Pestizidek lurzoruen biodibertsitatea murrizten dute
Pestizidek lurrazaleko izaki bizidunengan duten eragin kaltegarriaren inguruko ikerketa ugari daude. Ez horrela konposatu kimiko horiek lurrazalaren azpian eragiten dituzten kalteen ingurukoak. Orain, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa internazional batek argitu du pestizidek lurzoruko bizitzan duten eragina. Konposatu kimiko horien eragin kaltegarriak taxonomia-talde onuragarri ugaritan gertatzen dira, eta horrek arriskuan jartzen du egungo nekazaritza.
Gure planetan dugun bizitza, neurri handi batean, lurpeko biodibertsitate-aniztasunean oinarritzen da. Izan ere, lurrean dauden ekosistema konplexuak mantentzeko zerbitzu kritikoak eskaintzen ditu lurrazalak; hala nola, elikagaiak ekoiztea, karbonoa biltegiratzea, higadura kontrolatzea eta ura erregulatzea. Hala ere, azken mendeko giza ekintzek arriskuan jarri dute lurzoruen osasuna, eta, duela gutxi egindako ikerketa batek erakusten duen bezala, gaur egun gure planetako lurzoruaren % 87an pestiziden presentzia ageri da. Egoera horrek ondorio katastrofikoak izan ditzake; izan ere, lurzoruetan dugu lurreko biodibertsitatearen % 59a.

Nahiz eta pestizidek lurrazaleko biodibertsitatean duten eragina ezaguna izan, ez da sakon aztertu konposatu kimiko kutsakor horiek lurzoruan edo lurpeko izaki bizidunetan duten eragina. Dauden ikerketak eremu zehatz eta mugatuetan egindakoak dira, eta ezjakintasun handia dago eskala geografiko handietan eta ekosistema konplexu desberdinetan izan dezaketen eraginari buruz. Hori horrela, beharrezko bihurtu da pestizidek lurzoruan bizi diren eta ekosistemen funtzioetan zeregin kritikoa duten mikroorganismoetan duten eragina eskala geografiko handian aztertzea.
Orain, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, Europako hamar ikerketa-zentrok indarrak batu dituzte kontinente osoan pestizida ezberdinek lurzoruaren biodibertsitatean duten eragina aztertzeko.
63 pestizida eta 26 herrialde
Pestizidek kontinente-eskalako arkeo, bakterio, onddo, protista, nematodo eta artropodoetan dituzten eraginak aztertu zituzten ikertzaileek. Horretarako, Europako 26 herrialdetan eta paisaia ezberdinetan (hau da, urteko labore-lurrak, labore-lur iraunkorrak, berriki larre bihurtutako labore-lur zaharrak, larre zabalak eta basoak) jasotako landa-datuak erabili zituzten. Zientzialariek pestiziden presentzia aurkitu zuten aztertutako lurzoruaren % 70ean, eta guztira 63 mota ezberdin identifikatu zituzten; horien artean, fungizidak izan ziren sagai aktibo guztien % 54, ondoren herbizidak (% 35), eta, azkenik, intsektizidak (% 11).
Gainera, zientzialariek eremu naturaletan aurkitu zituzten konposatu kimiko horietako batzuk, pestiziden aplikazio zuzen gutxi edo batere jasotzen ez dutenetan, eta horrek iradokitzen du lainoztatzearen edo ur-isurketaren deriba gisako prozesuek garraia ditzaketela pestizidak.
Izaki bizidunetatik harago doan kalte ekologikoa
Pestiziden efektu kaltegarria lurzoruko izaki bizidunetatik harago doa; izan ere, ikertzaileek aurkitu dute pestizida askoren eragin kaltegarriak taxonomia-talde onuragarri ugaritan gertatzen direla; besteak beste, landareek nitrogenoa eta fosforoa izatea erregulatzen duten onddo mikorrizikoetan. «Pestizidek bereziki kaltetzen dituzte onddo mikorrizikoak, gure laborantzarako ezinbestekoak direnak», dio Marcel van der Heijden lurzoruen ekologoak, Zuricheko Unibertsitateko (UZH) Landare eta Mikrobio Biologia Saileko irakasleak.
Mantenugaien eskuragarritasuna eragiten duten mikroorganismoen gaineko eraginak bereziki kezkagarriak dira, hain zuzen ere, landareek berenganatzen dituzten nitrogeno eta fosforo gehienak, nekazaritza-sistemetakoak barne, nekazariek aplikatzen dituzten ongarrien ordez mikrobioen bitartez erdietsitako prozesuetatik baitatoz.
Ikertzaileek aurkitu zuten konposatu kimikoek eragin ezberdinak dituztela lurzoruko biodibertsitatean; hala nola, fungizida mota espezifiko batek talde taxonomiko gehienen dibertsitatea murriztearekin erlazionatu zen; herbizida batzuek, berriz, landare-gaixotasunak eragiten dituzten agenteen ugaritasun erlatiboa handitu zuten, eta baita hori bakterio-dibertsitate handiagoarekin erlazionatu ere. «Lurreko organismo batzuek, batez ere bakterio mota batzuek, onura ateratzen diote pestiziden erabilerari, ziur asko beste organismo batzuk murriztu egiten direlako», gehitu zuen Julia Königer-ek, Vigoko Unibertsitateko artikuluaren lehen egileak.
Pestiziden ebaluazioa eta araudia eguneratzeko beharra
Pestizidek hegaztietan, erleetan eta bestelako intsektuetan dituzten eragin kaltegarriak aspalditik ezagutzen eta dokumentatzen dira. Baina, gaur egun, araudiak ez du kontuan hartzen zer eragin duten konposatu kimiko horiek ekosistemetako faktoreetan; «Gure ikerketak erakusten du plagizidek ingurumen-inpaktu oso esanguratsua dutela gure lurzoruetan. Askotan, ez da kontuan hartzen zer eragin duten organismo ez-objektiboetan ere», dio Maria J. I. Brionesek, artikuluaren bigarren egilea eta Vigoko Unibertsitateko ikertzailea denak. «Plagizida batzuk deskonposatzeko zailak direnez, aplikatu ondoren lurrean irauten dute urteetan, eta epe luzera eragin handia dute ekosistema edafikoan», amaitzen du ikerlariak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Köninger, J.; Labouyrie, M.; Ballabio, C.; Dulya, O.; Mikryukov, V.; Romero, F.; Franco, A.; Bahram, M.; Panagos, P.; Jones, A.; Tedersoo, L.; Orgiazzi, A.; Briones, M.J.I.; van der Heijden, M.G.A. (2026). Pesticide residues alter taxonomic and functional biodiversity in soils. Nature, 650, 367–373. DOI: 10.1038/s41586-025-09991-z
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.