Anna Maria Reed Hussey (1805-1853), ilustratzaile eta idazle botanikoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Anna Maria Reed Hussey (1805-1853), ilustratzaile eta idazle botanikoa

Anne B. Shteir historialari aintzatetsiak Cultivating women, cultivating science (1996) liburu ezagunean emakumezko ilustratzaile eta idazle botaniko handi baten berri eman zuen, historia naturalari buruz bokazio handia zuena. Anna Maria Reed Hussey britainiarraren berri, hain zuzen ere. Oso gutxi dakigu emakume horren haurtzaroaz eta heziketaz.

Wikipediaren arabera, Anna Maria XIX. mendearen hasieran jaio zen Ingalaterran; John T. A. Reed elizgizona zuen aita eta Anna Maria Dayrell ama. Liburu ugari zeuden Anna Maria jaiotako etxean, eta litekeena da irakurzaletasuna etxean bertan sustatu izana. Litekeena da, halaber, aitak, naturalista zaletua zenez, neskatoarengan zientziari buruzko interesa piztu izana, bereziki botanikari buruzkoa, nahiz eta Annaren egunerokoen arabera geologia interesatzen zitzaion.

Reed Hussey
1. irudia: Anna Maria Husseyren ilustrazio batzuekin egindako konposizioa Illustrations of British mycology libururako. (Argazkia: jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

1831n, Anna Maria Reedek 26 urte zituela, Thomas John Hussey (1792-1866) elizgizon eta doktorearekin ezkondu zen, astronomian aritzen zen zientzialari batekin. Sei seme-alaba izan zituzten, baina bi baino ez ziren iritsi helduarora.

Reed Husseyren nortasun handia eta irmoa, eta historia naturalareriko zuen interes handia izan ziren –Shteirren esanetan– hainbat azterlan pertsonali gogo handiz ekiteko pizgarriak. Bitxikeria bat ere bada, aipatu behar da Charles Darwin ezagutu zuela, bere etxetik gertu bizi baitzen, eta haren anaietako bat naturalista ospetsuaren semeetako baten tutore izan zen, Oxford Dictionary of National Biography delakoan esaten denez.

1847an argitaratu zuen Anna Maria Reed Husseyk lan handi baten lehenengo alea, Illustrations of British Mycology, eta garai hartako usadioaren arabera sinatu zuen: Mrs T. J. Hussey. Frances Reed ahizparen laguntzarekin egin zuen liburu horrek landan jasotako espezieen 90 lamina eder zituen, eta «dotorezia artistikoa» dutela esan izan da beti. Liburu hori, ordea, ez zen onddoen zerrenda taxonomiko hutsa, baizik eta deskribapenak, ohar pertsonalak, bitxikeriaren bat eta iruzkin egokiak zituen, eta horiek guztiek balioa ematen zioten lanari.

Anne B. Shteirrek esaten duen bezala, Reed Husseyren liburua oso ongi koordinatutako katalogo bat da, non egileak onddoei buruzko esperientziak eta ezagutzak partekatzen dituen; beraz, zientziaren, artearen eta literaturako erreferentzien konbinazio burutsua da. Lan horren bidez Reed Husseyk onddoen munduari buruzko zaletasuna piztu zuen, batez ere gazteen artean; izan ere, behin onddoak bildutakoan nola zaindu eta gorde azaldu zuen, eta deskribatzen eta sailkatzen erakutsi zien.

Aipatzekoa da, Anna Reed Husseyk garai hartako mikologorik nabarmenenetako batekin –Miles Joseph Berkeley (1803- 1889) elizgizonarekin– izan zuen gutun-truke aktiboa. Hari igorri zizkion bildutako espezie asko, eta zientzialariaren herbarioa aberasten lagundu zuen. Bestalde, Berkeleyk bildumak identifikatu eta deskribatzen lagundu zion Reed Husseyri; horrek guztiak urteak iraun zuen lankidetza handi eta emankorra elikatu zuen, Women’s Work webgunean adierazten den bezala. Biek elkarri igorritako gutunak A. B. Shteirren liburuan daude, eta Reed Husseyk Berkeleyri igorri zizkion onddoak Royal Botanic Gardens, Kew-eko mikologiako herbario batean.

Reed Hussey
2. irudia: Agaricus maculatus, Illustrations of British mycology-n. Internet Archive.

Reed Husseyren bigarren lana hura hil ondoren argitaratu zen, 1855ean, 1853ko abuztuaren 23an gazte hil eta gutxira. Obra horretan koloretako 50 lamina zeuden. Lehenengoari bezala, harrera ona egin zion garai hartako komunitate espezializatuak, batez ere ilustrazio ederrei esker eta marrazteko eta deskribatzeko erabilitako zorroztasun zientifikoari esker, Shteirrek adierazi duenez.

Handik urte batzuetara, Miles Joseph Berkeley aintzatetsiak Husseia izena jarri zion onddo genero bati, «Mrs Hussey nire adiskidearen ohorez, haren talentuak aitortza hau merezi baitu». Berkeleyk ere onddo espezie bati Cortinarius reediae izena jarri zion, mikologoaren oroimenez.

Zorionez, azken hamarkadetan Anna Maria Reed Hussey ilustratzaile zientifikoaren berri izaten hasi da jendea berriro ere, emakumeen lanari eskainitako erakusketa interesgarri baterako hautatutako hamabi artistetako bat izan baitzen (2005 «Women’s Work» exhibition); erakusketa hori Linda Hall Library-n eta Missouri Botanical Garden Library-n (AEB) egin zen. Era berean, Anna Maria Reed Husseyri buruzko sarrera bat dago Dictionary of National Biography-n, non Britainia Handiko historiako pertsona nabarmenak aipatzen diren.

Iturriak:

Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Mujeres con Ciencia blogean 2025eko urriaren 29an argitaratu zen artikulua: “Anna Maria Reed Hussey (1805-1853), ilustradora y escritora botánica

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.