Ana M. González Ramos Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) zientzialari titularra da Kordobako Gizarte Ikerketa Aurreratuen Institutuan (IESA). Hauek dira bere ikerlanen ardatzak: Osasunaren arloko Generoaren Dimentsio Soziala, diziplinarteko ikuspegi feminista batetik, eta nola androzentrismoak (subjektu maskulinoaren zentralitatea behaketa unitate unibertsal gisa) medikuntzan ezagutza zeharka ebaki eta emakumeen osasuna baztertuta utzi duen.
Espejo Internet. Ensayo sobre los trastornos de la conducta de la alimentación en la era de la información (Internet ispilua. Informazioaren garaiko elikadura-jokabidearen nahasmenduei buruzko saiaketa) bere liburuan (Icaria argitaletxea, 2021), elikadura-nahasmenduak lantzen ditu sare sozialetatik eta gizarte garaikidearen balio erreputazionaletatik abiatuta. «La dimensión social y de género en la salud y la medicina. El caso de las guías de salud como instrumento de atención biomédica» (Dimentsio soziala eta generoarena osasunean eta medikuntzan. Osasun giden kasua arreta biomedikoko tresna gisa) proiektuaren bidez, aztertu egiten du nola medikuntzaren erreferentziako baliabideek genero itsutasun hori islatzen duten. Egun, CSICen Soziologiari buruzko Nazioarteko Aldizkariko zuzendarikidea eta Valladolideko Unibertsitateko Soziologiari eta Teknozientziari buruzko aldizkariko zuzendariordea da.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire ezagutza eremua soziologia da. Soziologiaren barruan, hainbat ildo eta ikerketa galderatatik igaro naiz, baina beti orientatu ditut genero ikuspegitik (edo, egun esango litzatekeen moduan, genero ikuspegia gehitu diot jorratutako ikergaietako edozeini). Hau da, garunen ihesak eta nazioarteko mugikortasunak zientzia eta teknologiaren sistema espainiarra nola hobetzen zuten ikertzen ari nintzenean, nire ikuspegia izan da zein zailtasun izan dituzten emakumeek eta gizonek beren bikaintasuneko karrera profesionalak garatzeko orduan. Baita zer gertatzen den ikerketa programek edo herrialdeek zientzialarien bikoteen mugikortasuna sustatzen dutenean. Zer-nolako eragina duten emakumeen karrerek kasu horietan, ea beren bikotekideak diren bien bizitzetako une erabakigarri guztietan erabakia hartzen dutenak, lekualdaketei buruzkoak, adibidez, ere ikertu ditut. Nire ikerketa Interneti buruzko azterlanetan zentratu denean, horrek emakumeen bizitzan dituen eragin positiboak eta negatiboak jaso ditut, zer-nolako estereotipoak erreproduzitzen diren oraindik ere sare sozialetan (edertasun motak, nutrizioa, erreputazioa), eta ea eraldatzen eta desegiten ari garen genero kode tradizionalak.
Egun, osasunaren esparrura itzuli naiz. Esparru hori benetan maite dut, 90eko hamarkadaren erdialdean bekadun hasi nintzenetik Granadako Osasun Publikoaren Andaluziako Eskolan. CSICen, eta, zehatzago, Gizarte Ikerketa Aurreratuen Institutuan, Osasunaren Dimentsio Sozialari eta Genero Dimentsioari buruz ikertzen dut. Osasuna ikuspegi biomediko batetik aztertzen da, eta horrek, askotan, faktore sozialekin dituen interferentziak aztertzeko beharra bazter uzten du: Nahikoa da diabetesa kontrolatuko duen printzipio aktiboa ezagutzearekin? Ez litzateke arduratsuagoa izango haurren portaera ezagutzea gaixotasunaren garapena prebenitzeko?
