Madagaskar da eboluzioak nola funtzionatzen duen ikasteko leku bikain bat, bertan dagoen fauna berezia Afrikatik isolatuta egon baita milioika urtez. Eboluzioa itsua da, eta ausazkoa; ez du helbururik: aipatu dugu nola mutazioen ondorioz gure arbasoren batek isatsa galdu zuen, nola periferian bizi zen talde txiki baten baitan beste espezie bat sor zitekeen, edo nola Mundu Berriko tximinoen arbasoek Atlantikoa zeharkatu zuten eta bertan eboluzionatu zuten. Madagaskarren gertatutakoa hirugarren modukoa da: berriro ere itsasoa zeharkatu zuen baltsa begetal bat dugu, eta gainean, lemur guztien arbasoa. Orain dela 50 milioi urte inguru iritsi ziren Madagaskar uhartera eta mundu bitxi bat aurkitu zuten, hutsik zeuden txoko ekologiko askorekin eta eboluzioak eskaintzen dituen aukera guztiekin.
Aie-aiea, izen zientifikoz Daubentonia madagascariensis, primate bitxienetako bat da eta eboluzioaren ausazkotasunaren adibide bikaina. Hatz luzeak dituen lemur gautiarra da, karraskariek bezala etengabe hazten diren ebakortzak dituena, eta hirugarren hatz oso luzea erabiltzen du zuhaitzen azalean kolpeak emateko eta intsektuen larbak aurkitzeko. Belarriak ultrasoinuak detektatzeko moldatuta ditu, eta seigarren behatz bat du, sasibehatz moduko bat. Kondairek diote bere hatz bitxiarekin zuregana zuzentzen bada heriotza etorriko dela, eta horregatik jotzen dute gaueko espiritu gaiztotzat. Baina aie-aieak ez zuen eboluzionatu “larbak aurkitzeko” edo “gizakien heriotza ekartzeko”: hori guztia ausaz gertatutakoa da; iraganean bizirautea lortu zuen bere hatz luzearekin, eta baliteke orain ez lortzea, hatz luzeak beldurra ematen digulako. Eboluzioa ez dago zuzenduta: ezin da aukeratu, soilik biziraun.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.