Asteon zientzia begi-bistan #278

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Badirudi lo egiten dugunean, gure gorputza ere gelditu egiten dela. Bada, jakina da hainbat prozesu garrantzitsu gertatzen direla lo gauden bitartean. Horietako bat da hezur-ehunak berritzen direla. Ikerketa batean ondorioztatu dute lo gutxiegi egiteak hezurren mineral-dentsitatea txikitzen eta osteoporosia izateko arriskua handitzen duela, menopausia ondoren. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Psikologia

Luis Fernando Lopez Martinez psikologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, suizidioaz mintzatu da eta honek Interneten duen presentziaz. Sare sozialak kanal “oso ahaltsuak” direla dio. “Pairamendu egoera oso handian dagoen pertsona bati, sufrimendu horren zilegitasuna onartu behar zaio, baina gero laguntza ematen ez bazaio, hauspotu egiten da pertsona horren suizidio arriskua”, azaltzen du Lopez Martinezek.

Elikagaiak

Haragiaren samurtasuna izan dute ikergai honetan. Badirudi ezaugarri aldakorra dela; hil ostean gertatzen den ontze-prozesua da azken produktuaren samurtasunean eraginik handiena duena. Lan honetan, giharra osatzen duten proteinen profila ezaugarritzeko estrategia berria garatu da. Egileek diote ontze-prozesuan gertatzen diren aldaketa biokimikoak ulertzeko, beharrezkoa dela ildo honetan ikertzen jarraitzea. Hala, isoelektrofokatze likidoa etorkizun oparoko teknika dela gaineratzen dute.

Ekologia

Klima aldaketaren ondorioetako bat biodibertsitatearen galera da. Hain zuzen, ibaietako ekosistemak espeziak galtzen ari dira. UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien Ekologia taldeko ikerketa batek frogatu du ibaiertzetako basoek bizi dituzten aldaketek biodibertsitatea narriatzea eta galtzea eragiten dutela.

Genetika

Zer gertatuko litzateke gure informazio genetikoa argitara ematen badute? Zer egin ahalko luketen komunikabide edo politikari batzuek pertsona baten informazio genetikoa eskuratuta? Estatu Batuetan jada analisi genetiko komertzialak erabiltzen dira semen emaile baten ama topatzeko. Intimitate galera honetan, bada beste adibide bat: Ancestry, test genetikoak merkaturatzen dituen genealogiako enpresa estatubatuarra. Spotify enpresarekin bat egin eta gero, kasuan kasuko DNA testaz gain, ustez bezeroaren jatorrian oinarritutako musika zerrenda eskaintzen du.

Medikuntza

Ukimenarekiko sentikorra den interfaze bat garatzea lortu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu duenez, gailuak informazioa bibrazio mekanikoen bitartez komunikatzen du. Gainera, “azal” honek material leun eta malgu batean integratuta ditu osagai bibragailuak, eta “komunikazio atsegina” lortzen du. Haririk gabekoa eta programagarria dela ere esan dute egileek. Interfaze berri hau eskuen protesietan erabil ahal izango da.

Biologia

Iberiar penintsulako saguzarren elikadura aztertzean, ikertzaileek ikusi dute sarri izurrite bihurtzen den pinu-beldarraren kontrolean ardura garrantzitsua dutela. Hainbat baso-eremutan eskuratutako saguzar gorotzetako DNA bidezko analisiak egin dituzte eta ikusi dute berez elikadura ohitura desberdinak zituzten hamar espezietik zazpitan intsektu baten arrasto genetikoa zegoela. Saguzarrak izurriteei aurre egiteko aliatu bikainak dira.

Teknologia

Musika unibertsala al da? Orain arte egin den ikerketarik osatuenean ondorioztatu dute musikak badituela ezaugarri komunak kultura denetan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu egindako ikerketan ezagutzen diren kultura guztien adierazgarriak diren 315 kulturatako kantak aztertu dituztela. Lau testuingurutan sailkatu dituzte kantak: dantza, sendatzea, maitasuna eta sehaska-kanta.

Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak exoeskeleto bat erabiltzen du pazienteen errehabilitaziorako, eta gailu hori erabiltzearen abantailak frogatu nahi dituzte ikerketa baten bidez. Urtebete beharko dituzte datuak aztertzeko baina ondorio batzuk atera dituzte jada: oreka hobetzen du, eta hankak eta enborra indartzen ditu. Exoeskeletoak garestiak eta astunak dira. Oraindik, errehabilitaziorako erabiltzen dira bakarrik.

Fisika

Javier Aizpurua munduko ikertzailerik aipatutakoen artean azaltzen da, Clarivate Analytics argitalpen zientifikoaren zerrendaren arabera. Guztira, mundu osoko 6.000 ikertzailek osatzen dute zerrenda. Aizpurua Materialen Fisikako Zentroko (CFM, CSIC zentro mistoa eta UPV/EHU) Nanofotonika Teorikoko eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) taldeko burua da. Argiaren eta nanomaterialen arteko interakzioa aztertzen du.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.