Gabon batzuetan, jada heldua zela, Barbie paleontologo bat oparitu zioten Mary Dawsoni. Grazia egin zion opariak; ez burutazioagatik, baizik eta panpinak zekarren erreminta-kutxan ile-eskuila zelako objekturik handiena. Bere esanetan, alde handia zegoen Barbie haren eta errealitatearen artean. Hori bai ziurta zezakeela.
Dawsonek txikitatik maitatu zuen natura; batik bat fosilek pizten zioten arreta. Albaitari-medikuntza ikasten hasi zen Michiganeko Estatu Unibertsitatean, baina, amaitu baino lehen, espezializazioa aldatu, eta zoologia hautatu zuen. Graduatu ondoren, beka bati esker, paleontologia ikasi zuen Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia). Gero, 1958an, doktoretza lortu zuen Kansaseko Unibertsitatean. Bere tesia lan aurrendaria izan zen, eta karraskari lagomorfoen (adibidez, untxien eta erbien) eboluzioaren inguruan ardaztu zen.
Geroago, Suitzan osatu zituen ikasketak. Han, urtebetez, Ochotonidae familiako kideak diren pika edo haitzetako untxien eboluzioa aztertzen aritu zen. Ikerkuntza hartan, Prolagus sardusedo Pleistozeno berantiarreko Sardiniako pika bildu zuen. Hain zuzen ere, bere landako ikerketan, Sardiniako eta Siziliako Pleistozenoko haitzuloak bisitatu zituen.
1962an, Pennsylvaniako Pittsburgh hiriko Historia Naturalaren Carnegie Museoan ekin zion bere ibilbide profesionalari, ikertzaile elkartu moduan. Museo hartako zuzendariak, Maurice Graham Nettingek, esan zion emakume batek inoiz ez zuela erakunde hartan aurrera egingo; zaindari izatera ez zela iritsiko emakumerik. Ia hamar urte geroago, 1970ean, lortu ere lortu zuen Dawsonek hori, eta 2003an erretiroa hartu zuen arte bete zuen kargua –zaindari emeritua izaten jarraitu zuen–. Besteak beste, ornodunen fosilen Ipar Amerikako laugarren bilduma handienaren bultzatzailea izan zen Dawson.
Dawsonek ezarritako beste mugarrietako bat Artikora egindako espedizio garrantzitsu bat izan zen. 1973 eta 1987 artean, haren lantaldeak Aro Tertziarioko –aro zenozoikoa ere deitzen zaio duela 66 bat milioi urteko garai horri– ugaztun lurtarren fosilak aurkitu zituen han, eta horrek erakutsi zien migrazio bide bat bazela Ipar Amerikaren eta Europaren artean. Pasabide lurtar bat egon zela frogatu zuten, eta horrek azaltzen zuen zergatik ziren Ipar Amerikan aurkitutako zenbait ugaztun –zaldiak eta errinozeroak, adibidez– Europan aurkitutakoen hain antzekoak. Aurkikuntza horrek sendetsi egin zuen plaken tektonikaren teoria, zeina 60ko eta 70eko hamarkadetan pixkanaka onarpena lortzen ari baitzen. Bidenabar, Zirkulu Polar Artikoan kaimanen eta dortoken hondar fosilak aurkitu zituenez, ondorioztatu zuen klima aldaketa bat gertatu zela duela 55 milioi urte, berotegi efektu bat.
2007 eta 2010 artean, Kanadako Naturaren Museoko Natalie Rybczynski paleobiologoa izan zuen lankide, eta itsas txakurren eboluzioa ikertzeko fosilen bila aritu ziren elkarrekin. Bestalde, Natur Historiaren Amerikar Museoko (New York) Richard Tedford paleontologoarekin, Puijila darwini aurkitu eta deskribatu zuen, erabakigarria itsas txakurren, itsas lehoien eta mortsen sorburua ulertzeko. Halaber, 2006an, beste paleontologo batzuekin batera, ezbaian jarri zuen Laoseko haitzetako arratoia (Laonastes aenigmamus) non sailkatu behar zen. Bere aburuz, ez zen Laonastidae familiakoa, baizik ustez duela 11 milioi urte desagertu zen Datomyidae familiakoa.
Sariak eta ohoreak
Hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean, eta goratua izan zen paleontologiaren esparruan egindako lan aurrendariarengatik. Carnegie Museoko Lurraren Zientzien Saileko presidentea izan zen (1973-1997), bai eta jarduneko zuzendaria ere (1982-1983). Halaber, Geologia eta Planeta Zientzien Saileko irakasle atxiki moduan kontratatu zuten Pittsburgheko Unibertsitatean.
Sariei dagokienez, 1981ean Arnold Guyot saria jaso zuen, National Geographic Society erakundeak emana, Artikoan egindako lanaren aintzatespen modura. Gainera, 1999tik aurrera Ornodunen Paleontologia Sozietate (Society of Vertebrate Paleontology) ospetsuko ohorezko kidea izan zen, eta arestian aipaturiko sozietate horrek emandako Romer-Simpson Domina jaso zuen lehen emakume estatubatuarra bihurtu zen 2002an.
Iturriak:
- Black, Riley (2021). Daring to Dig, Carnergie Magazine.
- Crompton, Janice (2020). Mary R. Dawson: Pioneer of polar paleontology, Pittsburgh Post-Gazette, 13 diciembre 2020ko abenduaren 13a.
- Society of Vertebrate Paleontology, Mary R. Dawson
- Van der Geer, Alexandra (2016 ). Mary Dawson. Breaking the Ice on Plate Tectonics, TrowelBlazers, abenduaren 6a.
- Wikipedia, Mary R. Dawson
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.