“Lurra”, “lokatza”, “buztina”, “lurzorua”… Izen ezberdinak ematen dizkiogu, baina gutxik egiten diote justizia. Lurzorua Lurraren “azal bizia” da, azpiko oinarri harritsua estali eta planetan bizitza posible egiten duena.
Lurzoruak, besteak beste, elikagaien ekoizpenean paper oso garrantzitsua betetzen du (izan ere, elikagaien %95 zuzenean edo zeharka lurzorutik datorrela kalkulatzen da) eta klima aldaketa arintzeko estrategiak bideratzeko funtsezkoa da. Zoritxarrez, jende gutxik daki lurzorua baliabide berriztaezina dela giza eskalan. Adituek diote mila urte baino gehiago behar direla lurzoru berria eratzeko. Ohartu behar gara, hortaz, gaur zapaltzen ari garen lurzorua dela gure bizitzan zehar edukiko dugun bakarra.
Munduan 10 milioi leku baino gehiago kaltetzen dituen ingurumen-mehatxu larria izan arren, gaur egun ere lurzoruaren kutsadura errealitate ikusezina da gizartearen zati handi batentzat. Nekazaritza-, industria- eta urbanizazio- jarduerak dira, besteak beste, lurzoruek pairatzen duten kutsaduraren erantzule nagusiak. Kutsatzaile ohikoen eta toxikoenen zerrendan, metalak, pestizidak eta hidrokarburoak lehenengo postuetan daude. Kutsadurak kate-erreakzio bat eragiten du: lurzoruak bere funtzionaltasuna (osasuna) galtzen du eta, honekin batera, (berak) mantentzen dituen ekosistemen zerbitzuak, ezinbestekoak direnak giza osasuna eta ongizatea bermatzeko. Hau horrela izanik, premiazkoa da lurzoru kutsatuen kudeaketa iraunkorrerako estrategiak ezartzea, lurzoruek osasuna berreskuratu eta degradazio-prozesuen aurrean erresilienteak bilaka daitezen.
Lurzoru kutsatuen erremediazioa zeregin konplexua da dituen inplikazio ekonomiko, ekologiko eta teknikoengatik. Metodo fisiko-kimiko tradizionalek kutsatzaileak lurzorutik guztiz ezabatu ditzakete modu azkar batean. Alabaina, lurzoruaren ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak suntsitzen dituzte eta, oro har, garestiak dira. Fitorremediazioa, berriz, in situ eta eskala handian aplikatu daitekeen ekoteknologia ez-suntsitzaile eta ekonomiko bat da. Fitorremediazioan, landareak (eta haiekin erlazionaturiko mikroorganismoak) dira kutsatzaileak lurzorutik ateratzeko (fitoerauzketa) edo/eta lekuan egonkortzeko (fitoegonkortzea) erabiltzen diren erremintak. Teknologiaren eraginkortasunean landareen hazkuntza eta tolerantziak, eta kutsatzaileen bioeskuragarritasunak zeresan handia daukate. Berreskupenerako maneiatzen diren epeak, haatik, luze samarrak dira.
Hau horrela izanik, azken urteotan fitokudeaketaren paradigma sustatu da ekonomia zirkularraren esparruan berreskurapen prozesuan dauden lurzoruak errentagarri bihurtzeko asmoz. Fitokudeaketan, adibidez, ohiko laborantzako praktikak (adib., medeapen organikoen aplikazioa) eta fitorremediaziorako potentziala daukaten labore energetikoak batera erabiltzen dira.
Hortaz, fitorremediazio-programa batean zehar posible da onura ekologikoak (adib., funtzioak eta ekosistemen zerbitzuak), ekonomikoak (adib., biomasa eta energiaren ekoizpena) eta sozialak (adib., aisia) aldi berean lortzea. Honen froga dira gure mugaz barne (PhytoSUDOE, 2015-2018) eta kanpo (GREENLAND, 2010-2015) garatu diren azken ikerketa proiektu ezberdinak.
Hala eta guztiz ere, lurzoru kutsatuen kudeaketa iraunkorrak fronte ireki ugari ditu, besteak beste: (i) Europa mailako lurzoruaren babeserako Zuzentarau baten gabeziak lurzoruaren kutsadurari aurre hartzeko eta zuzentzeko estrategia orokorrak ezar litzake; (ii) arriskuen ingurumen-ebaluazio xehatua barne hartzen duten landa-proiektuen eskasia dago, fitokudeaketa erreferentziazko estrategia izan litekeen argitzeko; eta, azkenik, (iii) berreskurapen prozesuan dauden kokaleku kutsatuen errentagarritasun potentzialari buruzko datuen falta dago.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Fitorremediazioa lurzoru kutsatuen kudeaketa iraunkorrerako estrategia gisa.
- Laburpena: Iraunkorrak eta (eko)toxikoak izan ohi diren konposatu ez-organiko eta organikoen isurketa masiboek potentzialki kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kopurua izugarri handitu dute. Lurzoruen osasuna (funtzionalitatea) eta kalitatea (emankortasuna) arrisku larrian egoteak eta, ondorioz, giza biziraupena estutasunean jartzeak lurzoru kutsatuen kudeaketa eraginkorra mundu mailako ingurumen-politiken premiazko jomugan paratu du. Gaian sartuta, lan honen helburu nagusiak hauek dira: (i) lurzoru kutsatuen kudeaketaren lege eta jarduera markoa aurkeztea; (ii) lurzoru kutsatuen kudeaketa eta arriskuen ebaluazioa aztertzea, eta, azkenik, (iii) ohiko erremediazio-teknika suntsitzaileen aitzinean, fitorremediazioaren arloan egiten ari diren esfortzu zientifiko-teknikoak argitara ekartzea. Lurzoru kutsatuen kudeaketan aurrerapenak egiteko landu beharreko hariak ere laburki iruzkintzen dira.
- Egileak: María Teresa Gómez-Sagasti, Lur Epelde, Oihana Barrutia.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 197-212
- DOI: 10.1387/ekaia.19633
Egileez
María Teresa Gómez-Sagasti UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia sailekoa da, Lur Epelde Neiker-Tecnaliako Baliabide naturalen kontserbazioa sailekoa da eta Oihana Barrutia UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean dabil.