Gene-informazioa, denon onurarako?

COVID19 · Kolaborazioak

COVID-19 gaixotasunaren pandemian argi ikusi dugu zeinen garrantzitsua den SARS-CoV-2 birusaren aldaeren zainketa. Zainketa hori gauzatzeko, ezinbesteko da birusen genoma sekuentziatzea eta sekuentzia horiek komunitate zientifikoan zabaltzea. Hala, toki bakoitzean zirkulazioan dauden birusaren aldaerak ezagutu daitezke eta kezkagarriak izan daitezkeen aldaeren kontrola areagotu. Baina oro ez da urre.

Gene-informazioa eskuragarri jarri ohi da datu-base publikoetan. Zientzia-artikulu baten baitan gene-informazio berria sortzen denean, zientzia-aldizkariek gene-informazio hori modu publikoan jartzea eskatu ohi dute artikulua argitaratzeko. Hala, zientzia-komunitateak ikuska dezake gene-informazio hori eta berrerabili lan berriak egiteko. SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioaren kasuan, zientzia-artikuluak argitaratu baino lehenago eskuragarri jarri dira, pandemiaren ezagutzan arinago sakontzeko. Baina prozedura horrek arazoak izan ditu.

gene-informazioa
1. irudia: Gene-informazioa datu-baseetan gordetzen da (Argazkia: ColossusCloud – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

COVID-19 gaixotasunean positibo eman duten pertsonen birusak sekuentziatu dira, baina herrialde guztiek ez dute modu berdinean egin. GISAID datu-basea izan da SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia horiek partekatzeko biderik erabiliena. Datu-base hori 2008. urtean sortu zen gripearen birusaren sekuentziak bidezkoa den modu batean partekatzeko; eta bermatzeko dagokien aitortza emango zitzaiela sekuentzia horiek sortzen dituzten ikertzaileei eta zentroei. GISAIDeko datuak erabili ahal izateko, izena eman behar da bertan eta hitzeman egiten da datuei bidezko erabilera emango zaiela, GISAIDeko gidalerroak jarraituta. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko, GISAID datu-baseak aukera eman zuen SARS-CoV-2 birusaren sekuentzien gordailu izateko eta gene-datu horietan oinarrituta analisiak egiteko.

GISAID datu-basean biltzen diren sekuentziak berebizikoak bilakatu dira COVID-19 birusaren aldaeren zainketa egiteko. Bertan COVID-19 birusaren 1,5 milioi sekuentzia gordetzen dira, baina herrialde guztiek ez dute informazioa modu berean bidali. Ezberdintasun horren oinarria da herrialde bakoitzean ez direla berdinak izan jarritako baliabideak eta pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak. Adibidez, sekuentzien %45 Erresuma Batuak bidali ditu eta %7 Danimarkak. Horrez gain, esan behar da herrialde batzuk kasu gutxiago izan dituztenez, sekuentzia gutxiago bidaltzeko aukera izan dutela baina kasuen ehuneko handi bat direla. Adibidez, Australiak izan dituen kasuen %58ren sekuentziak bidali ditu, eta Zeelanda Berriak %48. Desberdintasun hauek zailtzen dute munduko eskualde batzuetan zirkulazioan dauden birusak zeintzuk diren jakitea eta, ondorioz, aldaera berrien zaintza.

txertoa
2. irudia: Txertoak garatzeko, birusen gene-informazioa erabiltzen da (Argazkia: whitesession – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Aipatutako mugak direla eta, gero eta ikertzaile gehiagok esaten dute SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioa inolako baldintzarik ez duten datu-baseetan partekatu beharko litzatekeela. Horrela, ahalbidetu egingo litzateke datuen analisi konplexuak egitea eta emaitza baliagarriak arinago lortzea. Bestalde, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzien eskuragarritasuna errazteko, 800 ikertzaile inguruk sinatutako gutun batean eskatzen da gene-informazio hori domeinu publikoan jartzea. Ikertzaile horien %99 Europako, AEBko eta Kanadako ikertzaileak dira. Baina, zer iritzi dute hainbeste baliabiderik ez duten herrialdeetako ikertzaileek?

