Egia-ostea neologismo bat da, emozioek publikoaren iritzian gertaera objektiboek baino eragin handiagoa duten egoera edo inguruabarrekin lotua.
Egia-osteak, normalean, errealitatea desitxuratuz gizarte jarreretan eragiteko eta iritzi publikoa modelatzeko asmoz sortzen dira. Horretarako, hain zuzen, ni emozionalera jotzen da eta gertaerak alde batera uzten dira.
Termino hori, esanahi pixka bat ezberdina eman arren, Steve Tesich antzerkigileak sortu zuen, joan den mendeko 90eko hamarkadan Golkoko gerrari buruz esan ziren gezurrak izendatzeko. A. C. Grayling pentsalari britainiarrak dioenez, gure mendeko bigarren hamarkadan goraldi handia izan du. Itxuraz, bi fenomenok eragin dute goraldia. Alde batetik, 2008ko eta ondorengo urteetako krisiaren eraginez jendea bankariekin eta agintariekin haserretu izanak, zeinak emozioak gorestea bultzatu omen baitzuen. Eta, beste aldetik, sare sozialen erabilera eta hauek eragin gero eta handiagoa izateak ere egia-ostea hedatzen lagundu zuten.
Baina 2015. eta 2016. urteetara arte, Erresuma Batuan Brexitari buruzko erreferendumaren kanpaina eta AEBn Donald Trumpen presidentetzarako kanpaina egin baino hilabete batzuk lehenago arte, hurrenez hurren, egia-osteak ez zuen garrantzi handiko ondoriorik izan.
Hitzen erabilera aztergai
Duela aste batzuk Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratutako azterketa batean, 1850etik 2019ra bitartean argitaratutako milioika liburutan hitzek duten erabilera maiztasuna aztertuz, bi joera garbi hauteman dituzte. Lehenengoa gaur egun zaharkituta dauden terminoak utzi eta horien ordez hitz berriak erabiltzeak sortutako aldaketa da; joera hori denborarekin gertatzen den hizkuntzaren aldaketa prozesu normalarekin lotuta dago. Bestea jokabidearen alderdi emozionalarekin lotutako hitzen (sentitu edo sinetsi, adibidez) eta alderdi arrazionalarekin lotutakoen (zehaztu edo ondorioztatu, adibidez) erabilera maiztasuna aldatzea da.
1850 eta 1980 bitartean, gutxi gorabehera, konnotazio arrazionaleko hitzen maiztasuna etengabe handitu zen. Aldi berean, alderdi emozionalarekin lotutakoen maiztasuna txikitu egin zen. Azken hamarkadetan, ordea, joera horiek aldatu egin ziren. Harrigarriena da aldaketa horiek bai fikziozko literatur lanetan bai saiakeretan edo, oro har, ez-fikzio deiturikoetan gertatu dela.
Bestetik, prentsako artikuluetan aldaketa berdinak gertatu dira, The New York Times egunkaria epe berean aztertuz ondorioztatu dutenez. Eta, aurrekoa gutxi balitz, espainierazko lanekin egindako pareko azterlan batetik ondorio berdinak atera daitezke. Azkenik, Googlen azken hamarkadetan egindako hitzen bilaketak ere joera hori islatzen du. Liburuetan erabiltzen diren hitz moten aldaketak, funtsean, jendearen interesen aldaketa islatzen duela adierazten du horrek.
Azterlanaren egileek ondorioztatu dutenez, egia-ostearen indarrak eta hedapenak, beharbada, aldaketa sakonagoa islatzen du jendearen interes eta lehentasunetan, baita haien balioetan eta pentsatzeko moduetan ere; arrazionaltasunetik emozionalera igaro baitira. Egiazki, aldaketa hori bat dator artikulu honen egilearen pertzepzioarekin eta hezkuntzaren munduan alderdi emozionalari gero eta garrantzi handiagoa ematearekin. Ikerketaren egileek ez dakite zeren ondorio diren hautemandako joerak, baina ondorioekin kezkatuta daude; izan ere, zientzia, demokrazia eta arrazionaltasunaren indarrean oinarritzen diren bestelako instituzioak kaltetu ditzakete.
Erreferentzia bibliografikoa:
Scheffer, Marten; van de Leemput, Ingrid; Weinans, Els & Bollen, Johan (2021). The rise and fall of rationality in language. Proceedings of the National Academy of Sciences,
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
1 iruzkina
[…] Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, EHUko Fisiologiako Katedradunak eta Kultura Zientifikoko atedraren arduradunak, Zientzia Kaiera atarian. […]