Asteon zientzia begi-bistan #353

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klima

Klima-aldaketa

Klima-aldaketak giza osasunari eragiten dio, baina ez da eskala handiko azterketarik egin beroak gure osasunean duen eragina zenbatzeko. Ikerketa batek 43 herrialdetako datuak jaso ditu, 1991-2018 aldian berotze globalak eragin duen beroaren esposizio gehigarriaren ondoriozko hilkortasun-tasa ezagutzeko. Emaitzen arabera, urte-sasoi beroenean hildakoen % 37a klima-aldaketa antropogenikoari egotz dakizkioke. Xehetasun guztiak, Berrian: Klima-aldaketak eragindako beroaldiek urtero 33 lagun hiltzen dituzte Hegoaldeko hiriburuetan.

Historia

Martiodako elizan (Araba) erlikia multzo garrantzitsu bat izan dute gordeta. Juanma Gallego kazetariak kontatu duenez Alea aldizkarian, erlikiez harago joanez gero ezkutuko altxorra da material hori. Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak hainbat teknika erabiliz aztertu ditu piezak eta publikoak ezagutu ditzan erakusketa bat antolatu du.

Neurozientzia

Teknologia berriak funtsezkoak dira garuneko zirkuitu eta neurona-sistemaren dinamika ulertzeko. Ultrasoinuetan oinarritutako neuroirudi teknika baten bidez, makako baten gorputz atalen mugimenduak eta begiradaren norabidea aurreikusi dituzte ikerketa baten. Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak azaldu du: Ultrasoinuak, entzefaloaren barrualdera begiratzeko.

Osasuna

Covid-19a modu arinean pasatu zuten 77 gaixoren azterketak emandako datuak argitaratu dituzte Nature aldizkarian. Emaitzek iradokitzen dutenez, gaixotasuna pasatu duen pertsona batek, nahiz eta arina izan, epe luzerako babesa eman diezaioketen antigorputzak gara ditzake. Egoitz Etxebestek azaldu du Elhuyar aldizkarian: COVID-19tik epe luzean babesten duten zelulak topatu dituzte hezur-muinean.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian jakitera eman digu, Gaixotasun Infekziosoen Europako Zentroak (ECDC) osasun publikoko agintarientzako lagungarria izan daiteken txosten tekniko bat argitaratu dutela. Bertan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei Covid-19aren txertoa emateari buruzko erabakia hartzeko lagungarria izan daitezken irizpideak eskaintzen zaizkie.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek ikerketa bat abiarazi dute, trebatutako txakurren laguntzarekin Covid-19arekin kutsatutako pertsonak usainaren bidez antzemateko. Maialen Arteaga kazetariak azaltzen du Berrian: Txakurrak birusa antzematen.

Astrofisika

Martek gure arreta erakartzen duela gauza jakina da. Azkenaldian planeta gorriari buruzko hainbat gauza ezagutzen ari gara bertan dauden ibilgailu robotikoei esker. Esaterako, Nagore Arin kazetariak Berrian jakitera eman digu izotz lehorrez konposatutako hodei koloretsu eta distiratsuak antzeman dituztela Marten. Hodei bitxiak dira, ilunabarrean eguzkiaren azken izpien koloreak xurgatu eta distira nabarmena egiten dute.

Genetika

Pandemiak zaintza genomikoko aro bati eman dio hasiera. Izan ere, zientzialariak SARS-CoV-2 birusaren aldaerak aztertzen dihardute inoiz ikusi gabeko abiadura eta eskalan. Baina lan hau ez da modu berean ematen munduan zehar eta zientzialariek ohartarazi dute litekeena dela diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialde askotan birusaren aldaerak modu kezkagarrien zabaltzea, inork atzeman gabe. Koldo Garcia genetistak ohartarazi digu asteon auziaz: Gene informazioa, denon onurarako?

Mikrobiologia

Eztabaida publikoetan laguntzeko, OMEk letra greziarrak erabiliko ditu SAR-COV-2 birusaren aldaerak izendatzeko. Osasun erakundearen esanetan, hauek errazagoak eta praktikoagoak izango dira zientzia gaietan trebatua ez dagoen audientzia batek informazioa kudeatu dezan. Aitziber Agirreren eskutik, Elhuyar aldizkarian: Alfa, Beta, Gamma eta Delta: SARS-CoV-2aren aldaerentzako izen berriak.

Biologia

Herpetologia narrastiak eta anfibioak aztertzen dituen zoologiaren adarra da. Besteak beste, sugeak dira herpetologoen ikergaia eta Berrian Enekoitz Telleria kazetariak animalia hauek protagonista duen egitasmo baten berri eman digu: #sugebizi proiektua. Aranzadi Elkarteak martxan jarritako egitasmoa da eta herritarrek Twitter bidez partekatutako argazki eta datuen bidez, sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea izan du helburu.

Neurozientzia

Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu zen Ileana Quiñones ikertzailea eta, egun, kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituen BCBL zentroan ari da lanean. Bere ibilbideari buruz hitz egin du Ana Galarragarekin eta Quiñones neurozientzialariak azpimarratu dio zaila dela emakume izatea eta ikerketan lan egitea.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.