Marguerite Lehr eta telebista bidez egindako «matematiketarako gonbidapena»

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Emakume batek galdetu zidan behin: «Matematikaria zara?». Nire ustez, hotsandiko hitzak kontu garrantzitsuetarako dira. Beraz, honela erantzun nion: «Ez, baina ia beti ari naiz matematikei buruz pentsatzen, batzuetan lo nagoen bitartean ere bai».

Marguerite Lehr

Marguerite Lehr 1898ko urriaren 22an jaio zen Baltimoren (Maryland, Estatu Batuak). George Lehr eta Margaret Kreuder bikote ezkonduaren bost seme-alabetan (Marguerite, Elizabeth, Charollete, Charles eta George) nagusiena zen. Aitak Estatu Batuetara emigratu zuen, eta han ezagutu zuen bere emaztea izango zena (jatorri alemaniarrekoa hura ere).

Marguerite Lehr
1. irudia: Marguerite Lehr matematikaria. (Iturria: The Bern Schwartz Family Foundation).

Baltimoreko Western High Schoolen (emakumezkoentzako Bigarren Hezkuntzako eskola, 1844an sortua) graduatu zen 1915ean. Ondoren, Goucher Collegen ikasten hasi zen, oraindik emakumeentzako unibertsitatea zenean, eta matematiketako espezializazioa egin zuen. Clara Bacon (1866-1948) matematikariaren eragin nabarmena izan zuen, Margueriten ikasgaietako asko berak ematen baitzituen. 1919an, lizentziatura batekin graduatu zen.

Orduan, Charlotte Angas Scott matematikariaren laguntzaile hasi zen Bryn Mawr Collegen. Esperientzia hori nahiko ohiz kanpokoa izan zen; izan ere, garai hartarako Scott erabat gorra zen. Ondorioz, Lehrren egitekoa zen ikasleek Scotten eskoletan egiten zituzten galderei erantzutea eta tutoretza orduetan ikasleak artatzea. Horrez gain, doktorego tesia egiten hasi zen irakaslearekin. Beka bati esker, Erroman egon zen 1923an eta 1924an; han ikasi eta lan egin zuen Guido Castelnuovo (1865- 1952) eta Federigo Enriques (1871-1946) geometria aljebraikoko adituekin eta Vito Volterra (1860-1940) ekuazio diferentzialetako adituarekin.

1924an Bryn Mawr Collegera itzuli zenean, matematiketako irakasle izendatu zuten; eta, 1925ean, ikastegi horretan bertan, doktoregoa lortu zuen geometria aljebraikoari buruzko bere tesiarekin: «The Plane Quintic with Five Cusps». Hurrengo urteetan, gora egin zuen Bryn Mawr Collegen, 1937an irakasle elkartu izatera arte.

Telebistara iritsi zen hizlari ona

Oso hizlari ona zela esaten zen. Bigarren Mundu Gerran gerra ahaleginean lagundu zuen, ikasle talde bitxi bati matematika eskolak emanez; Lehrrek berak gutun batean adierazi bezala:

Gerrarako ingeniaritza, zientzia eta kudeaketari buruzko prestakuntza programaren esparruan, uda honetan aireko argazkietatik abiatutako mapei buruzko ikastaro bat sortu da (fotogrametria esaten zaiola uste dut!) Bryn Mawrreko campusean, hiru geologoren eta nire zuzendaritzapean… Nire aldetik, hiru aste bizi izan ditut; egunero matematiketako hiru ordu eman dizkiot bi ataletako bakoitzari, kartografiaren arazoen azpiko gutxieneko nozioei erantzuteko nahian. 40 ikasle ziren, 17 eta 58 urte artekoak; arkatz-puntetatik trigonometria ateratzen zitzaien Bigarren Hezkuntzako gazteetatik aljebraren ideia hutsak dar-dar batean jartzen zituen merkataritzako artistetaraino… baina, nola egiten zuten lan! Eta zenbat ikasi nuen nik!

1952 eta 1953 artean, aitzindari izan zen, matematiketako lehen aurkezleetako bat izan baitzen telebistan. 1951n, WFIL-TV irrati-estazioak bat egin zuen hogeita bost erakunderekin Filadelfiako 6. katean University of the Air aurkezteko. Bryn Mawr Collegeko zuzendaritzak galdetu zuen ea Lehrrek hamabost saioko matematika ikastaro bat eman zezakeen. Bere ikastaroa, Matematiketarako gonbidapena, honela deskribatu zuen American Mathematical Monthly aldizkarian 1955ean:

Programak sarreratxo bat zuen, eta berrehun hitzeko atal bat aste bakoitzerako, laburpen batekin eta hiru erreferentzia hautaturekin, tratamenduen multzo zabala eskaintzeko, bai eta ahalik eta bibliografia osagarri gehiena ere, testuaren edo tratatuaren zentzu hertsian. Programa eskatzen zuen edozeinek bazuen jada interesa hamar gaietakoren batean gutxienez. Horrenbestez, planteatutako galderen bidez jendea erakartzea zen laburpenen xedea; bestalde, erreferentzien multzo zabalak (hori espero zuen) lasaitu egingo zuen irakurle informatuagoa eta baliagarri izango zitzaion. Publiko potentzialaren matematikako sofistikazio maila ezezagunari aurre egiteko baliabide bat zen hori.

Marguerite Lehr
2. irudia: University of the Air programa. WFIL-TV (1958). Iturria: Broadcast Pioneers of Philadelphia.

Lehrrek honako gai hauei buruz hitz egiten zion bere publikoari, besteak beste: forma erregularrak (mosaikoak, piramideak eta abaraskak), simetriak, zenbaki lehenak, multzo baten kardinalitatearen ideia (handia eta infinitua), arruntak ez diren zenbakiak, mapak, grafoen teoria, astronomia, probabilitatea, estatistika, kurba eta azaleren ezagutzetan oinarritutako espazioaren ideiak, maximoak eta minimoak, frogapen logikoak… Ez ziren “saio” teknikoak; askotariko kontzeptu matematikoen bidez publikoa motibatzea zen helburua. Eta lortu zuen.

Proiektuak arrakasta handia izan zuen eta Mathematical Association of America erakundeko Zinema Proiektuen Batzordeko kide egin zuten Lehr. Erakunde horrek irakasle eta ikasleei zuzendutako film batzuk ekoitzi zituen. 1957an, NBC kateak aholkulari gisa kontratatu zuen matematikako “aurkezle” handiekin ekoitzi zuten telesail baterako; hauekin, besteak beste: Emil Artin (1898-1962), Harold Scott MacDonald Coxeter (1907-2003), Saunders Mac Lane (1909-2005), William Feller (1906-1970) eta Richard Courant (1888-1972).

1987ko abenduaren 14an hil zen. Lehrrek pertsona ugari inspiratu zituen bai ikasgela barruan bai handik kanpo ere; bere hitzetan, honako hauxe zen matematikarien zeregina:

Benetako matematikariek ez dute publikorik behar. Nahikoa dute musika sortzearekin. Publikoa musika egiteko abagune bat da, eta abagune hori ere izan daiteke esperientzia atsegingarria.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025ko urriaren 22an: Marguerite Lehr y su televisiva «Invitación a las matemáticas».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.