Gaixotasun gastrointestinalak (GI) digestio-aparatuko arazoen ondorioz agertu ohi diren nahasmenduak dira. Ezagunenetako batzuek giza-osasunarentzat larriak izan daitezkeen arazoak eragin eta, zenbait kasutan, kirurgia ere behar izaten dute, hala nola, hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) edo kolon narritagarriaren sindromea (SCI).
Ingurumeneko faktoreek, mikrobiotak eta immunitate-sistemaren erregulaziorik ezak eragin zuzena izan dezakete zenbait gaixotasun digestiboren agerpenean. Ildo horretan, hesteetako gaixotasun inflamatoriotzat jotzen diren Crohnen gaixotasunak (CG) eta ultzeradun kolitisak (UK) osagai genetiko eta hereditario indartsua dute. Gaixotasun hauen balizko jatorriaz zerbait gehiago jakin ahal izateko, giltzarrizkoa da geneen, mikrobiotaren zein hestearen funtzioaren azterketan sakontzea.
Horren harira, Donostiako Biodonostia OII Osasun-Ikerketarako Institutuan garatzen diharduten ikerketa-ildoetako batek genetika gastrointestinala du ardatz, konposizio genetikoak gizakien mikrobiotari edo hesteetako florari nola eragin diezaiokeen ulertu ahal izateko.
Genetikak digestio-aparatuko gaixotasun eta sindromeen garapenean duen betekizuna jendaurrean azaltzeko asmoz, Biodonostia OIIko Genetika Gastrointestinalari buruzko taldea gidatzen duen Koldo Garcia biologoak “Gaixotasun digestiboen gene-oinarrien korapiloa askatzen” izenburuko hitzaldia emango du abenduaren 15ean, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Hitzaldian, digestio-prozesuen azterketan egindako azken aurrerapenak aurkezteaz gain, Euskal Herriko Unibertsitatean Biologian lizentziatu eta Genetikan doktoratutako Koldo Garcíak ezagutzera emango ditu gaixotasun horien diagnostikoan aurrera egitea ahalbidetzen ari diren genetika-arloko aurrerapenak, prozesu gastrointestinalarekin zerikusia duten ingurumeneko beste faktore batzuetan sakondu baino lehen.
Sarrera
Hitzaldi-solasaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan antolatu da, eta modu presentzialean jarraitu ahal izango da, baita streaming bidez ere KulturguneaTB kanalean. Sarrera libreko hitzaldia da, ez da gonbidapenik eskuratu behar aurretiaz, eta lekuak bete arte emango da sarbidea.
Hizlaria
Koldo Garcia Etxebarria biologoa da eta Genetikan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Genetikaren hainbat arlotan ikertzen jardun du, UPV/EHUn zein Biologia Ebolutiboko Institutuan (Bartzelona). Egun, Genetika Gastrointestinalari buruzko taldea zuzentzen du Biodonostia Osasun-Ikerketarako Institutuan. Horrez gain, zientzia-dibulgatzailea da, baita genetika gaiak euskaraz jorratzen dituen lehen blogaren (Dena) sortzailea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea ere.
Gaixotasun digestiboen gene-oinarrien korapiloa askatzen
- Data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:30etara
- Tokia
- Bidebarrieta Liburutegia
- Helbidea
- Bidebarrieta, 4, Bilbo