Antzinako izurriteak eta klima lotu nahian

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Klima hoztu izanak Antzinako Erroman izan ziren hiru izurrite handienak indartu zituela babestu du ikertzaile talde batek. Hiru urteko bereizpena lortu dute datu paleoklimatikoetan.

antzinako
1. irudia: zientzialari talde batek uste du Antzinako Erroman gertatutako izurriteen eta klimaren arteko harremana aurkitu duela. (Argazkia: Juanma Gallego)

Txantxa baten itxura eduki nahi duen esaera bat dabil zientzialarien artean: zientzia-artikulu baten titularrean galdera bat agertuz gero, erantzuna ezezkoa izango da. Logika handia duen itsasargia da zientzia komunikazioaren ur gatazkatsuetan nabigatzerakoan hondoa ez jotzeko. Agerikoa da egileek titular horretan proposatzen dutena berresteko froga nahikoak izanez gero, ez luketela galdera ikurrik jarriko titularrean.

Baina egia da ere gehienetan ezagutza ez doala aurrera erabateko segurtasuna duten aurkikuntza eztabaidaezinen bitartez, eta hainbat ikerketak pilatutako zantzu txiki askok askotan ebidentziak pilatzen dituztela norabide batean.

Korrelazioak bilatzen dituzten ikerketei hori gertatzen zaie. Ondo finkatutako irizpide klasiko batek dio berez korrelazioak ez duela suposatzen kausalitaterik, bi aldagai batera joateak ez duelako zertan esan beren artean harremana dagoenik. Hortaz, oso zalantzagarria izan daiteke pirateria klasikoaren beherakadaren eta klima aldaketaren arteko harremana aldarrikatzea, pastafariok logikaren kontra baina gure fedeari eutsita aldarrikatzen dugun bezala. Baina, arestian esan bezala, besterik ez dagoenean, ebidentziak pilatzeko lagungarriak izan daitezke korrelazioak.

Norabide horretan, klasiko bat da klimaren eta gertakari historikoen arteko harremana bilatzea, nahiz eta ia-ia kasu gehienetan egileek berek argi utzi ohi duten historia zizelkatzen duten faktoretako bat baino dela klima.

Oraingoan ere berdina gertatu da. Zientzia artikuluan ez, baina ikerketa zabaltzeko erabilitako prentsa oharrean agertzen da galdera: “Klima aldaketak pandemiak bultzatu al zituen antzinatean?”. Funtsean, Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu bat idatzi duten zientzialariak baiezkoan daude; baina onartu dute ere kausalitatea frogatzeko datu nahikorik ez dutela.

Gutxi gorabehera Kristo aurreko 200. eta Kristo ondorengo 600. urteen arteko tarteari dagozkien Mediterraneo aldeko datu paleoklimatiko berriak aurkeztu ditu talde horrek. Denbora eta lekua aintzat izanda, agerikoa da zergatik ahalegindu diren Antzinako Erromaren historiarekin alderatzen.

antzinako
2. irudia: Erromatar Inperioaren krisiek mendez mende piztu dute adituen eta publiko orokorraren irudimena. (Irudian, Izurritea Erroman izeneko grabatua, J.G. Levasseurrek egina, Jules Elie Delaunayren margolan batean oinarrituta. Jabari publikoko irudia)

Dinoflagelatuaen gaitasun harrigarria

Itsasoan bildutako sedimentuak izan ohi dira iraganeko klima nolakoa zen jakiteko gehien erabiltzen den metodoetako bat. Gaian aditu ez garenontzat, horrelako zerbait entzutean burura datorkigun lehen ideia da sedimentu horietan pilatutako polenaren arabera gai direla zientzialariak estratu bakoitza sortu zelako egoera klimatikoa zertan zen ondorioztatzeko. Izotz laginen kasuan ere, nahiko ezaguna da ere bertan harrapatutako aire burbuiletan aurkitu ohi dituztela garai bateko atmosferaren denbora kapsula txikiak.

Bada, kasu guztietan ez da horrela, ikerketa honetan erakutsi dutenez. Izan ere, oraingoan batez ere dinoflagelatuak erabili dituzte iraganeko klima berreraikitzeko. Fitoplanktonaren parte dira organismo hauek, eta beste hainbat organismok duten gaitasun harrigarri berdina dute hainbat espeziek: ingurumenaren egoera eurentzat egokia ez denean, gai dira latentzia egoera batean sartzeko, garai egokiagoen zain geratuz.

Dinoflagelatuen kasuan, kontua are bitxiagoa da, ahalmen hori beren bizi zikloaren parte izan daitekeelako. Izan ere, gehienetan asexualki ugaltzen badira ere, zenbaitetan ugalketa sexuala gauzatu dezakete. Bikotean dena ondo baldin badoa, bateratu eta bi dinoflagelatuek zigoto bat sortzen dute. Baina baldintzak ez baldin badira egokiak, elikagai edo argi nahikoa ez dagoelako, kiste gogorrago baten itxura hartu dezakete, eta hondoan geratu daitezke, urteak edo hamarkadak hibernazio egoera batean mantenduz.

