Asteon zientzia begi-bistan #361

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Arkeologia

Aste honetan Zientzia Kaieran, harri-industriak historiaurreko gizakiari buruz ematen dituen jakintzen inguruan egin zaio elkarrizketa Joseba Rios Bizkaiko Arkeologia Museoko ikertzaileari. Harri-industria edo industria litikoa lehenengo gizakiek erabiltzen zituzten harri tresneriari egiten dio erreferentzia. Egun, harri tresna hauek garrantzizkoak bilakatu dira, izan ere, historiaurreko gizakien kultura, ekonomia eta gizarte-antolakuntza nolakoa zen ikusteko eta bilakaera ikertzeko baliagarriak dira.

Osasuna

Autismoaren etiologia eta fisiopatologia oraindik guztiz ezaguna ez bada ere, badakigu genetikak eragin garrantzitsua duela eta gaixoek aldaketa genetiko amankomunak dituztela. Hainbat ikerketa egin dira gene hauek identifikatzeko baina oraingoz, autismo kasuen %75ak tratamendu farmakologikoa jasotzen du asoziaturiko sintometarako. Hala ere, momentuz ez dago sintoma nagusietarako eraginkorrak den farmakorik. Testuinguru honetan, oxitozinak autismoaren tratamenduan izan dezakeen erabilgarritasuna eta arrakasta aztertzen ari dira. Oxitozina esne ekoizpenean eta erditze garaiko muskulua uzkurketan parte hartzen duen peptidoa da. Azalpenak Zientzia Kaieran: Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?

Minbiziaren ikerketaren aldeko eguna izan zen irailaren 24a eta honen harira Minbiziaren mitoak eta errealitateak: ulertu sendatzeko hitzaldia eman zuen Ibarrangelun Arkaitz Carracedo ikertzaileak. Carracedoren hitzetan, minbiziaren oinarria eta eboluzioarena berdin-berdinak dira. Gorputzean ditugun milioika zelulek, ugaltzen diren bakoitzean, informazio genetikoa bikoiztu egiten dute eta gehienetan prozesua ongi gertatzen de arren, batzuetan akatsak gertatzen dira. Akats horiek dira bai minbiziaren bai eboluzioaren oinarria. Azalpenak Berrian: “Egun hemen egoteko ordaindu behar dugun prezioa da minbizia”.

Zoologia

Mahastien modernizazioak ondorioak ditu hegaztiek eta ugaztunek mahastiak erabiltzeko moduan. Horixe aztertu dute UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Saileko ikertzaileek eta egiaztatu dute espezie desberdinak daudela mahasti tradizionaletan eta besorakoetan. Mahasti mota bat edo beste bat aukeratzea espeziearen araberakoa dela ziurtatu dute. Hala ere, jakina da zenbait espezie babesturentzat, hala nola, basoiloa, besorako mahastiak kaltegarriak direla. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Aste honetan, Unibertsitatea.net webgunean, Ioar de Guzman biologoari eginiko elkarrizketa irakur daiteke, erreketako kutsaduraren inguruan. Egun, Ioar EHUko ibai ekologia taldean tesia egiten dabil. Giza populazioaren hazkundearen ondorio diren ur erauzketak eta kutsadurak erreketan duen inpaktua aztertzeko bertako bizidunak aztertzen ditu Ioarren taldeak eta bere esanetan, kutsaduraren eragina ur erauzketarena baino handiagoa da gure erreketan.

Astronomia

Osaketa kimikoari erreparatuz, Eguzkiaren antzekoak diren izarren laurden batek planetaren bat ‘irentsi’ izanaren zantzuak erakusten dituela kalkulatu du astronomo talde batek eta Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dituzte eginiko aurkikuntzak. Artikuluak dioenez, izar ezberdinen osaketa kimikoak aztertu dituzte eta izar batzuen osaketa kimiko berezia, planetak irentsi izanagatik datorkiela esateko froga sendoak aurkitu dituzte. Juanma Gallegok kontatzen du Zientzia Kaieran: Beren planetak irensten dituzten izarrak.

Turistak soilik zeramatzan lehenengo espazio-ontzia Lurrera itzuli dela azaltzen da Berrian. Lau bidaiari zituen astronauta profesionalik gabeko lehenengo saio hau Atlantikoan jaso dute, misiotik bueltan. ‘Inspiration 4’ misioa espazioko turismoaren aroan mugarri izango da, arrakastaz amaitu baitute lau bidaiariek. Hiru egun igaro dituzte Lurraren azaletik 575 kilometrora.

Geologia

Zumaiako itsaslabarretan egindako ikerketa batek frogatu du kretazeo bukaeran Indian jazotako muturreko bolkanismoak, Lurrean inoiz izan den bortitzenak, oso eragin txikia izan zuela dinosauroen desagertzean. Dinosauroen suntsipen masiboaren aurretik, 2 °C eta 5 °C bitarteko berotze globala gertatu zen eta Indiako bolkanismo erraldoiaren eraginez izan zitekeela pentsatzen zen. Baina azterketa honek hipotesi hori ezeztatu du, dinosauroen eta beste bizidun askoren suntsipena duela 66 milioi urte Mexikoko Yucatán penintsulan jotako asteroidearen inpaktuak eragin zuela berretsiz. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Cumbre Vieja sumendiko erupzioaren gakoak azaldu ditu aste honetan Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian. 2021eko irailaren 19an La Palman hasitako erupzioak, ikertzaile asko jarri ditu martxan eta horri esker argitzen ari dira erupzioaren ezaugarriak eta izango duen eboluzioa. Besteak beste, erupzioaren azalpen geologikoak, laba itsasora iristeak sortzen dituen kezken zergatia edo erupzio honek jada eragin duen geografia aldaketaren inguruan dihardu Aitziberrek.

Teknologia

Material eta osagai ezberdinek itsaso zabalean duten bilakaera aztertzeko laborategi flotagarri handiago bat uretaratuko du Tecnaliak. Itsasoa eremu fisiko gogorra da, eta lur lehorrean erabiltzeko balio duten gailu eta material askok ez dute jasaten olatuen, kresalaren edo ugerraren eragina. Hori probatzeko, hain zuzen, eraiki du Tecnaliak HarshLab berria. 2018an uretaraturiko izen bereko laborategiaren bertsio handiagoa da. Azalpenak Berrian: ‘Offshore’-an murgiltzeko probalekua.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.