Christian Happi-k –Nigerian kokatutako Genomikarako eta Gaixotasun Infekziosoetarako Afrikako Bikaintasun Zentroko mikrobiologoak– adibide argi bat ematen digu “Imajinatu afrikarrak lan ta lan egiten datu-base bat elikatzeko, zeina erabiltzen den txertoak egiteko edo eguneratzeko, eta gero txertoetara sarbiderik ez izatea. Etsigarria da.” Baliabideak mugatuak izanda eta aitortzarik lortzen ez badute, beren lanak ez die onurarik sortzen. Horregatik, lasaitasuna ematen die GISAID datu-basearen funtzionamenduak. Nnaemeka Ndodo-k –Nigeriako Gaixotasunen Kontrolerako Zentroko bioingeniaritza molekularrerako adituak– eta bere lankideek egun osoan zehar egiten dute lan birusaren sekuentziak lortzeko eta gauez GISAIDera igotzen dituzte. Horrela egunero. Ndodo-ren kezka da sortzen dituzten datuak mugarik gabe eskuragarri jartzen badituzte, baliabide gehiago dituzten ikertzaileek datu horiek erabili ditzaketela eta zientzia-aldizkari garrantzitsuetan analisiak argitaratu edo teknologiak patentatu, datu-biltzaileek inolako onura eta aitortzarik jaso gabe. Nolabait, GISAIDen ereduak bermatu egiten ditu baliabide gutxi dituzten laborategien aitortza eta parte-hartzea, babestu egiten du egin duten lana.

Gene-datuen partekatzeari buruzko kezka aspalditik datorren auzia da. Hego Afrikako IOL agerkarian editorial anonimo batek deskribatzen duen bezala, “zientzia-komunitatea aspalditik blaituta dago mentalitate neokolonial batekin”. Afrikarren kezkei oinarri ematen die 2014 eta 2016 urteen artean Ginean gertatutako Ebolaren agerraldian jazotakoak. Garai hartan, Afrikako ikertzaileek lortu zituzten laginak Gineatik kanpo bidali ziren; eta lagin horiek erabilita argitaratu ziren zientzia-artikuluen eta lortu ziren patente gehienen egileak herrialde aberatsetakoak izan ziren. Bitartean, Gineako laborategiek ez zuten lan horretatik onurarik jaso eta gaur egun ez dute gaitasunik laginak sekuentziatzeko.

gene-informazioa
3. irudia: SARS-CoV-2 birusaren aldaeren zaintza beharrezkoa da pandemiari aurre egiteko (Argazkia: OliverKepka – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Auzi garrantzitsua da SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioa non gordetzen den. Birusaren aldaeren zaintza eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da baliabide mugatuak dituzten herrialdeetako ikertzaileak prest egotea gene-informazioa partekatzeko. Txertaketa-prozesuaren onurak jaso ez dituztenez, gerta liteke birusaren aldaera kezkagarriak herrialde horietan agertzea. Ondorioz, herrialde horietan dauden birusen sekuentziak beharrezkoak izango dira pandemiaren zaintza eraginkor bat egiteko. Horretarako, herrialde horiek baliabideak izatea bezain garrantzitsua da beren lana aitortzea.

Aurreko batean azaldu genuen gizatalde guztiek ez dituztela gene-informazioaren onurak modu berean jaso. Orduan gizakion gene-informazioaz ari ginen, baina argi dago joera orokorra dela, bai edozein gene-informazio eskuratzeko, bai edozein gene-informazio erabiltzeko. Herrialde batzuek onura gehiago lortzen dituzte gene-informaziotik beste batzuek baino eta denon ardura izan beharko luke herrialde guztiek gene-informazioaren onurak modu bidezko batean jasotzeak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Cyranoski, D. (2021). Alarming COVID variants show vital role of genomic surveillance. Nature, 589, 337-338. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-00065-4

Maxmen, A. (2021). Why some researchers oppose unrestricted sharing of coronavirus genome data. Nature, 593, 176-177. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-01194-6


Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.