Horrela lortzen da neanderthal bat

Dibulgazioa · Mugaldea

Neanderthal bat, National Geographic aldizkariaren azalean, 2008ko azaroan.
1. Irudia: Neanderthal bat, National Geographic aldizkariaren azalean, 2008ko azaroan.

Goiz batean, lo egin ezinik egon ostean jaikitzen bazara, nekatuta, umore eta aldarte txarrez, gainera hotzeriak hartua bazara eta sudur gorria baduzu,…Horretaz guztiaz gain, gertatuko balitz duela astebete ez duzula iturriko urik, eta zure ileak lehor-lehor eginda daudela, … Eta zure katuak atzamarkadak utzi badizkizu masailezurrean eta kokotsean… Eta hori guztia hala izanda ere, adorea hartu baduzu ispilu aurrean jartzeko, orduan baliteke mirailean ikustea zure barruan daramazun neanderthal hori.

Zer esanik ez, baliteke guk gizaki horren itxura gehiegi desitxuratu izana. Izan ere, hasieran egin ziren berreraikitzeetan, tximino itxura ematen zitzaion Neanderthal gizakiari. Denborak aurrera egin ahala, gure antza hartzen joan da. Funtsean, jarrera gizatiartu modernoak egotzi zaizkio gero eta nabarmenago, eta horrek kritika ugari eragin ditu.

Atapuercako zuzendarietako bat den Juan Luis Arsuagaren hitzetan, oso deigarria izan da Fabio Fogliazzak asmatutakoa (Paleontologia Laborategia, Milango Natur Museoa).

2011n, hegazti-hezur eta luma hondarrak aurkitu ziren. Bazirudien Neanderthal batzuek kobazulo batean zurituak eta leunduak zirela. Alpeen aurreko Veneto zonaldean aurkitu zituzten, eta zientzialariek uste izan dute balitekeela Neanderthal gizakiek luma horiekin gorputza apaindu izana.

Neanderthal baten berraikitzea, Fabio Fogliazzak lumez apaindua.
2. Irudia: Neanderthal baten berreraikuntza, Fabio Fogliazzak lumez apaindua.

Goraldia eta suntsipena

Ikerlariek eta literaturagileek lan asko idatzi dituzte gizaki hauen suntsipena azaldu nahirik. Teoriak, analisiak eta paradigmak sortzen eta desagertzen doaz aldiro, eraldatu egiten dira edo gainbehera bat jasaten dute, azkenean erabat desagertzeko. Haien ordez, bestelako batzuk sortzen dira, ikasketa eta ikerketa-teknika berriek eraginda.

Besteak beste, Karbono 14 bidezko datazio berriak lortu dira, kolagenoa purifikatzeko eta DNA-probak egiteko. Horrela, kutsadura-hondarrak ezabatu dituzte, behar baino antzinatasun laburragoko datazioak saihesteko.

Álvaro Arrizabalagak aurkezten ditu azken urteotan egin diren neanderthalen ustezko irudiak. ©Izaskun Lekuona.
3. Irudia: Álvaro Arrizabalagak aurkezten ditu azken urteotan egin diren neanderthalen ustezko irudiak. ©Izaskun Lekuona

Journal of Human Evolution aldizkarian berriki plazaratutako ikerketari esker, UPV/EHUko Historiaurre-irakasle den Álvaro Arrizabalagak baieztatu du gutxienez mila urteko aldea dagoela bi une garrantzitsuren artean: batetik Pirinioetako mendebalde eta ekialde muturretako hiru kobazuloetan aukeratutako hondakinen garaia, eta bestetik gizaki modernoen lehen hondakinen garaia. Azpimarratu beharrekoa da Pirinioen alde bi horietan zehar gertatzen direla gizakien eta bestelako animalien mugimenduak.

Arrizabalagak ondorioztatu du Neanderthal eta Cromagnon gizakiak ez zirela inoiz elkartu, ez penintsula honetan, ez eta mendebalde Europa osoan ere. Horrela baieztatu zuen Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako azken Zientziatekan.

Bitxia da kontua edonola, Neanderthal gizakiak jorratu dituen azken ikerketa ez dagokiolako gizakion bukaerari, hasierari baizik.

Indusketak Sima de los Huesos izenekoan. Argazkilaria: Javier Trueba-Madrid Scietific Films.
4. Irudia: Indusketak Sima de los Huesos izenekoan. Argazkilaria: Javier Trueba-Madrid Scietific Films.

