Marta Pina: «Zoragarria iruditzen zait “iraganeko detektibe” baten moduan aritzea»

Ikertzen dut

Marta Pina doktorea (Barbastro, 1986) Beatriu de Pinós doktorego ondoko ikertzailea da Institut Català de Paleontologia Miquel Crusafont erakundean. 2016an Biodibertsitatearen arloko doktoregoa lortu ondoren Universitat Autònoma de Barcelona unibertsitatean, doktorego ondoko egonaldi bat egin zuen Kyotoko Unibertsitatean (Japonia), Japan Society for the Promotion of Science-ko kontratu bati esker (JSPS; 2017-2019). Hurrengo hiru urteetan bere ikertzaile karrerarekin jarraitu zuen Erresuma Batuan, Manchesterreko Unibertsitatearen (Marie Skłodowska-Curie kontratua; 2020-2022) eta London South Bank Unibertsitatearen (2022-2023) artean. Azken horretan, Antroingeniaritzako lehen irakurlea izan zen. Diziplina txiki hori gorantz doa eta antropologiaren eta ingeniaritzaren ezagutzak eta teknikak biltzen ditu.

Marta Pina paleontologoa da eta primateetan eta antropologia fisikoan espezializatuta dago. Interes berezia du Neogenoko (duela 23 eta 2,5 milioi urte arteko garai geologikoa) hominoideen garezurrik gabeko eskeletoaren eboluzioan. Bere ikerketak anatomia erkatuko, morfologia funtzionaleko eta biomekanikako ikerketak konbinatzen ditu, primate antropomorfoen eta gizakien, hau da, hominoideen portaera lokomotorraren jatorriak berreraikitzeko.

Marta Pinaren ikerketak landa lan handia eskatzen du. Paleontologia eta arkeologiako hogeita hamar kanpainatan baino gehiagotan kolaboratu du, eta 2018tik esku-hartze paleontologikoak zuzendu ditu Espainiako zenbait aztarnategitan. 2024tik Nakali proiektua ere zuzentzen du, Kenyako aztarnategi homonimoan zentratzen dena. Han deskubritu dute homininen (hau da, gorilak, txinpantzeak eta gizakiak barne hartzen dituen taldea) arbasoa izan litekeen primate bat.

2025ean, Pina doktoreak L’Oréal-UNESCO For Women in Science saria jaso zuen, bere ikerketa ibilbidea eta Kenyako aztarnategiari lotutako proiektua aintzatesteko.

Irudia: Marta Pina Kenyako Nakali aztarnategiko fosilgune batean. (Argazkia: Marta Pinak emana)

Zein da zure ikerketa arloa?

Hominoideen leinuen jatorriari eta eboluzioari buruz ikertzen dut. Primate talde horrek barne hartzen ditu egungo giboiak, orangutanak, gorilak, txinpantzeak eta gizakiak. Bereziki, desagertutako espezie horien paleobiologiako oinarrizko osagai bati buruz ikertzen dut: lokomozioa. Garezurrik gabeko eskeletoan aurkitzen ditugun egokitzapen funtzional anitzak aztertzen ditut, bai eta nola erregistro fosilean dokumentatutako lokomozio modu ezberdinak lotu ahal diren egungo hominoideetan hautemandakoekin, adibidez, gure espeziearen beraren ezaugarri den bipedalismoarekin.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Txikitatik erakarri izan naute iraganeko kontuek, oro har, eta primateak ere maite nituen; bereziki, txinpantzeak. Denborarekin konturatu nintzen bi pasio horiek elkartu ahal nituela, eta bazegoela horretara bideratutako lan bat: paleontologia. Diziplina horren bidez iragana berreraiki daiteke erregistro fosilak eskaintzen dizkigun puzzlearen piezak erabiliz. Zoragarria iruditzen zait “iraganeko detektibe” baten moduan aritzea, gure leinuaren historiarik sakonena argitu nahian.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Txikia nintzenean nire erreferenteak Jane Goodall eta Dian Fossey izan ziren, zalantzarik gabe. Gogoan dut etxeko telebistan ikusi nituela eta pentsatu nuela: “Nik ere hori egin nahi dut”. Paleontologiaren barruan, nire tesi zuzendariak aipatuko nituzke (Salvador Moyà-Solà eta Sergio Almécija), eta, gerora, nire nagusia izango zena Kyoton egin nuen doktorego ondoko egonaldian (Masato Nakatsukasa). Erreferenteak izan dira beti niretzat, eta benetan miresten ditut.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Giza leinuaren erregistro fosila erlatiboki oparoa da, eta informazio nahikotxo daukagu gure genero eta espeziearen jatorriari buruz, bai eta gaur arteko eboluzioari buruz ere. Hala ere, ezer gutxi dakigu txinpantzeen eta gorilen leinuekin gertatu zenari buruz. Talde horien arbaso komuna eta bizi izan zen ingurunea hobeto ezagutzea ahalbidetuko luketen fosil berriak aurkitzea aurrerapen erabakigarria izango litzateke hominoideen, eta, horrenbestez, baita gure espeziearen beraren historia ebolutiboa ulertzeko.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Pasioa izan dezala. Ikerketa esparru konplexua da, eta ikasten duzun hori edo lan egiten duzun arloa nahikoa maite izan behar duzu karreraren alderdi ez hain atseginak konpentsatzeko. Gainera, batzuetan, sakrifizio handiak eskatzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.