Zergatik ikusten dugu zerua urdin egunez eta gorrixka ilunabarrean?
Zergatik ikusten dugu zerua urdin egunez, baina gorrixka egunsentian edo ilunabarrean? Naturak egunero eskaintzen digun ikuskizun horren atzean fisikaren azalpen bat dago. Eguzkiaren argia zuria dirudien arren, kolore askoren nahasketa da, eta kolore horiek ez dira modu berean hedatzen gure atmosferan.
Atmosferako molekulek argia barreiatzen dute, eta uhin-luzera motzagoa duten koloreak —urdina edo morea— errazago sakabanatzen dira, horregatik ikusten dugu zerua urdin egunez. Eguzkia horizontetik gertu dagoenean, ordea, argiak bide luzeagoa egin behar du atmosferan zehar, eta kolore urdinak ia desagertu egiten dira; orduan, kolore gorriak eta laranjak nagusitzen dira. Bideo honetan ikusiko duzu nola margotzen duen fisikak zerua kolorez egunaren une bakoitzean.
Zergatik gertatzen dira gauzak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izan du.