Izurrite beltza: geologiak ere zeresana izan zuen

Argitalpenak · Kolaborazioak

XIV. mendean Europa astindu zuen izurrite handiaren zabalpenean orain arte ezagutzen ez zen sumendi erupzio batek izan zuen rola azaleratu du ikerketa batek.

Gizateriaren kontzientzia kolektiboan hertsiki errotuta mantendu izan den gertakari historiko horietako bat izan zen XIV. mendeko izurrite beltza; agian gure gizarteak noraino izan daitezkeen ahulak gogorarazten digun ohartarazpena delako.

Izurrite
1. irudia: izurrite beltzak garaiko Europako populazioaren heren baten heriotza eragin zuen. (Irudia: ‘Heriotzaren Garaipena’, Pieter Bruegel zaharra. Jabari publikoa)

Ez da izan historiako epidemia erraldoi bakarra, baina bai latzenetako bat. Kasurako, beste pandemia beldurgarri bat gertatu zen 541. urtearen inguruan, Justinianoren izurritearekin. Gaitza aise zabaldu zen Ipar Afrikatik, Ekialde Hurbiletik eta Europatik. Urte asko igarota ere, beste hainbat agerraldi izan ziren Europan, hala nola 1630eko hamarkadan, 1647. eta 1649. urteetan (Frantzian), eta 1665ean (Londresen). Txina eta Indian, berriz, 1890eko hamarkadan ere une latzak bizi zituzten izurriteagatik.

Izurrite beltzaren lehen agerraldia 1346an izan zen, Volga ibaiaren beheko arroan eta Itsas Beltzean, eta, ondoren, Eurasiatik zabaldu zen, 1353ra arte. Kalkulu zehatzak izateko ezintasunetik abiatuta, gehien aipatu ohi den hurbilpenak dio epidemia horrek Europako garaiko populazioaren heren baten heriotza eragin zuela. 1346an hasitako gertakaria asko ikertu izan da orain arte, eta ondo ezagutzen da horren abiapuntua zein izan zen: Itsaso Beltzaren ingurutik itsasontzietan zabaldutako Yersinia pestis bakterioa, hain zuzen. Bai bakterioa bera zein bere jatorria ondo identifikatuta daude aspalditik. Baina orain ikertzaile talde batek atzerago egin du denboran; konturatu dira gauzak are konplikatuagoak izan zirela, eta orain arte aintzat hartu ez den faktore batek seguruenera pisu nabarmena izan zuela.

Communications Earth & Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean ezagutzera eman dutenez, 1340ko hamarkadan izandako sumendi erupzioek zeresan handia izan zuten krisiaren sorreran.

Iraganeko klima aztertzeko gehien erabili ohi diren bi tresnez baliatu dira ondorio horretara iristeko: izotz testiguak eta zuhaitzen eraztunak aztertzen dituen dendrokronologia. Poloetan hartutako izotz laginak argi mintzatu dira, 1345. urtearen bueltan pilatutako elurrean sufre mailen gorakada nabarmena dagoelako. Zientzialariek jakin badakite horrelako gorakada batek sumendi baten erupzio bat —edo erupzio sorta bat— adierazten duela. Ikusi duten sinadura geokimikoaren arabera, kalkulatu dute azken bi milurtekoetan izan diren hogei erupzio handienen artean dagoela urte horren bueltan gertatutakoa.

Momentuz bederen ez dakite non izan zen gertakari geologiko hori, baina izotz laginak lehen zantzua baino ez dira izan. Zuhaitzetako eraztunek ere berretsi dute gertakaria. Eta datu osagarri hauek funtsezkoak izan dira, soilik eraztunen bitartez eskuratu daitekeelako urte zehatz baten inguruko informazio zehatza. Adituek eraztun urdin gisa ezagutzen dituzte uda hotzen adierazgarri diren zuhaitzetako ezaugarri horiek. Hotzarekin, zuhaitzek ezin dituzte zelulak modu egokian lignina bihurtu enborraren azala gogortzeko, eta, horren ondorioz, eraztunean marka urdinkara bat geratzen da. Europako zortzi lekutan aztertutako zur zaharrek erakutsi dute bereziki hotzak izan ziren hiru uda jarraian egon zirela 1345etik 1347ra.