Gizartearen antolaketaren eta ezagutza zientifikoaren beste alderdi batzuek bezala, osasunak eta medikuntzak ikuspegi androzentrikoa hartu dute. Ezagutza objektiboa partzialki eraikita dago, maskulinotik: ikertzailea, esperimentuak egiteko animalia, medikua… baina errealitatea, guztiz kontrara, konplexua eta orokortua da. Adibidez, farmako berri bat esperimentatzen baldin bada gizon talde batekin, antzeko ezaugarriak dituzten beste gizon batzuentzako dosi zehatza jakingo dugu, baina ez dugu jakingo, ordea, zer-nolako eragina duen farmako horrek emakume helduengan, nagusiengan edo gazte eta adingabeengan. Zientziaren oinarrizko printzipio hori, maiz, bazter utzi da. Horregatik esan ohi dugu medikuntzak ezagutza hutsuneak dituela emakumeei buruz, beste populazio batzuen artean. Gizonen eta emakumeen arteko alderaketa azpimarratzen dut, baina baita ikuspegi intersekzionala ere. Izan ere, haurdunaldiko arriskuak ez dira berberak auzo pobre bateko emakume beltz batentzat edo osasun baliabideak dituen emakume zuri batentzat.
Elementu historikoek, kulturalek, ingurumenekoek eta nutrizioari lotutakoek inguratzen dituzte biomedikuntzan kontrolatutako aldagaiak, eta baztertu ohi den azalpenezko indar handia dute. Horren erakusle garbia da gaixotasunen bilakaera: tabakismoa, egun, handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino; bai eta gauzatutako rol aldaketekin lotura duen arrisku kardiobaskularra ere. Gizarte aldaketak kode eta rol sozial berriak ekartzen ditu, eta horrek arriskuan jar gaitzake edo arriskutik babestu, adibidez, sexu-osasunari eta ugalketa-osasunari buruz kontzienteki erabakitzeko gaitasunari dagokionez.
Gizarte zientziek, osasunaren arloko dimentsio soziala eta genero dimentsioa aztertzeak, biomedikuntzari proposatzen dio laborategian kotatutako parametroez edo giza gorputzaren parametro estandarizatuez harago joatea.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Arrazoietako bat da txunditu egiten nautela gaiaren konplexutasunak eta zergatik jokatzen dugun jokatzen dugun moduan, kontzienteki, baina gidatzen gaituzten rol eta praktika inkontziente jakin batzuk islatuta.
Adibide historikoek aukera ematen digute emaitzarekin hain kritikoak ez izateko, ez dutelako planteatutakoa zalantzan jartzen; hortaz, horrelako bat erabiliko dut: Rubensen garaian, zergatik zen emakume lodia edertasun femeninoaren erreferente, eta, egun, aldiz, loditasuna edertasunaren kanonetik baztertzen da? Emakumearen bi edertasun eredu horiek dira osasunaren ispilu dagokien garai historikoan, baina baita elkarren aurkakoak ere. Horrez gain, agentziaren gaia ere badago: Rubensen modeloak ispiluari plazerez begiratzen dio, jakitun munduari eta haren ezbeharrei bizirauteko gai dela; eta modu berean begiratzen dio ispiluari garai garaikide honetan kirol jarduera exijente batean entrenatuta dagoen gimnasta argalak. Biek pentsatzen dute euren gustuaren arabera jarduten dutela, baina biek jarduten dute beren gizartean indarrean dauden rol eta balioen eraginpean.
Konplexutasun soziala ikertzea “frustranteagoa” da, ez soilik zaila delako, aldaketaren menpekoa delako baizik. Gizarte zientzietan aldaketa ikertzen dugu eta aldaketa hori kudeatzen saiatzen gara; adibidez, hobetzeko neurriak iradokitzearen bidez, politika publikoei jakinaraztearen bidez. Eta, hasierara itzulita, oro har, emaitzak eztabaidagarriagoak dira. Mundu guztiak dauka iritzi jakin bat ikertzen ditugun gai guztiei buruz, eta iritzi horren balioa azpimarratu nahi dute. Hala ere, oraindik uste dut Asimoven testuak etorkizunerako inspirazio izan daitezkeela eta, Fundazioaren sailean bezala, soziologia, historia eta matematikak uztartzen dituen zientzia bat gai izango dela norantz goazen asmatzen (ahal dela, tartean diktadorerik izan gabe, uf!).
