Berni, irakurtzeko zailtasunei aurre egiteko jokoa

Tradizioz, Lehen Hezkuntza izan da irakurtzeko zailtasunei erantzun bat emateko etaparik aproposena, baina, gaiari buruzko azken ikerketek diotenez, Haur Hezkuntzan dago benetako gakoa. Ainara Romero UPV/EHUko ikertzaileak Haur Hezkuntzan irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko software didaktiko bat diseinatu eta garatu du euskaraz, Berni.
Irudia: Berni softwarea EAEko 4 eta 5 urteko haurren arazoa.

1. irudia: EAEko 4 eta 5 urteko haurrek dituzten irakurketa arazoak aztertu ditu Ainara Romero UPV/EHUko ikertzaileak eta hauei aurre egiteko softwarea garatu du.

Dislexiaren lehen zeinuak Haur Hezkuntzan azaltzen dira. Haur Hezkuntza, ordea, ez da derrigorrezko etapa bat, eta hortaz, hezkuntza-premia bereziak detektatzeko eta esku hartzeko baliabideak beste etapetan baino urriagoak dira. Gainera, “baliabideak aproposak izateko, ezinbestekoa da haurren ama-hizkuntzan egotea, eta euskaraz, esaterako, ez dago Haur Hezkuntzan aurreirakurketa-zailtasunak ebaluatzeko eta esku hartzeko tresnarik” adierazi du Ainara Romero ikertzaileak.

Hori guztia kontuan hartuta, irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko euskarazko hezkuntza-software bat diseinatu, garatu eta ebaluatu du UPV/EHUko ikertzaileak: Berni. Irakurtzeko zailtasunak prebenitzeko zeinu hauek kontuan hartzen ditu Bernik, hainbat jokoren bitartez: kontzientzia fonologikoa, ezagutza alfabetikoa, hitzezko adimena, hartze- eta adierazpen-hizkuntza eta idatzitakoaren kontzientzia. Izan ere, ikertzaileak azaldu duenez, bost aldagai horiek dira etorkizuneko irakurketa-zailtasunak detektatzeko eta diagnostiko goiztiar bat egiteko funtsezko osagaiak. Alegia, haurrak irakurketa bereganatzeko garaian zailtasunak islatuko dituen edo ez aurresaten laguntzen digute.

2. irudia: Berni Irakurketa Zailtasunen arrisku zeinu lasterrak esku-hartzeko softwarea da. Irakurketa Zailtasunak haur hezkuntzan antzeman daitezke eta horiek haurrak dislexia izango duela zehazten ez duten arren, Zailtasuna izateko joera islatzen dute.

2. irudia: Berni lehendabiziko irakurketa zailtasunen arrisku zeinuen aurrean esku-hartzeko softwarea da. Irakurketa zailtasunak haur hezkuntzan antzeman daitezke eta horiek haurrak dislexia izango duela zehazten ez duten arren, zailtasun hau izateko joera islatzen dute.

Eraginkorra eta erabilerraza

Berni softwarearen eraginkortasuna ebaluatzeko, Bizkaiko zazpi ikastetxetako lau eta bost urteko 417 ikasle aztertu ditu Romerok. Ikasle horietatik guztietatik 43k aurredislexia zeinuak azaltzen zituzten, zailtasunak baitituzte funtsezko aldagai horietan. Horrenbestez, horietatik 23 haurrek Berni softwarea erabili dute eta beste 20 haurrek ez. Gainera, inolako zailtasunik azaltzen ez duten eta ausaz aukeratutako beste 42 ikasle ere ebaluatu ditu. Berni softwarea edo jokoa osotasunean egiteko, haurrek 20-25 minutuko bi saio egin dituzte astean, eta, guztira, 7-8 aste behar izan dituzte.

Jokoan parte hartu duten eta parte hartu ez duten haurren alderaketa egin du ondoren ikertzaileak, eta egiaztatu du Berni lagungarria dela aurreirakurketa-zailtasunak dituzten haurrentzat. Izan ere, kontzientzia fonologikoa eta hitzezko adimena nabarmen hobetzea lortu dute joko didaktikoaz baliatu diren haurrek.

“Emaitzak baikorrak dira, hain zuzen ere, bi aldagai horiek baitira dislexiaren garapenarekin erlazio zuzenena duten bi aldagaiak” azpimarratu du Romerok. Emaitzak baikorrak dira, halaber, hartze- eta adierazpen-hizkuntza eta idatzitakoaren kontzientziaren kasuan. “Ezagutza alfabetikoaren gaineko eragina, berriz, ez da argi geratzen. Izan ere, aldagai hori ikasgelan ere lantzen dute haurrek, eta Berni jokoan parte hartu duten zein parte hartu ez duten haurrek hobetu dutenez, ezin dut ziurtatu Berniren ondorio bat den edo ez” azaldu du ikertzaileak.

Erreminta berri honekin, etorkizunean haurrek irakurtzen ikasteko dituzten zailtasunak minimizatzea espero du ikertzaileak. Halaber, Haur Hezkuntzan zailtasun horri aurre egiteko behar dituzten estrategiak bultzatzeko aukera eskaintzen du. Hala, arazoen edo zailtasunen diagnostiko goiztiarra egin ahal izango da, baita horrek guztiak sor ditzakeen zenbait arazo kurrikular, emozional, sozial eta abar ekidin ere.

Ainara Romero ikertzaileak azaltzen ditu Berni softwarearen ezaugarriak bideoan.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Irakurtzeko zailtasunak prebenitzeko jolasa.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Euskadi Irratiko Faktoria programan Ainara Romero ikertzaileak Berni aplikazioa zertan datzan azaldu zuen eta horrez gain, irakurketa zailtasunek haurren autoestimuan eragiten dutela aipatu zuen.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>