Lorena Hernández García: «Guretzat guztiz ezezaguna den zerbait deskubritu nahiko nuke»

Ikertzen dut

5 min

Lorena Hernández García: «Guretzat guztiz ezezaguna den zerbait deskubritu nahiko nuke»

Lorena Hernández García (Euskadi, Espainia, 1986) astronomoa eta astrofisika estragalaktikoan espezializatutako ikertzailea da, eta bere jardunaren ardatza zulo beltz supermasiboen eta galaxien nukleo aktiboen ikerketa da. 2015ean doktore bihurtu zen Granadako Unibertsitatearen bidez, Andaluziako Astrofisikako Institutuan (IAA-CSIC).

Doktoregoa amaitu ondoren, doktorego osteko egonaldia egin zuen Erromako (Italia) Instituto de Astrofísica e Planetología Spaziali (IAPS-INAF) institutuan, 2016 eta 2017 artean. 2017tik 2025era, bere ikerketa ibilbidea nagusiki Txileko Universidad de Valparaíson garatu du, non zulo beltz supermasiboen ingurune zirkunnuklearraren karakterizazioari, horren emisioaren aldakortasunari eta galaxien bilakaerari buruzko nazioko eta nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu duen. Egun, 2025az geroztik, akademiko gisa dihardu Txileko Santiagoko Diego Portales Unibertsitatean (UDP).

Haren ikerketaren helburua da galaxietako nukleo aktiboetan gertatzen diren prozesu fisikoak ulertzea, akrezio diskoen, koroen, hauts eta gasezko egituren eta uhin luzeren emisioa ikertzea barne. Haren lanak ekarpena egin dio zulo beltz supermasiboek edukitzen dituzten galaxien bilakaeraren gainean duten eraginari buruzko ezagutza sakontzeko xedeari.

Haren azken artikuluek nazioarteko aitortza jaso dute, eta bereziki NASAk eta Europako Espazio Agentziak (ESA) azpimarratu izan dituzte, haren ekarpen zientifikoak balioetsi zituzten prentsa oharrak argitaratu baitzituzten. Lan horiek nabarmen lagundu dute zulo beltz supermasiboen eta euren nukleo aktiboen dinamika eta egitura ulertzen; hala, Lorena astrofisika estragalaktikoko ikertzaile gako bihurtu da mundu mailan.

Haren ibilbide eta ekarpen zientifikoen aitorpen gisa, 2025ean L’Oréal-UNESCO For Women in Science (FWIS) Chile saria jaso zuen, zeinak herrialdeko emakume zientzialarien bikaintasuna eta eragina azpimarratzen baitu.

Lorena Hernández
Irudia: Lorena Hernández García ikertzailea. (Argazkia: Lorena Hernández Garcíak emana)

