Nanopartikula konpontzaileak alzheimerrari aurre egiteko estrategia moduan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Urtero ia 10 milioi alzheimer kasu berri diagnostikatzen dira eta gaur-gaurkoz ez dago gaixotasunaren kontrako tratamendu eraginkorrik. Aurtengo urrian, Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkari entzutetsuan argitaratu den artikulu batean, alzheimerrari aurre egiten dion tratamendu esperimental bat aurkeztu dute. A40-POs izeneko nanopartikulan oinarritutako terapia honek paradigma-aldaketa bat proposatzen du.

Alzheimer eritasuna dementzia mota ohikoena da eta, ikuspegi molekular batetik, batez ere β-amiloide izeneko proteinaren gehiegizko metaketaren ondorioz gertatzen da. Neuronen mintzean proteina amiloide aitzindaria (PAA) izeneko proteina agertzen da eta bertan dauden entzima jakin batzuek (lehenengo β-sekretasak eta ondoren γ-sekretasak) proteina hau moztu eta 40 edo 42 aminoazidoz osatutako eta β-amiloide deituriko proteina puska edo peptido txiki bat sortzen dute. β-amiloidea ez da oso disolbagarria eta zelulaz kanpoko espazioan metatzen da zuntz itxurako plaka moduko egiturak osatuz. Zuntz hauek neuronetara lotzen direnean, neuronak hil egiten dira eta gaixotasunak horrela higatzen du burmuina.

nanopartikula
Irudia: alzheimer gaixotasunaren mekanismo fisiopatologikoak. (Argazkia: Guo, Xing; et. al. (2025). Iturria: Journal of Neurology aldizkaria)

Aipatutako prozesu biokimikoa ekiditeko hainbat saiakera egin dira, izan burmuinean dauden garbiketaz arduratzen diren gliako zelulen suspertzean oinarrituta, edo izan β-amiloidea sortzen duten entzimen inhibizioa bilatuz, baina, oraingoan, Kataluniako Bioingenieritza Institutuko (IBEC) eta Sichuan-eko Unibertsitateko West China Ospitaleko (WCHSU) ikertzaileek beste modu batera saiatu dira β-amiloidearen garbiketari heltzen.

Burmuina oso organo sentibera da eta muga hematoentzefalikoa dago berau zaintzeko. Muga hematoentzefalikoa odolaren eta burmuinaren arteko pasabidea arautzen duen gunea da. Odol-hodiak eratzen dituzten zelula endotelialez eta haien gainean dauden astrozitoz eratua dago. Burmuineko odol-hodietako zelula endotelialak oso irmoki lotuta daude beren artean, eta astrozitoak daude haien gainean, lotura horiek irmoago itxiaz. Horrela, odoletik garraiatzen diren molekula gutxi batzuk baino ez dira igaroko burmuinera. Baina garraio selektibo hori ez da bakarrik odoletik burmuinera joaten, burmuinetik odolera ere joaten da eta burmuinean sortzen diren hondakinak zelula endotelial hauetan dauden hartzaile jakin batzuen bidez kanporatzen dira odolera. Horrela, zelula endoteliala odolaren eta burmuinaren arteko pasabidea arautzen duen zelula da.

Alzheimer gaixotasunaren kasuan, ikusi da muga hori kaltetuta dagoela eta zelula endotelialak ez direla gai β-amiloide zuntzak burmuinean jaso eta odolera igarotzeko, ondoren bertatik kanporatzeko. Zelula endotelial osasuntsuek LPR1 izeneko hartzaile bat izaten dute haien mintzean eta hartzaile honek β-amiloidezko zuntzak jaso eta odolera pasatzen ditu. Gaixotasun egoeran kaltetuta daude muga hematoentzefalikoko zelula endotelialak eta ez dute LPR1 hartzailerik. Ikertzaile txinatar eta kataluniarrek A40-POs izeneko nanopartikula bat garatu dute. Nanopartikula hau muga hematoentzefalikoko zelula endotelialetara heltzen da eta LPR1 hartzailearen adierazpena berritzen du; horrela, zelula endotelialak gai dira LPR1en bidez burmuineko β-amiloide zuntzak jaso eta odolera garraiatzeko, gero bertatik garbituak izan daitezen. Alzheimer gaixotasuna garatzen duten saguetan egin diren saiakeretan, nanopartikula injektatu eta ordu betera burmuinean pilatuta zuten β-amiloidearen % 60 ezabatzea lortu zen, eta, kasu batzuetan, zuntz guztiak garbitzea lortu zen 6 hilabeteko tratamenduaren ondoren.

Estrategia interesgarri eta itxaropentsua dirudien arren tentuz aztertu beharko da terapia berri honek berdin funtzionatzen ote duen beste animalia-espezie batzuetan eta gizakietan.

Erreferentzia bibliografikoak:

Chen, Junyang; Xiang, Pan; Duro-Castano, Aroa; Cai, Huawei; Guo, Bin; Liu, Xiqin; Yu, Yifan; Lui, Su; Luo, Kui; Ke, Bowen; Ruiz-Pérez, Lorena; Gong, Qiyong; Tian, Xiaohe; Battaglia, Giuseppe (2025). Rapid amyloid-β clearance and cognitive recovery through multivalent modulation of blood-brain barrier transport. Signal Transduct Target Ther, 10(1):331. DOI: 10.1038/s41392-025-02426-1

Guo, Xing; Yue, Ruizhu; Cui, Zhenwu; Wang, Shuying; Jia, Tian; Li, Wenqiang; Zhang, Wei; Shan, Linlin; Li, Chaokun (2025). Advances of therapeutic strategies for Alzheimer’s disease. Journal of Neurology, 272, 705. DOI: 10.1007/s00415-025-13456-8


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.