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Ez dut erreferentziako figurarik izan modu tradizionalean; hau da, bidean lagundu didan pertsona bat. Hala ere, behatzeko eta haiengandik ikasteko adibide asko izan ditut. Eta adierazi nahi dut erreferente onak zein txarrak izan ditudala. Edo, zehatzago, batzuetan erreferente on edo txar gisa jokatu duten pertsonak. Azkenean, zure bideari eragiten dioten alderdi positiboez nahiz negatiboez ikasten duzu, eta errepikatu nahi zenituzkeen estrategiak integratzen dituzu eta beste batzuk saihestu, zure bizitzatik aldentzeko.
Positiboki baloratzen dut, egun, errazagoa dela emakumeek beren estrategiak eta ikaskuntzak kontatzen dituzten liburuak eta autobiografiak aurkitzea. Oraintxe liburu inspiratzaile bat irakurtzen ari naiz, Soledad Murillorena: Supervivencia de las políticas de igualdad (Berdintasun-politiken biziraupena) (Comares argitaletxea); liburuak oso ongi islatzen ditu dokumentu hain baliotsu horiek. Gure belaunaldiko eta aurrekoetako emakumeak askoz bakarrago egon gara. Seguruena, asko ez ditugu ezagutzen bidea utzi zutelako.
Eta, galderara itzuliz: emakumezko kide askok lagundu didate bidean, eta eskertuta nago oso, elkarrekin izan baikara unerik gogorrenetan ere.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Gizarte zientzietan zaila da “eureka” identifikatzea: munduko pobrezia azalduko duen teoria orokor bat ezartzea, diskriminazioa eta desberdinkeria erabat baztertzeko politika publiko egokiak lortzea…? Guztia da pixka bat ezinezkoa, eta, beste zientzia batzuetan ez bezala, onartzen dugu ikerketa bidea dela, eta ez soluzio finalista bat.
Hortaz, benetan lortu nahi nukeena da etorkizun urrunenean nik idatzi eta landutako kontuak irakur zitezela, eta erantzunarekin hunkitu zitezela; edo, agian, azalpena jada ez da baliogarria izango, mundua asko aldatu delako eta ez delako halakorik behar, baina barnealdean igartze eder bat gordeko du. Nerabea nintzela Madame de Châteleten Zoriontasunari buruzko Diskurtsoa irakurri nuenenean emozionatu nintzen; nagusia naizela Perkins Gilman irakurri dudanean, garaiko beste emakume batzuk konbentzitu nahian ariketa egitea gomendagarria zela, emozionatu naiz. Harentzat, hortxe dago, hain zuzen, gizon osasuntsuen eta emakume gaixoen arteko aldea: azken horien arropek estutzen dute, ez dute baimenik zelaira ateratzeko, tenisera jolasteko edo bizikletan ibiltzeko. Egun, zorionez, emakume gehienek ez dute arropa deserosoa erabiltzen eta edozein kirol egin dezakete; hortaz, idazlearen erantzunak balio ez badu ere, barruan badu egi eder bat, eta hori baloratzen jarraitzen dugu.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Aholkurik onena da ekin dezala, bere senari jarrai diezaiola, eta pertsona egokiez ingura dadila (kideak lanean eta lagunak bizitza pertsonalean eta amodiozkoan; azken hori Madame de Châteletengandik ikasi nuen).
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko maiatzaren 25ean: “Ana M. González Ramos: «En las ciencias sociales aceptamos que la investigación es el camino, no una solución finalista»“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.