Alejandra Melfo: «Ezagutza sendoaren bitartez lagundu nahiko nuke, aurrerago beste pertsona batzuek ezagutza horretatik abiatuta eraiki ahal izateko»

Ikertzen dut

Alejandra Melfo Fisikan lizentziatu zen Andeetako Unibertsitatean (Venezuela) eta Astrofisikan doktorea da (SISSA, Italia). Gaur egun irakaslea da Andeetako Unibertsitatean. Bere karreraren zatirik handiena energia handiko fisika ikertzen eman du, bereziki bateratze handiko teoriei eta akats topologikoei lotuta.

Berriki, glaziarren ikerketa eta kontserbazioa izan ditu aztergai, zehazki Pico Humboldt mendian dagoen La Corona glaziarrarena; izan ere, Venezuelako azken glaziar tropikala da, eta klima aldaketaren eta berotze globalaren ondorioz arriskuan dago. Halaber, zeregin aktiboa izan du bere herrialdean, ingurumen sentsibilizazioaren eta heziketaren esparruan.

Alejandra Melfo eta Jorge Drexlerrek Despedir a los glaciares abestia egin zuten (Salvavidas de hielo albuma, 2017), glaziarrak desagertzearen eta horrek eragindako ondorioen inguruko kezka aditzera emateko.

Alejandra Melfo

Zein da zure ikerketa arloa?

Ia 30 urte eman nituen fisika teorikoaren arloan, bereziki energia handiko fisikaren arloan, edo, bestela esanda, oinarrizko partikulekin lanean. Duela hamar urte ibilbidea aldatu nahi nuen eta biologian murgildu naiz, eremu glaziarren ekologiari eta mikrobiologiari lotutako zenbait proiektutan, eta, zehazki, Venezuelako azken glaziarren desagerpenari lotuta, bertan bizi bainaiz.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Aukera bat izango litzateke esatea ezagutza areagotzea eta zientziaren arloko galderei erantzutea gustuko dudala, edo, berriki, ingurumena kontserbatzeko premia dibulgatzea gustuko dudala, baina ez da egia. Izan ere, ikerketa munduko gauzarik dibertigarriena da, bizitza adierazgarri egiten duen lana baita. Nire herrialdeko egoeraren ondorioz (krisia eta unibertsitateen kolapsoa) beste arlo batzuetan lan egin behar izan dut, hala nola dibulgazio zientifikoaren esparruan, baina denbora gehiago eman nahiko nuke ikertzen.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Ez nuke halakorik esango. Zientzialari ezagunak beti erreferentetzat hartzen ditugu, baina baita hain ospetsuak ez direnak ere. Zientzia egitean gehien gustatzen zaidan gauzetako bat da errealitatean lana taldean egin behar dela, bestek ikertzaile batzuekin lankidetzan aritzen garelako, edo, ezagutzen ez ditugun arren, haien lana jarraitu eta haiek egindakoaren gainean eraikitzen dugulako. Beti dago lanbidea erakusten digun tutore bat, eta hori da gure abiapuntua, baina esan nahiko nuke taldea dela erreferentziazko benetako figura, taldekako lana baita.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Bada, beti buruan galdera esanguratsuak dauzkagu; adibidez, partikulen fisikaren arloan lan egiten nuenean neure buruari zera galdetzen nion: «existitzen al dira monopolo magnetikoak?» edo «zein da bateratze handiaren eskala, indar guztiak indar bera osatzen dutenean? eta hori gertatu al zen unibertsoa gaztea zenean?». Gaur gaurkoz, honako hau izango litzateke: «zer nolatan dago bizi forma bakarra gure planetan, denok erabiltzen dugun molekula berarekin (bakterioetatik hasi eta elefanteetaraino)?». Baina, errealitatean, erantzun ditzakegun galdera txikietan zentratzen gara, edo, behintzat nik beti horrela ikusi izan dut. Hortaz, anbizio txikiagoko galderak egiten dizkiogu gure buruari, hala nola: «zer gertatuko da izotzean bizi diren bakterioekin glaziarra urtzen denean? Ekosistema berriaren parte izango dira?». Eta horrela eraikitzen goaz. Ezagutza sendoarekin lagundu nahiko nuke, aurrerago beste pertsona batzuek ezagutza horretatik abiatuta eraiki ahal izateko.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Egin dezala. Izugarri disfrutatuko du. Bestela, bizitza erdia eman dezake gauza bat egiten, eta aurrerago beste toki batean hutsetik hasi; beraz, aurrera, beldurrik gabe.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko azaroaren 8an: “Alejandra Melfo: «Me gustaría contribuir con conocimiento sólido, desde el que otras personas puedan construir más adelante».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.