Victoria Reyes-García: «Ingurumen politika inklusiboagoak diseinatu ahal izateko bideak aurkitu nahiko nituzke»

Ikertzen dut

4 min

Victoria Reyes-García: «Ingurumen politika inklusiboagoak diseinatu ahal izateko bideak aurkitu nahiko nituzke»

Victoria Reyes-García (Antropologia, 2001, Floridako Unibertsitatea) ICREA ikerketa-irakaslea da Institut de Ciència i Tecnologia Ambientals delakoan, Bartzelonako Universitat Autònoman (ICTA-UAB). Ingurumen- eta klima-aldaketa ulertzeko eta aurre egiteko ezagutza indigenak eta tokiko ezagutzak duten garrantzia da bere ikerketaren ardatza. Tsimane’ herriarekin bizi izan zen 1999tik 2004ra, eta landa-lanak egin ditu Espainian, Indian, Mexikon, Kamerunen, Indonesian eta Senegalen. Reyes-García Globalizazioko Sistema Sozioekologikoen Analisirako Laborategiaren (LASEG) koordinatzailea da; sistema sozioekologikoetan aldaketa globalak dituen eraginak aztertzen ditu ikerketa talde honek. 300 artikulu baino gehiagoren egilekidea da aldizkari indexatuetan, 3 libururen editorea beste batzuekin batera, eta 25 doktorego tesi zuzendu ditu. Bitan finantzatu du bere ikerketa Europako Zientziaren Kontseiluak: ikuspegi transkulturala erabilita dibertsitate biologikoaren eta kulturalaren arteko harremanak aztertzeko (2010-2015) eta klima-aldaketaren eraginei buruzko ikerketarako ezagutza indigena eta tokikoaren ekarpena aztertzeko (2017-2023). Erabakiak hartzen dituztenentzako zenbait txosteni ekarpenak egin dizkie, IPBESren Txosten Globala eta IPBESren Aldaketa eraldatzailearen txostena, IPBES-IPCC baterako txostena eta UNESCOren Lurrarentzako sarea. 2021ean Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko nazioarteko kide hautatu zuten, eta 2022an Frantziako Nekazaritzako Akademiako kide.

Victoria Reyes-García
Irudia: Victoria Reyes-García ikertzailea. (Argazkia: Victoria Reyes-Garcíak emana)

Zein da zure ikerketa arloa?

Antropologoa naiz. Gizakiok munduan bizitzeko ditugun formak ulertzea interesatzen zait. Antropologiaren barruan ingurumen antropologia lantzen dut, eta pertsonok gure inguruarekin nola elkarreragiten dugun aztertzen dut, bereziki, herri indigenek eta tokiko komunitateek dituzten ezagutzak ingurumen- eta klima-aldaketari aurre egiteko. Nire lanean erakutsi dut ezagutza horiek aukera zehatzak eskaintzen dituztela biodibertsitatearen galera gelditzeko eta klima-aldaketaren eraginak hobeto ulertzeko. Adibidez, Boliviako Amazonaseko tsimane’ herria ikertu dut; izan ere, naturaren erabilera jasangarriko jardunbideek natura kudeatzeko beste eredu batzuen berri ematen baitigute, ohikoekin zerikusirik ez duten jardunbideen berri.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Gure garaiko erronka handienak ingurumen-aldaketa, klima-aldaketa eta gizarte arloko desberdinkeriak dira. Pertsonalki, nire ikerketaren motorra mundu bidezkoago eta jasangarriagoa eraikitzeko ekarpenen bat egin nahi izatea da, eta ez soilik guretzat eta gure espeziearen etorkizuneko belaunaldientzat, baizik eta planeta partekatzen dugun gainerako espezieentzat ere bai. Aldaketa horretan funtsezkoa da irtenbideak soilik mendebaldeko zientziatik ezin direla etorri aitortzea, baizik eta pluralean eta modu inklusiboan eraiki behar dira. Seguru nago ezagutzen dibertsitatea aitortzea eta baloratzea –batez ere herri indigenena eta tokiko komunitateena– funtsezkoa dela bizia bere forma guztietan zaindu ahal izateko jardunbide alternatiboak irudikatu eta praktikan jartzeko; eta ondorioz, baterako etorkizuna bermatzeko ere bai.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Bai, erabat markatu nauten erreferente bat baino gehiago izan dut. Gurasoek irakatsi zidaten lanaren kulturaren balioa eta gauzak indar guztiz egiteko inspirazio izan ditut. Gizarte mugimenduetako nire militantziak erakutsi zidan kausa baten alde lana egitearen balioa, nire kasuan ingurumen- eta gizarte-justiziaren alde. Herri indigenei buruzko irakurketak eta tsiname’ herriarekin bizi izana inspirazio handia izan dira besteekin erlazionatzeko beste forma batzuk pentsatu eta bizitzeko, baita mundu akademiko lehiakorrean ere. Eta naturatik ikasi dut, hain zuzen ere, saiatua eta erresilientea izan behar dudala, eta birsortu eta aurrera jarraitzeko bideak beti daudela gogorarazi dit.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Ezagutza zientifikoaren eta jakintza indigena eta tokikoen artean lankidetzarako forma berriak aurkitzen lagundu nahiko nuke, ingurumen- eta klima-aldaketari aurre egiteko. Uste dut erronkarik handiena ezagutza sistema horiek bidez eta errespetuz txertatzea dela, komunitateen ahotsak ikusezinak izan ez daitezen eta komunitateen ekarpenak zientziarentzako “datu” hutsak izan ez daitezen. Beste bide batzuk aurkitu nahi ditut ingurumen politika inklusiboagoak diseinatzeko, natura zaintzeko perspektiba eta jardunbide ugari dagoela aitortzeko, eta irtenbide jasangarri eta ekitatiboak eskaintzeko arazo larriei, esaterako, biodibertsitatearen galerari eta klima-aldaketaren ondorioei.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Ikerketaren mundua liluragarria dela esango nieke, baina erronka askokoa ere bai, eta garrantzitsuena jakin-mina izatea dela eta iturri eta esperientzia desberdinetatik ikasteko irekita egotea ere bai. Ikertzea ez da soilik galdera akademikoei erantzutea, entzutea, behatzea eta beste jakintza eta errealitate batzuekin elkarrizketak izatea ere bada. Nire aholkua da egiaz motibatzen dituen gai bat aurkitzea, hanka sartzeko beldurrik ez izatea, prozesuan zehar ikuspegiz aldatzeko ere ez, eta pazientzia eta pertseberantzia lantzea. Ikerketa talde lana izaten da: sareak eraikitzea, lankidetzan aritzea eta besteekin ikastea bakarrik aritzea baino askoz aberasgarriagoa da.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abenduaren 6an: “Victoria Reyes-García: «Aspiro a encontrar caminos que permitan diseñar políticas ambientales más inclusivas»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.