Biomarkatzaile berrien identifikazioa giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako

Argitalpenak · Dibulgazioa

Giltzurrun gutxiegitasun kronikoa (GGK) da arazo funtzional zein estrukturalen ondorioz giltzurrunek bere zeregina betetzeko duten gaitasunaren galera. GGKaren ondorioz, haurrek zailtasun-metabolikoak, zailtasun-kardiobaskularrak eta garapen-zailtasunak pairatzen dituzte, eta hori dela eta, populazio-talde horietan morbilitate eta heriotza-tasak handiak dira. Ildo horretan, esku-hartze terapeutiko eraginkorra lortzeko, diagnostiko azkarra ezartzea premiazkoa da. Egun, gaixotasunaren diagnostikoan serumeko kreatinina biomarkatzaile klasiko bezala erabiltzen bada ere, faktore anitzek kreatininaren kontzentrazioa aldatzea eragin dezakete. Hori dela eta biomarkatzaile honek sentikortasun mugatua du, bereziki gaixotasunaren lehenengo faseetan. Hortaz, diagnostiko goiztiarragoa eta erantzun hobea lortzeko biomarkatzaile berriak aurkitzeko beharra dago GGK pairatzen duten paziente pediatrikoetan.

Metabolomika lagin biologikoen profil metabolikoaren azterketa sistematikoaren bidez biomarkatzaile berriak aurkitzea ahalbidetzen duen tresna da, 1500 Da arteko molekula txikiak helburu dituena. Kontrol-taldearen eta talde gaixoaren arteko profil metabolikoen konparaketan zenbait metabolitoren kontzentrazioen igoera edo jaitsiera identifika daiteke, eta hortaz, metabolito horietako batzuk biomarkatzaile bezala erabili daitezke.

Giltzurrun gutxiegitasun
Irudia: Giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren ondorioz, haurrek zailtasun-metabolikoak, zailtasun-kardiobaskularrak eta garapen-zailtasunak pairatzen dituzte, beraz diagnostiko azkarra ezartzea premiazkoa da. (Argazkia: Wagner Souza e Silva – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)

Lan honetan bi estrategia erabili dira haurretan gertatzen den GGKaren diagnostiko azkarra ezartzeko: metabolomika bideratua (edo targeted) eta metabolomika ez-bideratua (edo untargeted). Ikerlan hauetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jasotako GGK zuten haurren eta haur osasuntsuen plasma erabili da.

Metabolomika bideratua bide metaboliko, entzima sistema edota talde metaboliko jakinekin erlazionatuta dauden eta aldez aurretik definitutako metabolito ezagunen determinazioan eta kuantifikazioan oinarritzen da. Kasu honetan, analizatzen diren konposatuak ezagunak direnez, laginaren tratamendua oso espezifikoa da eta analisiak sentsibilitate ahalik eta handiena izateko diseinatzen da. Aurretik egin diren ikerketetan oinarrituz, urearen zikloan, argininaren metilazioan eta arginina-kreatina bide metabolikoetan parte hartzen duten 16 aminoazido, aminoazidoen eratorri eta erlazionatutako metabolito ezberdinak GGK duten haurren eta kontrolen plasman analizatzeko helburua planteatu da. Horretarako, metabolomika metodo bideratu bat garatu eta balioztatu da, likido kromatografia-masa espektrometria bidez kuadrupolo-hegaldi denbora analizatzailearekin (LC-QTOF). Gurutzetako haurren plasma laginak analizatu eta emaitzak aldagai anitzeko analisi estatistikoaren bidez aztertu eta gero, GGK zuten pazienteen plasman kreatinina, zitrulina, S-adenosilmetionina eta dimetilarginina simetrikoaren kontzentrazioa altuagoa dela ikusi da. Hortaz, azken hiru metabolito hauek biomarkatzaile berri posibletzat hartu dira, kreatinina biomarkatzaile klasikoarekin batera.

