Jarduera fisikoa COVID-19aren garaian: onurak, oztopoak eta aukerak

Ekitaldiak

Konfinamenduak, mugikortasunaren inguruko mugak eta pandemiaren ondorioak arintzeko ezarri diren neurriek eragin handia izan dute gure eguneroko ohituretan; besteak beste, bizimodu aktiboa izateari dagokionez. Izan ere, nork ez du murriztu jarduera fisikoa hilabete hauetan?

Etxetik irteteko edo taldekako kirol-jarduerak egiteko beldurrak, oro har, jarduera fisikoaren murrizketa eragin du herrialde gehienetan. Hala ere, eragozpen horien aurrean, kirola banaka egiteko aukera berriak sortu dira, etxeko egongelan nahiz aire zabalean.

Bizimodu aktiboa izatea ezinbesteko baldintza da osasun onaz gozatu ahal izateko. Izan ere, obesitatea, minbizia, diabetesa eta bestelako gaixotasun kronikoen agerpena prebenitzen laguntzeaz gain, ariketa fisikoa maiztasunez egiteak COVID-19aren larritasunetik babestu eta gaixotasun honen hilkortasuna ere murritz dezake.

Egungo aparteko egoera honetan aktibo mantentzearen garrantziaz hitz egiteko, Jon Irazusta Astiazaran UPV/EHUko Fisiologia Saileko irakasle eta ikertzaileak “Jarduera fisikoa COVID-19aren garaian: onurak, oztopoak eta aukerak” hitzaldia emango du maiatzaren 19an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Jon Irazusta Astiazaran, jarduera fisikoak hainbat diziplinatik dituen ondorioak aztertzea xede duen jarduera fisikoari eta osasunari buruzko ikerketa-lerro baten zuzendaria da UPV/EHUn. Hitzaldian, gai horien inguruan dauden ebidentzia zientifikoak azaldu eta alternatibak proposatuko ditu, pertsona guztiek jarduera fisikoak eskaintzen dituen abantailez baliatzeko aukera izan dezaten, bereziki pandemia garai honetan.

Gonbidapenak erreserbatzea

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloari atxikitako hitzaldi hau modu presentzialean jarraitu ahal izango da, baita streaming bidez ere, KulturguneaTB kanalean.

Liburutegian hitzaldia zuzenean ikusi nahi dutenek sarrera online erreserbatu behar dute aldez aurretik Bilbao Kultura webgunean. Sarrerak doakoak dira.

Hizlaria

Jon Irazusta Astiarazan, Fisiologiako katedraduna UPV/EHUn, irakaslea eta ikertzailea da unibertsitate bereko Fisiologia Sailean. Komunikazio zelularraren arloan lanean hasi ondoren, gaur egun jarduera fisikoari eta osasunari buruzko ikerketa-lerro bat zuzentzen du. Esparru honetan egin dituen ekarpenak, ariketa fisikoak kolektibo zaurgarrietan dituen onurei buruzkoak izan dira, nagusiki, horren efektuak diziplina anitzeko ikuspuntutik aztertu dituelarik. Horrez gain, nazioarteko aldizkari zientifikoetan 150 artikulu baino gehiago argitaratu ditu eta 26 doktorego-tesi zuzendu ditu.

Jarduera fisikoa COVID-19aren garaian: onurak, oztopoak eta aukerak

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Bidebarieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.