XX. mendean, poliomielitisa edo polioa zen gaixotasunik beldurgarrienetako bat. Ez zen beti hilgarria, baina ondorioak izugarriak ziren: milioika pertsonari –horietako asko haurrak ziren– paralisia eragiten zien urtero. Gaur egun ia inork ez du gogoratzen.
Hura eragiten zuen birusari buruzko ikerketei eta hura garaitzea lortu zuen txertoari esker, mehatxu izateari utzi dio ia mundu osoan. Txerto baten garapenean ikertzaile askok parte hartzen dute, bai eta horien aurkikuntza progresiboek ere, bakoitza hurrengoetan oinarrituta. Gizateriaren konkista honetako izen erabakigarrietako bat Marguerite Vogt izan zen.
Vogt Alemanian jaio zen 1913an, eta garaiko goi mailako neurozientzialari bikote baten alaba zen. Eragin zientifiko handiko giro batean hazi zen, eta berak eta bere ahizpak bide hori jarraitu zuten. Haurtzaroa laborategi artean igaro zuen, eta 14 urterekin argitaratu zuen bere lehen ikerketa, frutaren eulian izandako mutazio batzuk deskribatzen zituena.
“Ez nuen nazi batekin bukatu nahi”
Naziak indarra hartzen ari ziren Alemanian, eta gurasoak Berlingo Kaiser Wilhem Institututik –gaur egun, Max Planck– kanporatu zituzten. Aita hango zuzendari izatera iritsi zen. Urte batzuk geroago kontatu zuenez, “Hitlerren garaian, gizon guztiak saihesten nituen. Ez nuen nazi batekin bukatu nahi, eta garai hartako Alemanian ezin zinen inoren ideia politikoez ziur egon”.
Beren ikergune propioa ireki zuten, non naziek jazarritako beste pertsona batzuk hartu zituzten, eta Vogtek denbora asko ematen zuen laborategietan lehen ikerketa haietan. Medikuntzako unibertsitate ikasle zela ikertzen jarraitu zuen; ez zen eskoletara joaten eta, galdutako lezioak konpentsatzeko, buruz ikasten zituen testu liburuak.
Ausarta, polioaren birusaren aurrean
Gerraren ondoren, Vogtek Estatu Batuetara emigratu zuen. Bertan, Kaliforniako Teknologia Institutuan matrikulatu zen lehenik eta Biologia Ikasketen Salk Institutuan gero, sortu eta gutxira. Bertan behin-behineko instalazio itogarrietan lan egin zuen, ikertzen ari zen patogeno arriskutsuetatik ia babesten ez zuten txanoen azpian.
Patogeno horietako bat, hain zuzen ere, polioa eragiten duen birusa zen. Pipeten eta petri plaken artean, inkubatzen, zentrifugatzen eta berriro inkubatzen, Vogt tximino giltzurruneko zeluletan birusa kultibatzen eta bakartzen saiatzen zen hura aztertzeko, eta hori oso ausarta zen. Une hartan zientzialari gehienek zalantza egiten zuten mikrobiotik hain hurbil egotearen ideiarekin. Vogtek ez zien gurasoei kontatu. Geroago kontatu zuen aita asko haserretuko zela zerekin lan egiten zuen jakingo bazuen.
Birusak aztertzeko metodo kuantitatibo bat
Urtebetez saiatu ondoren, 1954an lortu zuen saiatzen ari zena. Berak eta Renato Dulbecco birologo italiar ospetsuak polioaren birusa arazteko garatu zuten metodoa argitaratu zuten. Horri esker, birologia zientzia deskriptibo huts izatetik zientzia kuantitatibo ere izatera igaro zen: horrela, birusak, haien ugalketa eta haien infekzio gaitasuna kontatu egin zitezkeen, eta, nolabait, alderatu.
Berehala hartu zuten hori beste birologo batzuek polioaren birusaren aldaera desberdinak aztertzeko, baita Albert Sabin mikrobiologoak ere. Horrela, birusaren andui ahulduak identifikatu eta bakartu ahal izan zituen, eta, hortik abiatuta, immunizazio kanpaina masiboetan erabili zen ahotiko txertoa garatu. Hurrengo urteetan, gaixotasuna garaitu eta ia desagerrarazi ahal izan zen.
Baina Vogten lana ez zen amaitu polioaren ondoren. Bere metodoari esker, mundu osoko zientzialariek beste birus batzuk aztertu ahal izan zituzten, zehazki, zelula indibidualetan duten eragina; horrela, birologia molekular izeneko arloa sortu zen. Partikula birikoak kultibatzeko eta arazteko metodorik erabiliena da oraindik ere, baita COVID-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren inguruko ikerketetan ere.
Onkobirusetatik tumoreen kausa genetikoetara
Aurrerago, Vogtek eta Dulbeccok beste birus batzuetan ere lan egin zuten, zehazki, DNA aldatuta zelula osasuntsuak zelula kantzerigeno bihurtzeko gai direnak. Ikerketa onkologikoetan ere aurrerapausoa izan zen hori, tumoreen anatomia sailkatzetik gaixotasuna eragiten duten mutazio genetikoak aztertzera igaro baitziren.
Dulbeccok 1975eko Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen onkobirusei buruzko ikerketengatik, baina Vogt ez zuten berdin aitortu bere ibilbidean. Bera, dena den, ez zen kexu. “Pozten naiz ez didatelako halako gauzengatik molestatu. Oso ospetsu egiten zarenean, ezin duzu lanik egin”.
Estatu Batuetan bizi izan zen zendu zen arte, eta eskubide zibilen aldeko eta Vietnamgo gerraren aurkako protestetan parte hartu zuen. 80 urte baino gehiago zituenean ere ikertzen jarraitu zuen, eta uste zuen orduan emakumeek egoera hobea zutela inguru zientifikoan bere gaztaroan baino, baina oraindik asko zegoela hobetzeko. “Askoz gehiago izan behar dute, horrela ezingo gaituzte alde batera utzi”. Vogt 2007ko uztailaren 6an zendu zen Kalifornian, 94 urte zituela.
Iturriak:
- Angier, Natalie (2001). SCIENTIST AT WORK — Marguerite Vogt; A Lifetime Later, Still in Love With the Lab, The New York Times, 2001eko apirilaren 10.
- Salk Institute (2007). Longtime Salk Researcher Marguerite Vogt Dies, 2007ko uztaila.
- Oransky, Ivan (2007). Marguerite M Vogt. The Lancet, 370 (9593), 1122. DOI: https://doi.org/10.1016/S0140-6736(07)61500-1
- Scudellari, Megan (2021). By taking on poliovirus, Marguerite Vogt transformed the study of all viruses, ScienceNews, 2021eko irailaren 17.
- Wikipedia, Marguerite Vogt.
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko urriaren 21ean: Marguerite Vogt, la viróloga que descubrió cómo “contar” los virus.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.