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa astronomia estragalaktikoaren esparruan dago kokatuta; zehazki, galaxien nukleo aktiboen ikerketan (AGN, ingelesez). Egun, uste dugu galaxia guztiek erdian zulo beltz supermasibo bat dutela, eta gehienak “lo” edo “lasai” daudela, eta gutxi gorabehera horien % 10 inguruan duten materia “irensten” ari direla. Azken horiek dira aktibo gisa ezagunak direnak, eta nik ikertzen ditudanak. Nire ikerketan, hainbat frekuentziatan behatzen ditut, irrati uhinetatik hasi eta X izpietara arte. Puzzle baten modukoa dela irudikatu dezakegu: behatzen dugun maiztasun bakoitzak pieza bat ematen digu eta zenbat eta pieza gehiago izan, orduan eta argiago ikusi ahalko dugu puzzlearen irudia.
Gainera, datu kopuru handiak erabiltzen ditut, egun Zwicky Transient Facility (ZTF) teleskopioarekin jasoak eta etorkizun hurbilean Vera C. Rubin Behatokian jasoko direnak, eta galaxiak hainbat unetan behatzen ditut, denboraren arabera euren distira nola aldatzen den ikertzeko.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Izugarri gustatzen zait egiten dudana, eta urteak igaro ahala, gero eta gehiago gustatzen zaizkit Unibertsoa eta horren misterioak. Txikitatik asko erakarri izan nau zeruak. Valdefinjasen (Zamora, Espainia) zeruari begiratzen nion, nire aita bertan jaio baitzen eta udan herri txiki hartara gindoazelako; gauez herriko argi guztiak itzaltzen ziren, eta ikuskizuna hasten zen. Ikasi nahi nuena erabaki behar izan nuenean, astronomoa izan nahi nuen, baina ez nituen fisika edo matematika ikasi nahi, ez nintzelako oso trebea. Hala ere, halaxe egitea erabaki nuen, eta oso pozik nago nerabe izanda hartu nuen erabaki horrekin. Une hartatik 20 urte igaro dira, eta, hala ere, uste dut egunero gauza berri bat ikasteko aukera dagoela. Izan ere, orain asko gustatzen zait diziplinarteko lana egitea. Beste diziplina batzuetako adituekin lan egiteak izugarri ireki dit ikuspegia, eta aukera eman dit inoiz irudikatu ezingo nituzkeen lanak garatzeko, eta azaltzen diet egiten dudana erronka dela, eta beste pertsona batzuei nire lana transmititzen laguntzen didala.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Nire ibilbide profesionalean atzera begiratuz, uste dut nirekin batera lan egiten duten emakumeek eragin handia izan dutela. Nire doktoregoan hiru zuzendari izan nituen Andaluziako Astrofisikako Institutuan (IAA-CSIC): Josefa Masegosa, Isabel Márquez eta Omaira González-Martín. Eredu oso garrantzitsua izan ziren, eta bakoitzak ekarpen ezberdina egiten zuen beti; zientzia zuhurtziaz egiten irakatsi zidaten. Herrialdetik atera nintzen lehenengo aldia Erromara izan zen, eta bertan Francesca Panessarekin lan egin nuen; betidanik pentsatu dut presentzia itzela duela. Instituto di Astrofísica e Planetologia Spaziali (IAPS-INAF) institutuan lan egiten egon nintzen bi urteetan funtsezko oinarria izan zen. 2017an Valparaísora (Txile) joan nintzen, eta bertan Patricia Arévalorekin lan egin nuen; halaber, beste ikertzaile batzuk ezagutu nituen, hala nola Paulina Lira edo garai hartan oso gaztea zen Paula Sánchez; urtebete lehenago Winchesterren ezagutu nuen biltzar batean. Txilen egin dudan ikerketak izan ditudan lankidetzen eragin handia izan du. Horiek guztiak eredu izan dira niretzat, benetako emakumeak direlako, euren bizitzak bizi dituztelako eta aldi berean maila handiko zientzia egiten dutelako, eta ikus ditzaket, haiekin identifikatu dezaket nire burua.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Guretzat guztiz ezezaguna den zerbait deskubritu nahiko nuke. Horixe da astrofisikaren ezaugarrietako bat: irudikatu ezin dugun ezagutzarekin harritu ahal gaitu. Tresna berriek aukera ematen digute Unibertsoan sakonago iristeko, inoiz ez bezala behatzeko, eta kosmosaren inguruan dugun ezagutza goitik behera alda dezaketen fenomenoetarako leihoa irekitzeko. Hortaz, hori da gustatuko litzaidakeena: Unibertsoak aho bete hortz utz nazan eta ezezaguna aurkikuntza bihurtzen den unearen parte izatea.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Gustatzen zaiena egin dezatela. Egiten duena maite duen norbaiten gaitasunik garrantzitsuena haren burua da, egiten duzuna pasio handiz egiten baduzu, trebea izango zarelako. Eta ziurrenik beldurgarria izango da, guztiok izan ditugu beldur horiek, baina garrantzitsuena da ausartzea, pauso hori ematea eta aurrera egitea, beldurra eta guzti, lorgarria delako eta ametsak betetzen direlako. Eta, era berean, ahalegina egin dezaten esango nieke, saiatuak izan daitezen; bidea zaila da eta harri askorekin topo egingo dute. Baina hori da, hain zuzen, indartsuago bihurtzen gaituena. Merezi du.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 31an: “Lorena Hernández García: «Quisiera descubrir algo que no sabemos que existe»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.