Metabolomika ez-bideratuaren helburua, ordea, jatorri desberdineko lagin taldeen artean ahalik eta metabolito gehienen konparazioa egitea da, inongo aldez aurretikako hautaketarik gabe, bi taldeen artean esanguratsuak diren metabolitoak soilik identifikatzeko. Kasu honetan, lan fluxua ondorengoa izaten da: laginen prestaketa eta bereizmen altuko masa espektrometria ekipoen bitarteko analisia (QTOF erako ekipoak, kasu), datuen prozesamendua, analisi estatistikoa edo kimiometrikoa eta azkenik, adierazgarriak diren metabolitoen identifikazioa, datu baseen eta kandidatuen estandarren analisiaren bidez. Gurutzetako haur osasuntsuen eta GGK pairatzen zuten haurren plasmak LC-QTOF teknikaren bidez konparatu eta gero, 232 entitate ezezagun lortu dira. Analisi kimiometrikoaren bidez entitate murrizketa egin eta gero, GGK duten haurren eta haur osasuntsuen metabolomen artean estatistikoki desberdinak diren 5 entitate aurkitu dira. Azkenik, bost metabolito horien artean lau identifikatzea posible izan da datu-baseak eta estandar analitikoak erabiliz: n-butirilkarnitina, cis-4-dezenoilkarnitina, bilirrubina eta esfingosina-1-fosfato.

Ikerketa metabolomiko bideratu eta ez-bideratu hauen emaitzak batera hartuta, kreatinina biomarkatzaile klasikoaz gain beste zazpi biomarkatzaile berri proposatu dira GGK duten haurren diagnostiko goiztiarra egitea ahalbide lezaketenak. Etorkizunera begira, zazpi biomarkatzaile horiek GGK duten haurrak eta haur osasuntsuak bereizteko esanguratsuak diren egiaztatzeko populazio pediatriko ezberdin eta zabalago bat ikertzea proposatzen da.

Iturria

Benito, Sandra; Unceta, Nora; Sánchez-Ortega, Alicia; Gómez-Caballero, Alberto; Goicolea, M. Aránzazu; Barrio, Ramón J. (2020). «Ikerketa metabolomikoek bultzatutako biomarkatzaile berrien identifikazioa haurretan ematen den giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako»; Ekaia, 37, 2020, 65-81. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20859)

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Ikerketa metabolomikoek bultzatutako biomarkatzaile berrien identifikazioa haurretan ematen den giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako.
  • Laburpena: Giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren (GGK) ebaluazioa egiten da iragazpen glomerularraren tasaren (IGT) bidez, eta kalkulatzen da serumeko kreatininaren kontzentrazioan oinarritutako ekuazioen bidez. Hala ere, serumeko kreatinina kontzentrazioa hainbat faktoreren arabera alda daiteke, eta horrek GGKaren diagnostikoa arriskuan jar dezake, bereziki gaixotasunaren fase goiztiarrenetan. Haurretan GGKak, arazo metaboliko eta kardiobaskularrez gain, garapen-arazoak eta malnutrizioa eragiten ditu. Haur osasuntsuekin alderatuta, zailtasun horiek 30 aldiz handitzen dute heriotza-tasa GGkaren fase aurreratuenetan dauden haurretan. oro har, gaixotasun jakin baterako biomarkatzaileen presentziak diagnostiko goiztiarragoa eta erantzun hobea ahalbidetzen dute. Hori dela eta, GGK pairatzen duten helduetan ikerketa integrala egin da biomarkatzaile berriak topatzeko, baina populazio pediatrikoan ikerlanak oraindik oso mugatuak dira, eta biomarkatzaile berrien beharra dago. Helburu horrekin, haur osasuntsuen eta GGK pairatzen duten haur gaixoen arteko profil metabolikoen konparazioa egin da, metabolomika bideratu zein ez-bideratuak aplikatuz. Ikerketaren ondorioz, GGK pediatrikoaren detekzio goiztiarrean erabilgarri izan daitezkeen zazpi metabolito berri aurkitu dira, kreatinina biomarkatzaile klasikoarekin batera. Metabolito horiek, kreatininarekin batera erabiliz, kreatinina soilaren erabilerarekin ez bezala, haur gaixoak eta osasuntsuak bereiztea ahalbidetzen dute.
  • Egileak: Sandra Benito, Nora Unceta, Alicia Sánchez-Ortega, Alberto Gómez-Caballero, M. Aránzazu Goicolea, Ramón J. Barrio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 65-81
  • DOI: 10.1387/ekaia.20859

Egileez

Sandra Benito, Nora Unceta, , Alberto Gómez-Caballero, M. Aránzazu Goicolea eta Ramón J. Barrio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira

Alicia Sánchez-Ortega UPV/EHUko Lascaray Ikerguneko Analisirako Zerbitzu Zentralekoa da


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.