Constance Tipper, Liberty gerraontzien pitzaduren zergatia deskubritu zuen metalurgialaria

Emakumeak zientzian

Bigarren Mundu Gerran sortuak, Europa naziek edo horien aldeko gobernuek okupatuta zegoenean, Liberty ontziak izan ziren blokeekin eraikitako lehenak. Berrikuntza hori posible izan zen, besteak beste, ontzioletan seriean fabrikatzeko teknikak ezarri zituztelako, ordura arte beste industria batzuetan erabiltzen zituztenak –Estatu Batuetako Ford fabrikak dira adierazgarririk onenak–.

Horri esker, itsasontzi horien eraikuntza azkarragoa eta efizienteagoa izan behar zen. Milaka langilek teknika berrietan trebatu behar izan zuten, eta, gizon gazte ugari frontean zeudenez, emakume asko aritu ziren horietan lanean.

Tipper
1. irudia: Liberty ontzi baten popa-ikuspegia. Helize bakarrak 5 m-ko diametroa zuen. (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)

Itsasontziek baina arazo bat zeukaten: ur hotzetan nabigatzean kroskoa pitzatu egiten zen. Zer gertatzen zitzaien eta nola konpondu ere emakume batek deskubritu zuen, Constance Tipper kristalografo eta metalurgikariak.

“Gizona ez izatea, nire errua baino, nire zorigaitza da”

Elam abizenarekin jaioa, New Barnet-en (Herfortshire, Erresuma Batua) sortu zen Constance, 1894ko otsailaren 6an. Aita zirujaua zuen, eta berak ingeniaritza ikasi zuen Newnham Collegen, Cambridgen.

1915ean, Teddingtoneko Fisikako Laborategi Nazionaleko Metalurgiako Sailean hasi zen eta, handik urtebetera, Meategien Errege Eskolara joan zen, non kristalen hazkundea eta metalen birkristalizazioa aztertu baitzituen. Lan hori funtsezkoa izan zen bere espezializaziorako eta mikroegituren ikasketan eta deskripzioan figura garrantzitsu bihurtzeko.

1917an Materialen Institutuko kide hautatu zuten. 1920ko hamarkadan, bi bekari esker, aluminio monokristalinoaren erresistentzia eta kalteberatasuna eta kristalen plastikotasuna ikertu ahal izan zituen. 1923an, Tipper eta Geoffrey Taylor lankidea Royal Societyren urteko biltzarrean beren lana erakustera gonbidatu zituzten. Oraindik Elam abizena zuen Tipperrek C.F. Elam izenaz sinatzen zituen lanak; beraz, Royal Societyko arduradunek ez zekiten emakume bat zenik eta debekatua zuenik biltzarrera eta ondorengo afarira sartzea. Berak egin zion uko gonbitari honako argudio honekin: “Gizona ez izatea, nire errua baino, nire zorigaitza da. Ohore handia izan da gonbidapena jasotzea, baina konturatu naiz gaizkiulertu batengatik bidali didatela”. Handik denbora batera, Taylor ospetsu egin zen bien lanari esker; Tipper, ordea, ez.

Zergatik pitzatzen dira Liberty ontziak?

1928an ezkondu zenean hartu zuen Tipper abizena. Urte horretan, halaber, Newnham Collegera itzuli zen, eta unibertsitatean ikertzen jarraitu zuen arren, ez zioten Ingeniaritza Sailean kargu ofizialik eman. 1935ean, Distortion of Metal Crystals argitaratu zuen, gerora arlo horretan erreferentziazko lana izango zena.

Constance Tipper
2. Irudia: Constance Tipper metalurgialari ingelesa. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Bigarren Mundu Gerraren hasieran, bere lankideetako asko joan egin ziren, soldadutzara deitu zituztelako edo armadarekin boluntarioki bat egin zutelako, eta horrek bere ospea handitu zuen. Ingeniaritza eskolan irakasle postua eskuratu zuen, eta tratamendu termikoen laborategiko buruarena. Orduan iritsi zen sailera Liberty itsasontzien arazoa.

Lord John Baker zientzialari eta egituren ingeniari prestigiotsua izan zen. 1943an Cambridgera iritsi zen Ingeniaritza Saila zuzentzera zeregin batekin: urgentziaz ikertzea zergatik pitzatzen ziren Liberty gerraontzien krosko guztiak oso ur hotzetan nabigatzean. Berak landutako hipotesia zen ontzien pitzadurak soldaduragatik sortzen zirela. Izan ere, Libertyetako piezak halaxe lotzen zituzten, ordura arte ohikoak ziren errematxeekin elkartu ordez. Dena den, Cambridgera iritsi zenerako ondorioztatuta zeukan hori ez zela arrazoi nagusia.

Bakerren taldean sartu zen Tipper eta, gaia ikertu ondoren, iradoki zuen arazoa altzairua bera izan zitekeela, tenperatura kritiko baten azpitik burdinurtuaren edo altzairu hauskorraren jokaera zuelako, altzairu harikorrarena izan beharrean. Harikortasuna zenbait materialen ezaugarri bat da, esaterako, metal aleazioena. Hori dela eta, indar baten eraginez deformatu egiten dira hautsi gabe. Ipar Atlantikoan itsasontziak tenperatura kritiko horretatik behera egotean, kroskoetako altzairua hautsi egiten zen, plastikoki deformatu beharrean. Tipper zuzen zebilen.

Ikerketa gauzatu bitartean, “Tipperren testa” garatu zuen, altzairuaren hauskortasuna neurtzeko eta baliatuko den tenperaturan harikorra izango den ala ez zehazteko hamarkadetan erabili izan den estandar bat. Tipperren aurkikuntzak Liberty itsasontzien eraikuntza ez ezik, ontzigintza industria osoa ere aldarazi zuen, eta Aliatuei lagundu zien potentzia faxisten aurka egiten.

Horri esker gainera, Cambridgeko Unibertsitateak eskubide osoko kide izendatu zuen azkenean. 1947an Ingeniaritza Mekanikoko irakasle elkartu eta 1949an irakasle atxiki izendatu zuten. Lanpostu horretan iraun zuen hiru hamarkadaz. Denbora horretan, Chelseako Unibertsitate Politeknikoan ere eman zituen eskolak. 1960an erretiratu zenean, Cambridgeko Ingeniaritza Saileko emakume bakarra izaten jarraitzen zuen. 1994an bere ehungarren urtebetetzea ospatu zuen han, Tipperen zuhaitza landatuz: gaztainondo bat. Hurrengo urtean zendu zen.


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko otsailaren 10an: Constance Tipper, la metalúrgica inglesa que descubrió por qué se resquebrajaban los buques de guerra Liberty.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.