Gaur egun inplante artifizialen eskaera handia dago. Izan ere, azken hamarkadetan asmatutako material mota ezberdinei esker, moldagarritasun handia daukagu inplanteak diseinatzeko. Hala nola, artikulazio protesi edota hortz-protesietarako, inplante ez-organikoak oso aproposak dira, haien artean titanioa nagusi izanik, bere biobateragarritasun eta korrosioarekiko erresistentziari esker.
Kateter baskularrak, bihotz balbulak edota gernu-kateterrak lortzeko berriz, aproposagoak dira polimeroekin egindako inplanteak, elastikotasun handiagoa eta propietate mekaniko onak aurkezten baitute. Hauen artean polietilen tereftalatoak (PET) arreta handia bereganatu du azken urteetan, biobateragarritasun moderatua aurkezten duelako, propietate mekaniko oso onak eta egonkortasun termikoaz gainera.
Hala ere, polimeroek eta material ez-organikoek, errefus arazoak sortzen dituzte askotan. Nahiz eta hau gertatzeko arrazoi ugari egon, jatorri nagusia bakterioak pilatzeagatik sortzen diren biofilmak dira. Biofilmak bakterio komunitate bat dira, organismo bakar baten moduan jokatzen dutena. Hauek inplante artifizialetan eratzen dira gure ehun zelularrak hazi baino lehen, eta behin eratuta, antibiotikoekin konpontzea zaila da, biofilmak bakterioak babesten dituelako.
Beraz, biofilmen eraketa ekiditzeko, bakterioen hasierako itsaspena sahiestu behar da inplanteetan. Hau lortzeko, jatorrizko materialaren propietateak aldatu gabe, gainazalaren eraldaketa irtenbide ona da. Izan ere, molekula edo konposatu ezberdinak gure gainazalean txertatuz propietate ezberdinak lortu ahal ditugu. Adibidez, materialaren hidrofilitatea handitzeak biobateragarritasuna handitzeaz gain, bakterioen itsaspena zaildu egiten du. Bestalde, konposatu kimiko batzuek bakterioak kontaktuan hiltzeko gaitasuna dutela frogatu da. Polisakarido batzuek lehen aipatutako propietate hauek erakusten dituzte. Azido hialuronikoa esaterako, naturako konposaturik hidrofilikoenetarikoa da, biobateragarria eta biodegradagarria izateaz gainera. Beste aldetik, kitosanoak bakterioak hiltzen ditu kontaktuan, haien mintzak apurtu egiten dituelako.
Bi polisakarido hauek polielektrolitoak dira, hau da, pH espezifikoetan karga daukate. Azido hialuronikoak karga negatiboa dauka eta kitosanoak karga positiboa. Honi esker bien multigeruzak eraikitzeko oso egokiak dira, geruz-geruzeko metodologia erabiliz. Metodologia honetan, gure inplantea karga positiboa eta karga negatiboa duten disoluzio ezberdinetan sartzen da, eta disoluzioan dauden konposatuak itsatsita geratzen dira gainazalean indar elektrostatikoei esker. Hortaz, gure materiala azido hialuronikoan eta ondoren kitosanoan sartzen badugu, prozesua nahi bezain beste errepikatuz, hialuroniko eta kitosano multigeruzak lortu ditugu gainazalean, haien bien propietate interesgarriak dauzkan gainazal berri bat lortuz.
Metodologia honen moldakortasuna frogatzeko, lan honetan azido hialuroniko/kitosano multigeruzak inplanteetarako bi substratu ezberdinetan eraiki dira; titanioa substratu ez-organiko gisa eta polietilen tereftalatoa substratu polimeriko gisa; etorkizun handiko inplanteak egiteko material bereziak lortzeko asmotan.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Multigeruza polimerikoak: mediku-protesietarako materialen ezaugarriak hobetzeko bidea.
- Laburpena: Biomedikuntza arloan inplante moduan erabiltzeko material berrien eskaera handia dago, baina errefus arazoak sortzen dituzte biobateragarritasun kontuak direla eta. Lan honetan azalduko dugu nola eraldatu dugun bi substratu motaren gainazala. Bat ezorganikoa izango da eta bestea polimerikoa. Geruzaz geruzako («layer by layer») estrategiaz baliatuta, azido hialuroniko eta kitosanozko multigeruzak sortuko dira. Kitosanoa fluoreszenteki markatu eta mikroskopio konfokalean fluoreszentzia- hazkundea behatu ondoren, ondorioztatu da geruzak modu arrakastatsu batean sortu direla. Honi esker, materialaren hidrofilitatea areagotzea lortu da, eta horrela, bakterioen aurkako gainazala lortzeaz gainera materialaren biobateragarritasuna handituko da modu merke eta sinple batean.
- Egileak: Ainara Valverde, Leyre Pérez.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 81-95
- DOI: 10.1387/ekaia.17856
Egileez
Ainara Valverde eta Leyre Pérez POLYMAT eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa saileko Kimika Makromolekularreko Laborategian dabiltza.