Gramatika hitza egunerokoan ohikoa den arren, haren esanahia ulertzea ez da kontu erraza, termino honek hainbat adiera hartzen baititu. Hemen, adiera nagusiak argitzeaz batera, kontzeptu honen bueltan hizkuntzalaritzaren galdera nagusietako batzuk sortzen direla erakutsiko dugu.
Hizkuntza bat ezagutzeko, hiztegia jakitea ez da nahikoa, agerikoa denez. Hori horrela, hizkuntza bat deskribatzeko ahalegina egin duten askok hitz zerrenda batekin batera hitz horiek elkarrekin konbinatzeko argibide batzuk eman izan dituzte. Horrela hasten da, adibidez, euskararen gramatika-tradizioa, besteak beste, Rafael Mikoleta bilbotarraren Metodo breve de aprender la lengua Vizcayna (1653) lanarekin. Izenburuak agerian uzten duenez, asmo didaktikoarekin idatzi ziren lan hauetako asko, hizkuntzaren oinarri batzuk ikasi nahi zituenak nondik hasi izan zezan.
Ondoren, euskararen lehen deskribapen xeheak XVIII. mendean hasten direla esan dezakegu, eta XX. mendean zehar gure gramatika tradizioa garatuz joan da, hasi Azkue (1925) eta Lafitteren (1944) lanetatik, eta Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak osatutako lanetara (EGLU, EGLA, Euskararen Gramatika). XXI. mendean, ingelesezko A Grammar of Basque edo Standard Basque: a progressive grammar lanak edo sarean eskuragarri dauden Sareko Euskal Gramatika eta Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak ditugu eskura.
Gramatika horiek guztiak gramatika deskribatzailetzat hartu ditzakegu, euren helburua hizkuntza baten egituren deskribapena egitea baita. Hizkuntza irakasteaz gain, gramatika deskribatzaileak beste helburu batzuetarako ere ezinbestekoak dira, adibidez, hizkuntzen arteko konparaziorako eta, oro har, hizkuntza-gaitasunaren ikerketarako. Bestalde, hizkuntzaren gramatika xeheak eta jorratuak izateak hizkuntza gutxituen normalizazioan lagun dezake eta biziberritze prozesuen pausoetako bat izan daiteke.

Orain artekoak kontuan hartuz, pentsa liteke gramatika bat hizkuntza baten (hala nola, euskararen, bretoieraren) egitura guztien deskribapena jasotzen duen lan bat dela, liburu bat, adibidez. Gramatika hitza, beraz, lanari erreferentzia egiteko erabiltzen da testuinguru horietan. Horrekin batera, ordea, kontuan hartu behar da gramatika-lanetan deskribatu nahi den egitura multzo horri ere “hizkuntza baten gramatika” esan ohi zaiola. Hortaz, egitura-multzoari zein horien deskribapenari deitzen zaie gramatika, eta testuingurutik baino ezin dugu asmatu, gehienetan, bietako zein adierari egiten zaion erreferentzia.
Baina bada gramatika hitzak hartu dezakeen beste adiera bat. Horretaz pentsatzen hasteko, kontuan hartu behar da gramatika-liburuek jasotzen duten informazioa ez dela, izatez, munduaren kanpo-fenomeno bati buruzko deskribapen bat, geologia liburu bat izan daitekeen bezala. Liburu horrek jasotzen duen jakintza gizaki orok berez, inork irakatsi gabe daukana da. Izatez, gramatika lanek esplizitu egiten dute hiztunek inplizituki dakitena. Horrek, ondo pentsatuta, hainbat galdera sortzen ditu: nondik dator ezagutza hori? Gizakiok egitura sorta bat al dugu buruan sortzetik?
Galdera horiek gogoan, Noam Chomskyk Egitura Sintaktikoak (1957) liburuan, gramatika delakoa gizakiok dugun ezagutza inplizitu hori baldin bada, beste modu batera irudikatzea proposatu zuen: ez egitura multzo baten gisan, baizik eta eragiketa segida bat bezala, ordenagailuak programatzen diren moduan.
Ikuspuntu horretan sakontzeko, demagun buruan dugun gramatika perpausak, hau da, hiztunak ontzat ematen dituen hitz-kateak sortzeko gailu bat dela. Gramatika hori nola dabilen asmatzeko, eragiketa ordenatuak proposatu behar dira, eta horri jarraituz gero, hiztunentzako onargarriak diren perpausak sortu beharko lirateke eta horiek baino ez.
Hainbatek pentsa dezakete gramatika lanetan ere hori bera aurkitzen dugula, hitzak konbinatzeko arau batzuk. Baina egunero, hiztun guztiok erabiltzen ditugun arauetako asko ez dituzu topatuko gramatika liburuetan. Saiatu, adibidez, ondoko banaketa azaltzen duen araua topatzen[1]:

Zerk erabakitzen du zeri egiten dion erreferentzia bere buruak eta zeri berak? Agian, eragiketa da bere burua egiturak (anafora deitu izan zaiona) zuzenean aurretik datorren osagaian bilatu behar duela erreferentziakidea. Baina, zer egin orduan (2) adibidearekin?

