Laura M. Lechuga: «Motibatzen nau jakiteak laborategian egiten duguna zabaldu eta benetako tresna bihur daitekeela»

Ikertzen dut

Laura M. Lechuga CSICeko Ikerketako irakaslea eta Nanozientzia eta Nanoteknologiako Kataluniako Institutuko (ICN2) taldeburua da.

Bere ikerketa biosentsore nanofotonikoen arloan eta horiek diagnostiko klinikoan eta ingurumenekoan duten aplikazioan zentratzen da. 300 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, zortzi patente familia eta lau sekretu komertzial ditu, eta bere lana mundu mailan aurkeztu du 500 konferentzia ingurutan gonbidatu gisa. Bi enpresa spin-off sortu ditu beste kide batzuekin.

2020ko apirila eta 2021eko iraila bitartean, Espainiako Gobernuari eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari COVID-19aren pandemia kudeatzeko aholku eman zien Adituen Panel Zientifikoaren parte izan zen.

Sari ugari jaso ditu; honako hauek, besteak beste: RSEF eta BBVA Fundazioaren Fisika, Berrikuntza eta Teknologia saria (2016), Ikerketako Sari Nazionala (Teknologiaren Transferentzia kategoria), Teknologia Berrien Jaume I.a Erregea saria (2020) eta NOB166® Nanoteknologiako Sari Nazionala (2023).

Laura M
Irudia: Laura M. Lechuga ikertzailea. (Argazkia: Laura M. Lechugak emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa arloa osasunera aplikatutako nanoteknologia da; nanomedikuntza esaten zaio. Zehazki, sentikortasun handiko biosentsore nanofotonikoak garatzen ditugu, diagnostiko zehatzak eta deszentralizatuak eskuratzeko diseinatuak. Nagusiki diagnostiko klinikoen eta ingurumeneko diagnostikoen aplikazioetan zentratzen gara. Arlo horretan, gure teknologia ultrasentikorrari esker, benetako laginekin lan egin dezakegu, markaketaren beharrik gabe.

Gure ikerketak prozesu oso hau barne hartzen du: nanotxip fotonikoen diseinua eta fabrikazioa, horien biofuntzionalizazio kimikoa, mikrofluidikoa, ingeniaritza optikoa eta elektronikoa, eta azkenik point-of-care motako diagnostiko plataformetan txertatzea. Teknologia horiek baliozkotzeaz ere arduratzen gara, horien benetako aplikazio kliniko eta ingurumenekoari begira.

Diziplina anitzeko esparrua da eta honako hauek guztiak barne hartzen ditu: fisika eta ingeniaritza nanofotonikoa, kimika, bioteknologia, eta medikuntzari eta ingurumenari lotutako alderdiak. Gainera, translazio teknologia bat da, eta horrek balio erantsi oso garrantzitsua ematen dio, gizartean eragin zuzena izateko helburua baitu.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Nagusiki potentzial handia duelako pertsonen bizitzetan eragin positiboa izateko. Gure osasunaren diagnostikora aplikatutako nanoteknologiak potentziala du errotik aldatzeko gaixotasunak diagnostikatzen dugun modua. Horiek horrela, goiz detektatu daitezke minbizia bezain larriak diren patologiak, edo azkar erantzun daiteke infekzio biriko eta bakterianoak daudenean, pandemiak argi eta garbi gogorarazi zigun legez.

Horrez gain, bereziki motibatzen nau jakiteak laborategian egiten duguna zabaldu eta benetako tresna bihur daitekeela. Ikerketa paperaz harago eramateko aukera ematen du, gizarteari egiazko soluzioak ematekoa. Hori da, zalantzarik gabe, egunero indarra ematen didan motorretako bat.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Gaztea nintzela ez nuen izan nire burua islatuta ikusi ahal izateko moduko erreferentziako figurarik. Nire garaian arraroa zen emakume profesionalak ikustea albisteetan edo komunikabideetan beren iritzia ematen edo arlo zientifiko edo teknologikoetan gailentzen. Eta testuliburuetan edo eskoletan ere ez zen figura femenino nabarmenei buruz ikasten. Erreferenteak maskulinoak ziren ia erabat.

Hala ere, irakasle zoragarriak izan nituen; inspiratu ninduten eta nigan piztu zituzten jakingura eta ikasteko gogoa. Haiei esker garatu nuen aurrera egiten jarraitzeko nahi hori, unibertsitatera iristekoa; eta, beranduago, doktorego bat egiteko nahia, ezagutzara nire ekarpena egin ahal izateko. Esan bezala, ez zen ohikoa zientzian eredu femeninoak aurkitzea; hala ere, hurbileko pertsona horiek ezinbestekoak izan ziren nire bokazioa sustatzeko.

