Denok ez dugu gaitasun bera ideia konplexuak ulertzeko, ingurunera modu eraginkorrean moldatzeko, esperientzietatik ikasteko, arrazoiketa moduak baliatzeko edo, azken batean, zailtasunak gainditzeko pentsamendua baliatuta. Pertsonen arteko ezberdintasun horiek funtsezkoak badira ere, inoiz ez dira guztiz finkoak: pertsona baten errendimendu intelektuala aldatu egiten da inguruabarren, zereginaren eta emaitzak epaitzeko moduaren arabera.
Arazoak ebazteko helburuarekin ikasteko eta moldatzeko dugun gaitasun hori, adimena deritzoguna, taxutzen duten inguruabarretako bat esperientzia da. Aditu batek, gai jakin batean jendearen batezbestekoak baino informazio gehiago izateaz gain, gai izaten da, halaber, informazio berria modu efizienteagoan aztertzeko eta erronka berriak azkarrago ebazteko, betiere bere jakintza arloan. Beraz, espezializazioak, oro har, efizientzia areagotzen du.
XX. mende hasieran, iraultza bat sortu zen ideia horren erabilpenean, eta, hala, produktu oso sofistikatuak samaldan ekoizten hasi ziren populazioaren zati handi batek ordaintzeko moduko prezioan: kateko ekoizpena sortu zen. Aurretik, eskulangile batek egiten zituen produktu bat fabrikatzeko fase guztiak; orain, fase bakoitza pertsona jakin baten espezializazio eremua bihurtu zen, eta ekoizpenaren faseetarako diseinatutako erremintak eta tresnak erabiltzen zituen. Kateko ekoizpenak, beraz, etapa bakoitzaren hiperespezializazioa behar du eta, hala, efizientzia optimizatzen da etapa horretako arazoak ebazteko orduan.
Muturreko espezializazio horren ondorioz, baina, oso zaila da lanabesak eta pertsonen gaitasunak birziklatzea. Irudika dezagun autoen ekoizpen lerro bat: forman, dimentsioetan edo teknologian aldaketaren bat eginez gero, lanabesetan inbertsio ikaragarriak egin behar izaten dira; aldaketa muturrekoa bada, adibidez ibilgailu elektrikoak fabrikatzen hastea errekuntza motordunen ordez, beharbada hobe da fabrika oso bat hutsetik eraikitzea aurretik zegoena egokitu beharrean. Langileekin gauza bera gertatzen da: ez da batere erraza oso konplexua eta espezializatua den zeregin bateko gaitasunak birziklatzea –adibidez, aluminaren elektrolisi upel batean 30 urtez lanean egon den langile batenak–, horren ondoren langile hori efizientzia maila lehiakor batean beste zerbait egiten has dadin.
Gaur egun bizi dugun industria iraultzan, egokitzapen arazo horiek ebazteko –bai ekoizpen lerroena, bai lerroen funtzionamenduarena–, gizarteak eskatzen dituen produktu teknologikoki sofistikatuak, eta, gainera, prezio onean, fabrikatzeko, nekatzen ez den eta arazo pertsonalik ez duen adimena erabili behar da, hau da, adimen artifiziala.
Horren adibide bat Europar Batasunak finantzatutako ACROBA proiektua da, zeina aurtengo urtarrilaren 1ean abiarazi zuten. Proiektuaren xedea da plataforma robotiko adimendun berri batzuen eraginkortasuna garatzea eta frogatzea, industriako ia egoera guztietara arazorik gabe egokitzeko gai izango direnak. Helburua da kontsumitzaileek eskatzen dituzten aldaketei erraz, modu merkean eta kalitate estandarrak mantenduz erantzutea.
Industria plataforma berri horiek plug-and-produce kontzeptuan oinarrituko dira (entxufatu eta ekoiztu) arkitektura modular eta moldagarriekin. Hala, sistema robotikoak azkar aldatzen diren ekoizpen inguruetan gaitasun kognitibo hobetuekin konektatuko dira. Beste modu batean esanda, ACROBA plataformak adimen artifiziala eta modulu kognitiboak erabiliko ditu fabrikatzaile bakoitzaren betekizunak betetzeko eta fabrikazio masiboko produktuen pertsonalizazioa hobetzeko (adibidez, gama altuko auto batek izan ditzakeen aukeren ia konbinazio infinituak), horretarako, ekoizpen behar guztietara autoegokitzeko gai diren sistema robotiko aurreratuak erabilita.
Horrelako plataformei esker, industria enpresa txiki eta ertainak sortu ahalko dira eta bideragarriak izan ahalko dira, ohiko kateko ekoizpena behar duten fabrika handien aurrean. Beraz, ez da harritzekoa proiektuan Vicomtech euskal enpresak parte hartzea, zeinak ikuspen eta adimen artifizialeko teknologien garapenaren arloan dituen esperientzia eta ezagutzak eskaintzen dituen. Zehazki, pertsona/robota lankidetzako zeregin ezinbestekoetan parte hartuko du: ezaugarriak erauzi, irudiak ulertu, egoerak deskribatu eta atzeman. Horiek guztiak ere adimen deritzogun horren ezaugarriak dira.
Egileaz:
Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.