Hain justu, tenperatura mailen arabera eta nutrienteen eskuragarritasunaren arabera gehiago edo gutxiago pilatzen direnez, beren presentzia estratuetan oso adierazgarria da garaian garaiko klimaren berri izateko. Sedimentuen geruzak datatzeko erradiokarbonoa eta pilatutako sumendietako errautsak erabili dituzte. Garaiko sumendietako erupzioak ondo ezagutzen direnez, adituek aukera izan dute zehaztasun maila altua eskuratzeko. Sumendi bereko erupzioak izan arren, sortzen diren kristalezko partikula txikiak desberdinak baitira erupzioaren arabera.

Ez da modu bakarra izan, eta, besteak beste, polena ere aztertu dute. Horrez gain, dendrokronologian edo espeleotemen azterketan abiatuta egin diren beste hainbat ikerketa ere aintzat hartu dituzte. Horregatik guztiagatik, datazio hauetan hiru urteko doitasuna eskuratu ahal izan dute datak zehaztean, eta horregatik Antzinako Italiako “bereizmen handiko” lehen erregistro gisa aurkeztu dute.

Aurkitutako korrelazioei dagokienez, hiru izurrite handirekin lotu dituzte hotz handiagoko garai historikoak. “Klima aldaketaren fase bakoitzaren ondoren pandemia bat abiatu zen”, laburbildu du Bremengo Unibertsitateko Karin Zonneveld ikertzaileak. Zientzialarien arabera, hotzagoa den klima batek janaria murriztuko luke, eta pertsonak zaurgarriago bilakatuko lituzke.

Aurkitu duten lehena 160. eta 180. urte artean izandako hotz handiko garaia izan zen, eta hori lotu dute Antoninotar izurrite handiarekin. Ezagutzen da Ekialde Hurbiletik bueltatu zirenean legioek Erromara eraman zutela gaixotasun hori, baina ez dago batere garbi baztanga ala elgorria izan ote zen.

Bigarren hotzaldi bat 245etik aurrera gertatu zen, eta horren ostean abiatu zen Hirugarren Mendeko Krisia (250-275). Moneta krisia, inperioaren zatiketa eta Ziprianotar izurria gertatu ziren data horietan. Egileek uste klima aldaketak eragina izan zuela krisian. Kasu horretan ere zaila da jakitea elgorria, baztanga ala sukar hemorragikoren bat izan ote zen urte horietan zabaldu zen gaitza.

Hirugarren aldia, baina, askoz ezagunagoa da aditu ez direnen artean: Antzinate Berantiarreko Izotz Aro Txikia abiatu zen 536. urtetik aurrera. Kasu honetan hasierako data zehaztasun handiz ezagutzen da, garaiko iturriek diotelako laino iraunkor batek hartu zuela Eurasia. Prokopio historialariak idatzi zuen urte oso batez Eguzkiaren indarra Ilargiaren parekoa izan zela, uztak akabatuz eta gosetea zabalduz.

Ezagutzen da mundu osoan tenperaturak jaitsi zirela, eta uste da 536. urtean Islandian izandako sumendi baten erupzioaren ondorioz gertatu zela. Egoera are gehiago okertzeko, zientzialariek uste dute 540. and 547. urteetan ere erupzioak jazo zirela. Testuinguru latz horretan abiatu zen 541ean Justinianoren izurritea, Yersinia pestis bakterioak eragindako izurrite bubonikoarekin. Kalkuluek diote Mediterraneo aldeko populazioaren herena edo erdia akabatu zuela. “Baldintza klimatikoek gaixotasunaren efektuak handitu zituztelako hipotesia babesten dute gure datuek”, argudiatu dute zientzialariek. Ohartarazi dute ere aurkitu dituzten hotzaldi guztiak ez daudela lotuta pandemiei —200. eta 215. urteen artean gertatutako hotzaldia aipatu dute ikerketan, gaitzekin loturarik izan ez zuena—.

Emaitzak ezagutu aurretik ere Kyle Harper Oklahomako Unibertsitateko (AEB) historialariak eta egilekideak uste zuen lotura egon ahal zela klimaren eta gaixotasun pandemikoen zabaltzearen artean. Hain justu, titulu argigarria duen liburu baten egilea da Harper: Erromaren patua: klima, gaixotasuna, eta Inperio baten amaiera. Berak sustatutako hipotesiaren alde egingo lukete orain aurkeztutako korrelazioek, baina, esan bezala, onartu dute ezin dutela guztiz babestu lotura hori.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zonneveld, Karin A. F.; Harper, Kyle; Klügel, Andreas; Chen, Liang ; de Lange, Gert; Versteegh,Gerard J. M. (2024). Climate change, society, and pandemic disease in Roman Italy between 200 BCE and 600 CE. Science Advances, 10. DOI:10.1126/sciadv.adk1033


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.