Horregatik guztiagatik, belaunaldi berriak animatzen ditut, bereziki neskatoak eta emakume gazteak, beren pasio zientifiko edo teknologikoak jarraitzera zalantzarik gabe. Egun, gero eta erreferente eta aukera gehiago daude, eta zientziak talentu eta aniztasun hori guztia behar du aurrera egiten jarraitzeko.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Nire helburu nagusietako bat da lortzea gure biosentsoreen teknologia modu erreal eta efektiboan erabil dadila diagnostiko klinikoan. Erakutsi dugu jada minbizia bezalako gaixotasunen edo infekzioen biomarkatzaileen detekzio goiztiarrerako erabil daitekeela, pazienteen lagin txikietan zuzenean lan eginda, modu azkar eta doian.

Egun, nire interes handiena da teknologia hori pauso bat aurrerago eramatea; hau da, merkaturatu daitezkeen gailuak garatzea infekzio biriko eta bakterianoen diagnostiko azkarra eskaini ahal izateko, patogenoa identifikatzeaz gain, antibiotikoekiko duen erresistentzia profila ere identifikatuko duena. Izan ere, mundu mailako arazo kritikoa da. Ospitaleetan teknika oso aurreratuak dituzten arren, mantsoak eta kostu handikoak izan ohi dira. Hori dela eta, diagnostikoa, batzuetan, beranduegi iristen da. Nire helburua da errealitate hori aldatzen laguntzea, diagnostiko irisgarriagoak, arinagoak eta eraginkorragoak lortzearen bidez.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Nire aholku nagusia da “3P estrategia” deritzogunari jarraitzea:

  1. PASIOA: Pasioa motor indartsua da. Ikerketa ibilbide luzea izan daiteke; frustrazio uneak eta zailtasunak daude bidean. Pasiorik gabe, erraza da amore ematea gauzak ez direnean espero genuen moduan ateratzen. Gakoa da benetan interesatzen zaizun eta inspiratzen zaituen gai bat aukeratzea. Zenbat eta gehiago maite egiten duzun hori, orduan eta energia eta entusiasmo handiagoa izango duzu zailtasunei aurre egiteko eta aurrerapausoak emateko. Gainera, zure lana maite duzunean, energia hori kutsakorra izan daiteke, eta horrek lankidetzazko giro positiboa sortzen laguntzen du.
  2. PERTSEBERANTZIA: Ikerketan, porrota ia arrakasta bezain ohikoa da. Esperimentu guztiek ez dituzte emaitza positiboak izango, eta, askotan, soluzioak okerreko saiakera askoren ostean lortzen dira. Oztopoak ez dira porrota; ikasteko eta hobetzeko aukerak dira. Pertseberantziak barne hartzen du, halaber, kritika konstruktiboa onartzeko eta horri esker ikasteko gaitasuna. Zalantzazko uneetan, babes sare on bat izatea funtsezkoa izan daiteke. Kideekin eta mentoreekin hitz egiteak argitasuna eman diezaguke, bai eta oztopoak gainditzeko ideia berriak ere. Ez etsi.
  3. PERSPEKTIBA: Ikerketa epe luzerako konpromisoa da, baina horrek ez du esan nahi bizitza pertsonala bazterrean utzi behar duzunik. Ezinbestekoa da oreka on bat mantentzea bizitza profesionalaren eta pertsonalaren artean, motibazioari epe luzez eutsi ahal izateko. Batzuetan, lanak eta bizitza pertsonalak talka egin dezakete, eta une horietan gaitasuna izan behar da lehentasunak berrantolatu eta errudun ez sentitzeko zuretzako, lagunentzako, familiarentzako edo zure zaletasunetarako denbora bilatzeagatik. Perspektiba izateak esan nahi du, halaber, malguak izan behar dugula helburuekin ikertzaile eta pertsona gisa aurrera egiten dugun heinean.

Aholku gehigarria: jakingura eta etengabeko ikaskuntza ezinbestekoak dira. Zientziak erritmo bizian egiten du aurrera eta gaur dakizuna bihar bertan alda daiteke. Ez utzi ikasteari; etengabeko jakingura funtsezko ezaugarria da zientzialari ona izateko. Azkenik, bada aipatu nahi nukeen zerbait: garrantzitsua da prozesuaz gozatzea. Ikerketa bidaia bat da, eta deskubrimendu bakoitza, txikia bada ere, aurrerapausoa da. Une horiek ospatzeak motibazioa mantentzen laguntzen du, bai eta egiten dugunaz gozatzen ere.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 7an: “Laura M. Lechuga: «Me motiva saber que lo que hacemos en el laboratorio pueda trascender y convertirse en herramientas reales»

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.