Historiaurreko sukaldarien trikimailuak
Mesolitoko eta Neolitoko gizakiek animalia eta landare jatorriko osagaiak nahasten zituzten jaki elaboratuak prestatzeko: hala ondorioztatu du ikertzaile talde batek Europako Iparraldean eta Ekialdean aurkitutako zeramikazko ontzietako txigorra aztertu eta gero. Tokian tokiko baliabideek eta ohiturek baldintzatzen zuten lehengaien aukeraketa.
Sukaldaritzaren asmakuntza gizakien historiako mugarri garrantzitsuenetako bat izan da. Kozinatzeak erraztu eta aberastu egiten du elikadura, eta, gainera, bestelako ñabardura batzuk gehitzen dizkio behar fisiologiko horri; ñabardura kulturalak, besteak beste. Hala, elikadura ez da gosea kentzeko eta bizirik irauteko baliabide huts bat, eta Historiaurreko gizakientzat ere ez zen horretara mugatu. Europako Iparraldean eta Ekialdean topatutako zeramikazko ontzietako arrasto txigortuak aztertu ditu ikertzaile talde batek, Mesolito eta Neolito garaikoak, eta zera ondorioztatu du: garai hartako ehiztariek, biltzaileek eta arrantzaleek espezie batzuk lehenetsi egiten zituztela eskura zituzten begetalen artean, baita, kasu batzuetan, landareen zati jakin batzuk ere; eta horiek animalia osagaiekin konbinatzen zituztela.

«Zalantzarik gabe, landareak txertatuak zeuden zeramika-sukaldaritzan», ebatzi dute ikertzaileek. Nahasketa horiei esker, itxura, zapore eta testura berriak lortuko zituzten. Ikerketak agerian utzi du, era berean, zeramikak izan zuen garrantzia garai hartako elikadura ohituretan: teknologia hori izan ez balute, nekez erdietsiko zituzten emaitza horiek. Are, baliteke itxura, zapore eta testura berriek sustatu izana zeramikaren asmakuntza edota erabilera, ikerlarien aburuz.
Iparraldeko eta Ekialdeko Europako hamahiru eremutako 85 ontzietatik 58tan atzeman dituzte landare ehunak: besteak beste, graminea eta lekale basatiak, frutak eta baiak, eta landare belarkaren sustraiak, tuberkuluak, hostoak eta zurtoinak kontsumitu zituzten. K. a. 6000-3000 urteen artean datatuak daude zeramikak.

Behaketa mikroskopikoa eta gantz arrastoen analisia konbinatuta, hala animalia nola landare jatorriko jaki sorta oparoa deskubritu dute ikertzaileek. Itsas baliabideak, batik bat arrainak, oinarrizkoak izan ziren gizaki horien elikaduran. «Txigorrik gabeko zeramiken lipido analisiak ziurtatu egiten du hori, baita arrantzarekin lotutako aurkikuntza arkeozoologiko eta teknologiko ugariek ere». Alabaina, azterketa mikroskopikoak erakutsi du arraina ez zela prestaketa horietarako erabiltzen zuten elikagai bakarra, baizik eta errezeta elaboratuagoen osagai nagusia zela. Aurretik gauzatutako lipido analisiei esker ziurtatua zuten arrainen olioa prozesatzen zutela ontzi horietan, baina uste zen helburua erregaiak, zigilatzeak eta lubrifikatzaileak sortzea zela; hau da, Europan zeramika sukaldaritzaz bestelako funtzioetarako erabili zutela, nagusiki. Ikerketa honek gezurtatu egin du hipotesia.
Askotariko errezetak
Arrasto txigortuek hainbat lekutako elikadura ohituren berri ematen dute: hain justu, kostaldetik, urmaeletatik, ibaietatik eta lakuetatik gertuko kokapenetan aurkitutako zeramikekin osatu dute lagina. Zera lortu nahi zuten: ikustea ea aldagai ekologikoek —landareen eskuragarritasunarekin lotutakoek, batez ere— eragina izan zuten tokian tokiko sukaldaritza praktiketan. Eta aniztasuna topatu dute, topatu ere. Don ibaiaren arroko goiko eta erdiko eremuetan landare belarkaren haziak erabili zituzten, batik bat lekale eta gramineo basatienak. Volga garaiko eta Dnieper-Dvina eremuko sukaldaritzan, aldiz, gaukarraren fruituak gailendu ziren (Viburnum opulus), eta, horiez gain, Amaranthaceae familiako landareen hostoak, zurtoinak eta infloreszentziak prestatzeko ere sarritan baliatu zituzten zeramikazko ontziak.
Bestalde, eskualde baltikoan askotariko jakiak taxutu zituzten zeramika erabilita. Ekialdeko Baltikoko eremuetan eta Polonian topatutako txigorretan ur gezako arrainak dira nagusi; mendebaldeko eremuetan, berriz, itsas espezieak gailendu dira, eta proportzio handiagoan ageri dira lurreko animaliak. Landareen kontsumoari dagokionez ere, arrastoak ezberdinak dira lekuaren arabera. Bi baldintzak esplikatzen dute hori: batetik, tokian tokiko aukerek; bestetik, erabaki kulturalek. Kasu baterako, Poaceae espezieen haziak askotan agertu dira Lituania inguruan; Polonia aldeko zantzuetan, gaukarraren fruituak izan dira nagusi, eta Danimarkako txigorretan, lurrazpian geratzen diren landare zatien arrastoak aurkitu dira, hala nola sustraiak, rizomak eta tuberkuluak.

Ikertzaileen arabera, elikagai jakin batzuk hainbat prestakuntzatan konbinatzeko joera orokorra zuten. Esate baterako, sarritan gaukarraren fruituak ziren errezetako osagai begetal bakarra, eta fruitu horiek askotan agertu dira nahastuta arrainarekin, hala Volgaren goiko arroan, nola eskualde baltikoan, eta, bereziki, Poloniako txigorretan. Eta beste bi nahasketa gailendu dira, halaber, ur gezako arrainekin: gramineo basatiekin eta lekaleekin batera prestatu ohi zituzten Don ibaiaren goiko eta erdiko arroko ezarpenetan, eta Amaranthaceae-arekin Volga garaiko eta Dnieper-Dvina eremuetan.
Ikerketak agerian utzi duenez, Historiaurreko gizakiek oparo kontsumitu zituzten landare jatorriko produktuak, eta maiz erabili zituzten errezetak osatzeko. Izan ere, garai hartako dietan haragiak berebiziko garrantzia izan zuen arren —haren kontsumoari egozten diote garuna garatu izana—, luzaz uste izan dena baino aberatsagoa izan zen gizaki horien dieta. Hain justu, azken hamarkadetako hainbat ikerketak indartu egin dute landare jatorriko elikagaiek izandako garrantzia, eta agerian utzi, halaber, zenbait aurreiritzi. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, zeramikazko ontziak aztertzeko ordura arte erabilitako metodologiak, lipidoen analisiak, errazago identifikatzen dituela animalia jatorriko produktuak landare jatorrikoak baino; eta, hortaz, ezinbestekoa dela hainbat teknika konbinatzea arrastook zorrotzago aztertzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
González Carretero, Lara; Lucquin, Alexandre; Robson Harry K.; McLaughlin, T. Rowan; Dolbunova, Ekaterina; Lundy, Jasmine, et al. (2026). Selective culinary uses of plant foods by Northern and Eastern European hunter-gatherer-fishers. PLoS One 21(3): e0342740. DOI: 10.1371/journal.pone.0342740.
Egileaz:
Amaia Igartua Aristondo kazetaria da.