainketa ezberdinen eta mikroorganismoen hedapena murrizteko prozeduren jarraipena egiten da OAEIak prebenitzeko helburuarekin. Horrez gain, antimikrobianoen aurka erresistenteak diren edota populazioan erraz hedatzen diren infekzioen eragile ezberdinen zaintza egiten da. Izan ere, infekzioak eragin ditzaketen mikroorganismo ohikoenak zeintzuk diren jakinik, horien transmisioa ekiditeko eta, horrela, infekzioen tratamendu egokiena aukeratzeko neurriak har daitezke.
Iturria
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola.
- Laburpena: Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) hainbat osasun-eremutan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek paira ditzaketen infekzioak dira. Infekzio hauek ez dira gaixoetan bakarrik azaltzen; osasun-langileei, bestelako langileriari eta gaixoen bisitariei ere kalte egin diezaiekete. Infekzio hauen ondorioz, gaixoen morbilitatea eta heriotza-tasa areagotu egiten da eta, aldi berean, antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta kostu ekonomikoak handitu egiten dira. Europa mailan % 5,7k (3,2 milioi pertsona) pairatzen du honelako infekzioa urtero eta Espainia mailan infekzio hauen prebalentzia % 4,8koa da. Espainian, OAEI usuenak dira gernubidekoa, arnasbidekoak, kokapen kirurgikoko infekzioak eta bakteriemiak. Mikroorganismo ezberdinak daude inplikatuak infekzio mota horietan, baina bakterioak dira ugarienak. Infekzioak murrizteko, funtsezkoa da osasun-eremua ahalik garbiena mantentzea, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen trans- misioa gutxitzeko neurriak hartzea. Hori dela eta, OAEIen zaintza eta prebentziorako neurriak aurrera eramatea funtsezkoa da ahalik paziente gutxiena kaltetzeko. Neurri horiek infekzioaren kate epidemiologikoaren elementuak moldatzera bideratuta daude eta lau taldetan sailka daitezke: neurri estandarrak, transmisio-bidearen araberako neurriak, osasun-eremuaren ingurumen neurriak eta infekzioen kontrol eta zaintzarako prozedura espezifikoak. Horien artean daude eskularruak, maskarak edo mantala jartzea; airearen edo ur laginen kontrol mikrobiologikoa; elikagaien kudeaketaren gainekoak; gaixoen eta osasun-langileen txertoen bidezko immunizazioa edo antibiotikoen bidezko profilaxia. Baina neurri horietatik garrantzitsuena eta mundu-mailan hedatuta dagoena osasun-profesionalek, bisitariek eta baita pazienteek ere burutu behar duten eskuen higienea da, hori baita infekzio hauek murrizteko ekintzarik eraginkorrena, Munduko osasun Erakundeak aipatzen duen moduan »Arreta garbia, arreta seguruagoa» kanpainan. OAEIak eragin ditzaketen mikroorganismo ohikoenak zeintzuk diren jakinik, horien transmisioa ekiditeko eta, horrela, infekzioen tratamendu egokiena aukeratzeko neurriak hobeto har daitezke.
- Egileak: Mikele Macho, Miren Basaras
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 25-44
- DOI: 10.1387/ekaia.20753
Egileez
Mikele Macho Basurtuko Unibertsitate ospitaleko Mikrobiologia kliniko eta Infekzioaren kontrolaren Zerbitzukoa da.
Miren Basaras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailekoa da.