Science aldizkariak duela egun batzuk plazaratu ditu ikerketa interesgarri baten emaitzak: Sima de los Huesos (Atapuerca) izenekoan topatutako 17 burezur aurkeztu dira, Nature aldizkarian aztarnategi horretan aurkitutako lehenengo hiru burezurrak erakutsi zirenetik hogeita bat urtera.

Berriki topatutako burezur hauetatik 7, guztiz berriak dira, eta denek ere 430.000 urtetik gorako antzinakotasuna dute. Oraindik ez dakite zein espezietakoak diren, batetik giza tasun zaharkitu batzuk dituelako, baina bestetik Neanderthalen tasun batzuk ere badituztelako. Horrek babesa emango lioke Neanderthalen bilakaera behin gertatu ez zelako hipotesiari. Horrela, modulukako eboluzioa gertatuko zen, eta tasun horiek banaka garatuko ziren, une desberdinetan.

Juan Luis Arsuagak dio aurpegiak eta hortzek lehenago eboluzionatuko zutela, matraila-hezurrarekin batera, eta burezurraren beste tasun batzuk baino lehenago. Horrela, Arsuagak, Brunerrekin eta Lozanorekin bat eginez, uste du murtxikatze-aparatuaren bilakaera gertatuko zela baina baina hori ezin dela elikadurarekin uztartu, ziurrenik, ahoa hirugarren esku modura erabiliko baitzuten, ibiltzean lurrean finkatzeko. Izan ere, bere nerbio-sistema ez zen gai burmuin/gorputz harremana garatzeko zeregin korapilatsuetan.

Zientzialariek uste dute Sima de los Huesos horretan gutxienez hogeita hamar bat gorpu daudela. Eskeletoak osorik daude, baina oso zatikatuta eta elkarrekin nahasita. Seguru aski, populazio biologiko bakar batenak dira, eta horrek erraztu liezaieke ikerlariei populazio horren barruko gene-aldaketa ikertzea. Hala gertatzen ari da Carles Laueza paleontologoaren kasuan, Sidróngo kobazuloan topatutako giza taldearekin egiten ari den lanean.

4.Sima de los Huesos (Atapuerca) izenekoan aurkitutako 17. burezurra. Argazkilaria: Javier Trueba-Madrid Scietific Films.
5. Irudia: Sima de los Huesos (Atapuerca) izenekoan aurkitutako 17. burezurra. Argazkilaria: Javier Trueba-Madrid Scietific Films.

Iturriak:

-J. L. Arsuaga, I. Martínez, L. J. Arnold, A. Aranburu, A. Gracia-Téllez, W. D. Sharp, R. M. Quam, C. Falguères, A. Pantoja-Pérez, J. Bischoff, E. Poza-Rey, J. M. Parés, J. M. Carretero, M. Demuro, C. Lorenzo, N. Sala, M. Martinón-Torres, N. García, A. Alcázar de Velasco, G. Cuenca-Bescós, A. Gómez-Olivencia, D. Moreno, A. Pablos, C.-C. Shen, L. Rodríguez, A. I. Ortega, R. García, A. Bonmatí, J. M. Bermúdez de Castro, E. Carbonell. “Neandertal roots: Cranial and chronological evidence from Sima de los Huesos”, Science 344, 20 junio de 2014: 1358 – 1363.DOI: 10.1126/science.1253958.

R.E Wood, A. Arrizabalaga, M. Camps, S. Fallon, M.-J. Iriarte-Chiapusso, R. Jones, J. Maroto, M. de la Rasilla, D. Santamaría, J. Soler, N. Soler, A. Villaluenga, T.F.G. Higham. The chronology of the earliest Upper Palaeolithic in northern Iberia: New insights from L’Arbreda, Labeko Koba and La Viña, Journal of Human Evolution (2014). http://dx.doi.org/10.1016/j.jhevol.2013.12.017.

-Julià Maroto, Manuel Vaquero, Álvaro Arrizabalaga, Javier Baena, Enrique Baquedano, Jesús Jordá, Ramon Julià, Ramón Montes, Johannes Van Der Plicht, j, Pedro Rasines, Rachel Wood. Current issues in late Middle Palaeolithic chronology: New assessments from Northern Iberia Quaternary International (2012) doi:10.1016/j.quaint.2011.07.007.

-Bruner, E., Lozano, M. 2014. Three hands for the Neandertal lineage: reply to the comments. Journal of Anthropological Sciences 92: 303-305. doi: 10.4436/JASS.92015.

-Bruner, E., Lozano, M. 2014. Extended mind andvisuo-spatial integration: three hands for the Neandertal lineage. Journal of Anthropological Sciences 92: 273-280. doi:10.4436/JASS.92009.


Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.