Diziplina arteko analisi multzo bat egin dute, eta korrelazio argia ikusi dute klimaren eta izurritearen artean. “Klima, ingurumen eta ekonomia faktoreak batera aztertu nahi izan ditugu, Europan izurritearen bigarren pandemia zerk eragin zuen hobeto ulertzeko”, laburbildu du Ulf Büntgen paleoklimatologoak.

Izurrite
2. irudia: zuhaitzetako eraztunek hiru uda bereziki hotzak izan zirela erakutsi dute. Argazkian, Ulf Büntgen Pirinioetan, laginak hartzen. (Argazkia: Ulf Büntgen)

Funtsean, proposatu dute erupzioaren ondorioz askatutako sulfato partikulak atmosferara askatu zirenean eguzki erradiazioa gutxitu egin zela, tenperaturen beherakada eraginez, eta, ondorioz, zuhaitzen hazkundea zailduz. Zuhaitzetan ez ezik, halabeharrez Eguzkiaren argiaren falta horrek eta tenperaturen beherakadak eragin zuzena izan zuten nekazaritzan.

Erregistro historikoek ere berresten dute zeru hodeitsuagoak edota ohi baino ilargi eklipse ilunagoak behatu zirela garai horietan; bide beretik, uda hotzak egon ziren, eta, horren ondorioz, ondorengo urteetako uztak eskasak izan ziren. Modu berean, testuetan jasota dago zerealen prezioak igo zirela, eta beren merkataritzaren inguruan zenbait araudi ezarri zirela.

Eta puntu honetan sartzen da Itsas Beltzarekiko lotura: uzta txarren ondorioz, zerealak garestitu ziren, eta horrek ekarri zuen itsasoari sarbidea zuten hiri eta nazioek hornidura berriak bilatu behar izan zituztela. Zerealekin batera, merkataritza itsasontzietan Yersinia pestis bakterioa zeramaten arkakusoak mugitu ziren, arratoien bidez.

Batez ere egungo Italiako entitateak izan ziren —Venezia, Genova edo Pisa, batez ere— Zetaren Bidetik egindako merkataritzara sarbidea zutenak, eta horregatik izurrite beltzaren lehen agerraldiak Mediterraneoko portu horietan gertatu ziren. Zereala beste lekuetara eramatean, kontinentean zehar bakterioaren zabalpena errazagoa izan zen. Milan eta Erroma hein handi batean beren burua aski bazuten ere, Bolonia, Florentzia, Genova, Siena eta Venezia bezalako hiri txikiagoek dependentzia handiagoa zuten Itsaso Beltzetik zetozkien hornidurekiko. Are, egileek uste dute aleak inportatu behar ez zituzten hainbat hiri —hala nola Milan edo Erroma— izurretik salbu geratu zirela.

Merkataritza harreman horiek mende batean baino gehiagoan elikagaien hornidura ziurtatu bazuten ere, historiaren ezusteko paradoxa horietako batean, hirietako agintariek ezin zuten imajinatu salbazio horrekin batera izurritearen hondamendia etorri behar zitzaiela.

Europan izurrite beltzaren zabalpena eragin zuten faktoreak oso zehatzak izan arren, ikertzaileek esan dute mundu globalizatu batek dituen arriskuen inguruko irakaspenak ematen dituela; hortaz, horrelako erronken aurrean, diziplina arteko lanaren balioa aldarrikatu dute prentsa ohar batean. “Hau bereziki adierazgarria da, duela gutxi COVID-19arekin izan dugun esperientzia aintzat izanda”, azpimarratu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bauch, Martin; Büntgen, Ulf (2025). Climate-driven changes in Mediterranean grain trade mitigated famine but introduced the Black Death to medieval Europe. Commun Earth Environ 6, 986. DOI: 10.1038/s43247-025-02964-0


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.