Saguzarrak: izurriteen aurkako aliatu ustekabeak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Iberiar penintsulako saguzarren elikadura aztertzean, biologoek ikusi dute sarri izurrite bihurtzen den pinu-beldarraren kontrolean ardura garrantzitsua dutela ugaztun gautar txiki hauek. Baso-kudeaketetarako estrategiak diseinatzerakoan hau kontuan hartzeko modukoa dela uste dute.

Gaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat. Euskal mitologian, istorio askoren amaieran errepikatzen den irakaspena da. Dudarik ez, ahozko tradizioan halako esanek hezkuntzari lotutako funtzio garrantzitsua dute. Belaunaldiz belaunaldi eskuratutako irakaspenak ondorengoei modu erraz eta ulergarrian helarazteko modua da tradizioa. Kasu honetan, argi dago mezua zein den: ugaztun gehienak ez bezala, gizakia eguneko animalia da, eta harrapakariez betetako mundu batean hobe da mantentzea eguzkiaren argiak bermatzen duen segurtasunean. Harrapakari horiek animaliak ala beste gizaki batzuk izanda ere.

Mundu arrotza da gaua guretzat, eta inguru horretan moldatzen diren animaliak ezagutzea zaila egiten zaigu. Saguzarren kasuan, saiakera are konplikatuagoa egiten zaigu, gaueko animalia izateaz gain, hauek mundu ikuskera guztiz desberdina dutelako. Izan ere, gurea mundu ikuskera bada, saguzarrena mundu entzukera litzateke: soinuaren bitartez eskuratzen dute inguruko informazioa. Gainera, ez dute entzumena erabiltzen guk bezala: ekolokalizazioaren bitartez egiten dute. Modu horretan, oihartzunen bidez mundua atzemateko gai dira.

1. irudia: Ekosistemen zerbitzuei erreparatuz gero, eremu tropikaletan bizi diren saguzar espezie askok haziak barreiatzen dituzte eta polinizazioan laguntzen dute. Euskal Herriaren kasuan, animalia hauek intsektuak jateagatik dira bereziki estimatuak. (Argazkia: Vlad Kutepov / Unsplash)

Agian mundua atzemateko desberdintasun hori eta haien izaera gautarra daude animalia hauekiko jende askoren artean zabalduta dagoen beldurraren abiapuntua. Batzuetan saguzarrekiko gaitzespen hori arrazoi zehatzetan oinarrituta badago ere (etxe barruan sartu eta zikinkeria eragin dutelako, adibidez), besteetan “modu irrazional batean” saguzarrei gorrotoa dieten lagunak badirela azaldu du EHUko Jokabide Ekologia eta Eboluzioa Saguzarretan ikerketa-taldeko kide Inazio Garinek. “Zentzurik ez badute ere, oso barneratutako emozioak dira, eta zaila da horiei buelta ematea”.

Irudi txar hori telebistaren, filmen, liburuen eta, oro har, banpiroen inguruko mitoen bitartez mantendu dela dio Garinek. “Baina badago jende talde garrantzitsu bat ere saguzarren aurrean ez hotz ez bero azaltzen dena”. Aurreiritzirik ez duten lagun hauei saguzarrei buruzko azalpenak ematen zaizkienean, estimu askoz handiagoan hartu ohi dituzte animalia hauek. Hala, kume bakarra izaten dutela eta horri titia ematen dietela, taldeka biltzen direla, edota ilunpean hegan egiten izugarri trebeak direla… “halako gauzak azaltzen direnean, enpatia handiagotu egiten da”, nabarmendu du adituak.

Ekosistemetan ere oso onuragarriak dira saguzarrak. Tropiko inguruetako espezieek hazien zabalpenean eta polinizazioan laguntzen dute, baina gurean intsektuak kontrolpean hartzeko orduan jokatzen duten rola da nabarmentzekoa. Horregatik, zientzialariek saguzarrek izurriteei aurre egiteko izaten duten garrantzia kuantifikatu nahi izan dute, eta horretarako gorotzetara jo dute. Bertan baitago jaten dutenaren arrastoa. Eta hori zehaztasun handiarekin jakiteko aukera dago gaur egun. Oso urrun daude dagoeneko biologoak animalien kaka artean pintzak eta luparen laguntza soilarekin hezur puskak eta edota ilearen aztarnak bilatzen ibiltzen ziren garaiak. Intsektiboroen kasuan, gainera, hori ia-ia ezinezkoa zen. Orain, sekuentziazio genetiko masiboko teknikei esker, modu errazean jakin daiteke zer dagoen animalia baten menuan.

