Katuak, harrapari ezezagunak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela aste batzuk Barakaldon instalatu berri dute katuentzako “auzotxoa”. Oraingoz hamar etxola ezarri ditu Barakaldoko udaletxeak, eta helburua da etxe-katuen segurtasuna eta higienea bermatzea. 76 boluntario arduratzen dira katuak astero elikatzeaz, eta baita noizbehinka harrapatu eta esterilizatzeaz ere.

Sustatzaileek argudiatu dute katu-koloniek hiriko kaleak karraskari, hegazti, intsektu eta narrasti txikien izurriterik gabe mantentzen laguntzen dutela, eta, beraz, garrantzitsua dela kolonia hauek modu egokian kudeatzea. Baieztapen honek, ordea, gaur egun zientzia-komunitatean gori-gorian dagoen gai batekin egin du topo: katuek biodibertsitatean duten eragina. Izan ere, ikerketek erakutsi dute katuak gaur egungo harrapari bortitzenetako animaliak direla, eta hala ere, ezezagunak.

1. irudia: etxe-katuen kopuru eta dentsitate handia dauden tokietan biodibertsitatean galerak ematen direla erakutsi dute ikerketek. (Argazkia: Sue Harris – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Etxe-katuak (Felis catus) aske dabiltzan katu etxekotuak eta katu basatiak dira. Argi utzi behar da katu basatiak eta basakatuak (Felis silvestris), ez direla espezie bera. Lehenak bigarrenetik eboluzionatu zuen etxekotze-prozesuan zehar, duela 10.000 urte gutxi, eta geroztik mundu osoan zabaldu da gizakiarekin batera. Etxe-katuak kontinente guztietan daude, Antartika da salbuespen bakarra; munduko artxipelago urrunenetan ere bizi dira gaur egun.

Animalia etxekotua da etxe-katua, baina bere izaera burujabe eta iheskorrak espezie honen kolonia askeak sortzea eragin du, abandonatutako edo beren kabuz jabeen etxetik alde egindako katuak bilduaz. Hala ere, aske bizi diren etxe-katu batzuek ez dute gizakiengandik datorkien sostengua eteten. Batzuek janaria, lo-lekua edo/eta osasun-zainketa jasotzen dute gizakiengandik, Barakaldoko kolonien kasuan bezala. Laguntza hauek katu askeen bizitza asko errazten dute, noski, eta horregatik, leku jakin batzuetan katuen dentsitate oso altuak aurki daitezke. Hori arazo bilakatu da munduko hiri, hirigune eta herri askotan, besteak beste, biodibertsitatean duten eraginagatik.

Etxe-katuen harrapakina

Etxe-katuek dieta anitzetara moldatzeko gaitasuna dute, eta guk emandakoa jaten dute eta ehizan ere egiten dute. Bai, katuak ehiztariak dira, eta ez dira ehiztari makalak. Hainbat animalia harrapatzeko gai dira: txoriak, ugaztun txikiak, narrastiak, anfibioak, arrainak, eta baita tximeletak eta sorgin-orratzak bezalako ornogabeak ere. Katu soil batek lor dezaken harrapakin kopuruari zenbakia jartzeko, hona hemen Ingalaterrako ikerketa bat adibide gisa: bost hilabeteko tartean 986 katuk 14.370 harrapakin eraman zituzten beren etxeetara. Kopuru horren baitan 20 ugaztun espezie eta 44 hegazti espezie zeuden, bai eta narrasti, anfibio eta ornogabeak zeuden.

Kanadan aurrera eramandako beste ikerketa batek estimatu zuen etxe-katu askeek 100 eta 350 milioi txori artean akabatzen dituztela urtero (etxean bizi diren baina egunean zehar aske dabiltzan katuak kontuan izanda). Australian zenbaki hau 377 milioi txorira iristen da urteko; hau da, milioi bat txori eguneko. Estatu Batuetan beldurgarriak dira datuak, urtero katuek milaka milioi txori harrapatzen dituztela estimatzen baita.

2. irudia: Felis catus etxe-katuek, etxean bizi diren maskotak zein katu basatiak, biodibertsitatean eragiten dute, ehiztariak direlako, beste animalia batzuekin lehian egiten dutelako edota gaixotasunak transmititzen dituztelako. (Argazkia: Susanne Jutzeler – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Noski, etxe-katuek ehizatzen dituzten espezie hauetako batzuk mehatxatuak daude, eta katuen bazka izateak are gehiago okertzen du beren egoera. Horrela, uste da katuek 63 espezie desagerrarazi dituztela gaur egunera arte (40 txorienak, 21 ugaztunenak eta bi narrastienak). Modu berean, estimatzen da momentu honetan 367 espezie desagertzeko arriskuan egotearen errudunak direla katuak. Mehatxu latza dira, beraz, eta jada espezie inbaditzailetzat hartzen da etxe-katua, arrazoi horrengatik. Izatez, ikerketa batean ranking bat egin zuten, jakiteko ea, mundu-mailan, ze espezie zen gaur egun ornodun kopuru handiena hiltzen duena. Etxe-katua hirugarren postuan geratu zen, arratoien eta anfibioetan hilgarria den Bd (Batrachochytrium dendrobatidis) onddoaren atzetik soilik.

Datu hauen aurrean, ordea, oraindik oro har ekintza gutxi gauzatu dira administrazio mailatik. Herrialde batzuk, alabaina, hasi dira neurriak proposatzen, Alemaniako Walldorf herria adibide. Bertan, hiru urtean zehar herriko katu guztiak gordeta eduki dituzte kutturlio arruntaren (Galerida cristata) kumatze-garaian zehar. Azken hamarkadan espezie horrek nabarmen egin du behera Europa ekialdean, eta horren arrazoietako bat katuen aldetiko ehiza dela pentsatzen da. Izan ere, kutturlioak lurrean erruten ditu arrautzak, eta beraz, bereziki harrapakin erraza da katuentzat.

Gauzak horrela, arazo honentzako konponbidea hastapenetan dagoela esan daiteke. Argi dago katuek eragin ikaragarria dutela bizi diren inguruetako biodibertsitatean, baina oraindik ez dago argi zein izan daitekeen hori kudeatzeko modu egokiena. Gainera, gizakiak aspalditik du katua lagun, eta zaila suertatuko da mundu osoko gizarteetan han barneraturik dagoen felido honen koloniak modu iraunkor eta etiko batean kudeatzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Trouwborst, A., McCormack, P. C., & Martínez Camacho, E. (2020). Domestic cats and their impacts on biodiversity: A blind spot in the application of nature conservation law. People and Nature, 2(1), 235–250. DOI: https://doi.org/10.1002/pan3.10073


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..