Quasarren, Unibertsoko astrorik argitsuenen, sorrera argituta

UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lanean diharduen Tom Broadhurst ikertzaileak, Taiwango Unibertsitate Nazionaleko zientzialariekin batera, besteak beste, galaxien eta Unibertsoaren egituraren formazioari buruzko erantzun berriak proposatzen dituen ikerketa batean parte hartu du.
Horren baitan, quasarren izaera berrinterpretatzea xede duen ikerketa bat abiatu zuten eta argitu dute nola eratzen diren quasarrak, Unibertsoko objekturik argitsuenak.

Quasarrak, 200-400 mila milioi izar inguru biltzen dituen Esne Bideak baino 100 aldiz distiratsuagoak izan daitezke. Tom Broadhurstek eta bere lankideek egindako simulazioetan, quasarren jatorria azal dezaketen solitoiak izeneko uhin erraldoiak agertu dira. Quasarrak (quasi stellar radio source; ia izarreko irrati-iturriak) galaxia masiboen erdialdean dauden gas beroko alderdi konpaktuak dira. Zulo beltz supermasibo baten inguruan daude, honek bere argitasun bereizgarria emititzen du, gasaren espiralak zulo beltzaren barruan konprimitzen eta berotzen diren bitartean.

Quasarren inguruko enigma nagusietako bat da nola den posible, lehen unetik, materia-kontzentrazio erraldoia lortzeko gaitasuna izatea, kontuan izanda galaxiek materia apurka-apurka xurgatzen dutela, hasierako kopuru txiki batetik abiatuta.

Irudia: Broadhurst doktoreak eta honen lankideek landutako materia ilunaren uhinen simulazioan eratu den galaxia bat ageri da. Ikus daitekeenez, interferentzia "pikordun" konplexuko eredua da, erdigunean quasar bat eratzeko moduko gas-kopuru handia erakar dezakeen uhin erraldoia duena.

Irudia: Broadhurst doktoreak eta honen lankideek landutako materia ilunaren uhinen simulazioan eratu den galaxia bat ageri da. Ikus daitekeenez, interferentzia “pikordun” konplexuko eredua da, erdigunean quasar bat eratzeko moduko gas-kopuru handia erakar dezakeen uhin erraldoia duena.

Broadhurst doktoreak eta honen lankideek egindako ikerketa Physics Review Letters aldizkari ospetsuan argitaratu berri da, eta misterio hau argitzen lagun dezake. Simulazioetan materia iluna Bose-Einstein kondentsatua (materiak izan dezakeen estaturik hotzena- Albert Einstein aurreikusita) balitz bezala erabiliz geroz, galaxia bakoitzaren barruan uhin solitoniko masiboek nukleo trinko bat osatzen dutela egiaztatu dute.

Solitoia deformatu gabe hedatzen den uhin bakartia da, tamaina konpaktu samarretan masa handiak har ditzakeena. Honek, quasarrek horren argitsuak izateko behar duten gasa erakarri eta ardazteko duten gaitasuna azalduko luke, nahiz eta oso objektu zaharrak izan. Gai hau benetako buruhaustea izan da zientzialarientzat urte askotan.

Ikertzaileari buruz:

Tom Broadhurst Fisikan doktoratu zen Durhameko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Ikerbasquerekin bat egin arte, maila goreneko ikerketa-zentroetan lan egin du Erresuma Batuan, AEBn, Alemanian, Israelen, Japonian eta Taiwanen. Guztira, 184 artikulu argitaratu ditu lehen mailako aldizkari zientifikoetan, eta orain arte, bere lanen 11.800 aipamen egin dira. 2010ean, Ikerbasquek kontratatu zuen, eta harez geroztik UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lan egiten du. Behaketako kosmologia, materia iluna eta galaxien formazioa dira bere ikerketa-lanaren ildo nagusiak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hsi-Yu Schive, Ming-Hsuan Liao, Tak-Pong Woo, Shing-Kwong Wong, Tzihong Chiueh, Tom Broadhurst, and W-Y. Pauchy Hwang Understanding the Core-Halo Relation of Quantum Wave Dark Matter, ?DM, from 3D Simulations, Phys. Rev. Lett. 113, 261302

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Simulazio berri batez azaldu da nola sortu ziren quasarrak, unibertsoko astrorik argitsuenak.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Quasarren eratzeaz gain, Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak, materia ilun hotza Bose-Einstein kondentsatua balitz bezala berrinterpretatu du haren ikerketa taldearekin. Testuinguru horretan, galaxien formazioari buruzko lehen simulazioetan oinarrituta da: Galaxien eta Unibertsoaren egituraren formazioari buruzko erantzun berriak.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>