Hemen ere idazlea da bere buruaren erreferentziakidea, nahiz eta tartean osagai bat ageri den. Ez du ematen kontu erraza, inondik ere. Arazo horrek uztardura deritzon harreman batekin du zerikusia eta hizkuntza guztietan aurkitzen den fenomenoa da. Anafora eta izenordainen erreferentziakidea bilatzeko eragiketak uztardura harremanaren definizioan daude oinarrituta, eta harreman hori definitzean datza zailtasun guztia.[2]
Chomskyren lan hartatik abiatuta, berak eta bere inguruko hainbat pentsalarik (besteak beste Chomsky eta Miller 1963; Lenneberg 1969; Fodor 1983) atera zuten ondorioa izan zen gailu bezala irudikatu zuten eragiketa multzo hori umeari inork irakasten ez dionez gero, gizakiok barruan daramagun agindu sorta bat besterik ezin dela izan. Hots, gailua (gure garuna) programatuta iristen garela mundura. Eta gaitasun hori gizaki guztiok partekatzen dugunez, nahiz hizkuntza desberdinetan hitz egin, pentsatzekoa da badela arau sorta amankomun bat hizkuntza guztien artean. Ideia horien bien elkartzetik (arauak sortzetik datozela eta amankomunak direla) dator Gramatika Unibertsalaren hipotesia. Hipotesi guztiak bezala, eztabaidagaia izan da eta jarraitzen du izaten gaur egungo hizkuntzalaritzan. Baina gaurkoz agerian jarri nahi duguna —eztabaidak beste baterako utziz— da, hizkuntzalari chomskyzaleek gramatikaz hitz egin ohi dutenean zera dutela buruan, buruan duguna, hain zuzen.
Oharrak:
[1] Adibideak Artiagoitia (2000: 285) lanetik ateratakoak dira.
[2] Irakurleren batek susmatu dezake harreman honek subjektu izatearekin duela zerikusia. Eta hala da, baina horrek subjektu izatea zer den definitzea eskatzen du eta hau pentsa litekeena baino zailagoa gertatu da gramatikarientzat. Arazo hauentzat proposatu den konponbidea jakin eta uztarduraren fenomenoan sakondu nahi duenak Artiagoitiaren (2000) eskuliburura jo dezake.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Artiagoitia, Xabier. 2000. Hatsarreak eta parametroak lantzen. EHU eta Arabako Foru Aldundia.
- Azkue, Resurrección María. 1925. Morfología vasca. Editorial vasca.
- Chomsky, Noam. 1957. Syntactic Structures. Mouton & Co. [Egitura Sintaktikoak. Euskarazko itzulpena: Itziar Laka. Klasikoak bilduma. 2003.]
- Euskara Institutua. 2011-2019. Sareko Euskal Gramatika (SEG). EHU.
- Fodor, Jerry. 1983. Modularity of mind. MIT Press.
- Goenaga, Patxi. 2022. Euskal gramatika: Egiturak eta Osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
- Hualde, Jose Ignacio eta Jon Ortiz de Urbina. 2003. A grammar of Basque. Mouton de Gruyter.
- Lafitte, Piarres. 1944. Grammaire basque: navarro-labourdin littéraire. Librairie “Le Livre”.
- Lennenberg, Eric. 1969. On explaining language. Science, 164. 635-643.
- Miller, George A. eta Noam Chomsky. 1963. Introduction to the formal analysis of natural languages. In Lace, R. D., Bush R., and Galanter E., Handbook of mathematical psychology Vol. II (Chapters 9-14). Wiley.
- De Rijk, Rudolf P. G. 2008. Standard Basque: a progressive grammar. MIT Press.
Egileaz:
Cecilia Fernández-Altonaga Euskal Ikasketetan graduatua da eta gaur egun doktoregoa egiten dabil EHUko Gogo Elebiduna ikertaldean eta IKER-UMR 5478 laborategian (Euskara eta euskal testuen ikerketa gunea).