Iberiar penintsulako hainbat baso-eremutan eskuratutako saguzar gorotzetako DNA bidezko analisi horietan abiatuta, ikusi dute berez elikadura ohitura desberdinak zituzten hamar espezietik zazpitan intsektu baten arrasto genetikoa zegoela. “Datuek iradokitzen dute gure ikerketa eremuan T. pityocampa milaka saguzarretako elikadura iturri garrantzitsua dela, eta aurreikusten dugu hemen ikertutako espezieez gain, beste espezie batzuek ere sits hau kontsumitzen dutela”, idatzi dute EHUko ikertzaileek PeerJ aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean.

Biologo ez garenontzat T. pityocampa aipatzea ez da oso argigarria, baina pinuetako prozesionaria aipatuta, erraz ikusten da datu hori edukitzeak izurriteen aurkako estrategiak diseinatzerakoan izan dezakeen garrantzia. Banda marroia edo banda gorria izenarekin ezagutzen diren gaitzak eragiten dituen onddoa da azken urteotan kezka iturri nagusi pinudiak kudeatzen dituztenentzat, baina hau ez da izan koniferetako basogintzarentzako kezka bakarra. Pinu-beldarra (Thaumetopoea pityocampa) intsektuak ere buruhauste asko ekarri ohi ditu. Zuhaitzentzat kaltegarri ez ezik, zenbait kasutan giza osasunean ere eragiten du. Beldarrarekin kontaktuan sartuz gero, animalia honen ileak narritadurak sortzeko gai dira, eta baita ere erreakzio alergikoak edota arnasbideetako arazoak eragiteko.

2. irudia: Izurrite bihurtzen denean, prozesionaria edo pinu-beldarra basoetan kalte ugari eragiten dituen espeziea da. Saguzarrak espezie honen harrapakari garrantzitsua dela frogatu dute orain. (Argazkia: J. Gallego)

Estrategia biologikoak

Datu hauek eskutan, berretsi dute saguzarrak aliatu bikainak izan daitezkeela nekazaritzan edo basogintzan tresna bezala erabiltzeko; izurriei aurre egiteko, alegia. Zientzia artikuluan azaldu dutenez, besteak beste, Bacillus thuringiensis kurstaki bakteriotik hartutako esporak eta toxinak baliatu ohi dira izurrite horiek mendean hartzen saiatzeko. Dena dela, metodo horrek emaitza mugatuak ditu, eta ez ditu eteten izurriteen eztanda ziklikoak.

Horrelako parte-hartzeen aurrean, askotan biologoak bestelako alternatiben bila ari dira, eta halako kasuetan izurrite bakoitzaren harrapakari naturalak hartu ohi dira kontutan. Pinu-beldarraren kasuan, saguzarrak eta zatak dira harrapakari arruntenak, baina biologoek ondo ezagutzen dute ugaztun hegalariak zatak baino askoz ugariak direla. Hortaz, logikak agintzen du izurriteen kontrolerako estrategiak bilatzerakoan saguzarrek duten eragina dezente handiagoa izango dela. Dena dela, logika hutsa ez da nahikoa ingurumenaren kudeaketari lotutako erabakiak hartu behar direnean, eta horregatik datuetara jo beharra dago.

Pinu-beldarrarena irakaspen garrantzitsua da noski, eta garapen praktikoa izan dezakeen ondorioa izategatik azpimarratu dute. Baina Garinek aldarrikatu du oinarrizko ikerketak berak baduela garrantzia. “Hasiera batean balio handirik gabekoak diruditen halako ikerketak ez dira oso distiratsuak izango. Tira, ez gara diseinatzen ari prozesatze ahalmen izugarria ekarriko duen txip bat, esaterako; baina oinarrizko ikerketak gure ongizatearen alde egin dute, modu nabarmenean”, babestu du.

Landa lanean eta laborategian datuak aztertzen jarraituko dute biologoek, egunen batean aplikazio praktikoa izan dezaketen ondorioen bila; edo, zergatik ez, ezagutza eskuratze soilaren plazeragatik. Gurekin batera planeta hau partekatzen duten auzokideak ondo ezagutzea ere badelako, hein handi batean, gure ardura. Tartean, gauez aritzen diren eta mundua ikusi ez baizik entzuten duten guraso arduratsu horiek ezagutzea ere gizakion ardura badelako.

Erreferentzia bibliografikoa

Garin, I., Aihartza, J., Goiti, U., Arrizabalaga-Escudero, A., Nogueras, J., & Ibañez, C. (2019). Bats from different foraging guilds prey upon the pine processionary moth. PeerJ, 7, e7169. DOI: 10.7717/peerj.7169.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.