Klima-aldaketak kontinente guztietako herrialde guztiei eragiten die, eta ekonomian, pertsonen bizitzetan eta komunitateetan inpaktu negatiboa sortzen ari da. Aurreikusten denaren arabera, etorkizuneko ondorioak are larriagoak izango dira. Berehala zerbait egiten ez badugu, etorkizuneko ondorioak hondamenezkoak izan litezke.
Klima-aldaketari aurre egiteko bi aukera daude: alde batetik, klima-aldaketaren kausak murriztea, besteak beste berotegi efektuko gasen emisioak (arintzea), eta, beste alde batetik, klima egoera berrietara egokitzea kalteak gutxitzeko edo aukera berriak aprobetxatzeko (egokitzapena).
Klima-aldaketa gelditzeko berehalako neurriak ezartzea garestiegia dela uste liteke. Hala ere, horrelako ekintzetan inbertitu ezean, klima-aldaketak sortutako egoeretara egokitzea ezinezkoa izango da, eta lanpostu berririk ere ez litzateke sortuko beste batzuk halabeharrez desagertzen ari direlarik.
Klima patroien aldaketak itsasoaren tenperaturari, mailari eta azidifikazioari eta espezieen aniztasunari eragiten die. Horrek ondorioak ditu itsaso zabalean eta itsaso sakonean, kostaldeko eremuetan eta itsasoko baliabideen ustiapenari lotutako gizakien elikaduran.
Horregatik, ahal den heinean, arazoari aurrea hartu behar zaio, eta planak sortu behar dira aurreikuspenak egiteko eta itsasoko baliabideetan eta ekosistemetan eta kostaldeetako giza eremuetan klima aldaketaren ondorioak gutxitzeko. Horrez gain, intereseko habitatak kontserbatu behar dira, espezie kalteberak babestu behar dira eta arrantza eta itsas espazioaren antolamendua modu jasangarrian kudeatu behar dira.
Hori guztia lortzeko, datuak behar dira, eta datu horietatik informazioa ateratzea posible izan behar da. Hala, habitaten eta ekosistemen ereduak erabilita, aztertu ahal dira klimaren ondorioek nola eragin diezaieketen ekosistema batean garrantzitsuak diren espezieen populazioen eta talde trofikoen banaketari, ugaritasunari eta dinamikari. Inpaktu arriskuen eta kalteberatasun adierazleen mapak egin daitezke, eta horrekin, neurri zuzentzaile posibleak aztertu, eta kontingentzia planak egin ahal dira.
Kontua da nola lortu datuak modu efizientean. Kasu honetan, efiziente hitzak esan nahi du ahalik eta kalte gutxien sortzea, ez kutsatzea, energia kontsumoa gutxienekoa izatea eta energia hori berriztagarria eta pertsonentzako segurua izatea, eta hori dena oso aldi luzeetan.
AZTI zientzia eta teknologia guneak itsas ingurunearekin lotutako inpaktu handiko eraldaketa proiektuak lantzen ditu Nazio Batuetako 2030erako GJHekin lerrokatutako erakundeekin lankidetzan. Branka Composites enpresarekin batera, AZTIk Itsasdrone sortu du: itsas gainerako espioitza dronea, epe luzeko datuak behar diren misioetarako; modu autonomoan funtzionatzen du.
Itsasdroneak energia berriztagarriekin bakarrik funtzionatzen du eta ez du emisiorik sortzen. Konpositearekin fabrikatuta dago, non % 30 jatorri biologikoa baita eta fabrikazio prozesuek ingurumena errespetatzen baitute. Droneak gauzatu ditzakeen askotariko misioen artean daude, besteak beste, azterketa hidrografikoetarako datuak jasotzea, laginketa ozeanografikoak egitea, arrain populazioak analizatzea, itsasoko espezieen migrazioak aztertzea, eremu arriskutsuetan neurketan egitea, datu meteorologikoak eta airearen osaerakoak biltzea, eguzkiaren jarduera neurtzea, petrolio isuriak monitorizatzea eta itsasoko hondakinak detektatzea.
Baina, noski, intrusio gutxieneko eta hainbeste datu biltzeko gaitasuna duen drone batek hain zientifikoak ez diren beste aplikazioak ere baditu: adibidez, arrantzaren industria edo legez kanpoko trafikoak kontrolatzea, helburu militarrak monitorizatzea edo minak detektatzea. Eta, noski, espioitza gordin eta sinplea ere (formalki esanda, inteligentzia datuak biltzea).
Egileaz:
Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] droneek alde batetik bestera askatasunez hegan egin ahal izango balute eta zeruan ehunka edo milaka robot […]