Ruth Benerito, kotoia eraldatu zuen kimikaria

Emakumeak zientzian

Kotoia da munduan gehien erabiltzen den ehun zuntzetako bat, moldagarria eta erosoa delako, eta erraz eta, hortaz, merke, lortu ahal delako. Hala ere, XX. mendearen erdialdean kotoia krisi bete-betean zegoen. Zuntz sintetikoak agertu izanak, hala nola nylona eta poliesterra, mehatxua ekarri zuen. Garai hartan kotoia baino pixka bat garestiagoak izan arren (aurrerago hala izateari utzi zioten), eta ez izan arren kotoia bezain erosoak, abantaila ukaezina zeukaten: garbitzean ez ziren zimurtzen. Etxeko andre askorentzat oso erakargarria zen lisatzen makina bat ordu eman behar ez izatearen promesa.

Kotoiaren industriak ez zuen ehungintzaren sektorean zuen tokia galdu, hain justu, asmatu zuelako abantaila hori bera lortzen laguntzeko zenbait prozesu aplikatzen: handik urte batzuetara zimurtzen ez zen kotoia sortu zen. Asmatzailea emakume bat izan zen, Ruth Rogan Benerito kimikaria.

Ruth Benerito
1. irudia: Ruth Rogan Benerito (1916 – 2013), kimikaria. (Argazkia: Research.com)

Benerito New Orleansen jaio zen (Louisiana, Estatu Batuak), 1916ko urtarrilaren 12an. Gurasoak emakumeen hezkuntza eta eskubideen defendatzaile irmoak ziren. Aita ingeniari zibila zen, eta Beneritok berak emakumeen askapenaren aitzindaritzat jo zuen; ama, artista, “emakume benetan liberatu” gisa definitu zuen.

Nahiz eta Ruth Benerito jaio eta hazi zen garaian emakume gutxi aritzen ziren zientzia puruetan, eta aritzen zirenentzat are lanpostu gutxiago zeuden, hark, 15 urterekin emakumeen unibertsitatean hasi zenean, karrera zientifikoaren aldeko hautua egin zuen. Hasieran, matematiken aldeko interesa izan zuen, baina ohartu zen ikasketa horiek osatu ondoren lan egiteko aukera bakarra aseguru konpainia batean probabilitateak kalkulatzen aritzea zela.

Arazo praktikoak konpontzeko egin zuen kimikaren alde

Estatu Batuetan Depresio Handiaren urteak ziren, eta nahiago zuen herrikideen arazo praktikoak konpontzen saiatu; hortaz, kimika nahiago zuela erabaki zuen. Graduatu zenean, 1935ean, bost estatubatuarretik bat langabezian zegoen. Lana aurkitzea oso zaila zen gizonentzat, eta ia ezinezkoa emakumeentzat. Ordura arte, unibertsitate titulu bat zeukaten emakumeak irakaskuntzan hastea zen ohikoena, baina krisi bete-betean zeudela, eta kostuak murrizteko, ikastetxeek nahiago zuten langile berririk ez kontratatu, eta kontratatuta zeuzkaten irakasleen artean banatzen zituzten irakasgaiak; askotan, zientzia eskolak futbol entrenatzaileei esleitzen zizkieten. Beneritok ikasten jarraitzea eta laborategiko teknikari bihurtzea erabaki zuen.

Handik gutxira lanpostu bat lortu zuen New Orleanseko institutu batean, non, zientzia eskolak emateaz gain, modu seguruan gidatzeko eskolak ere eman behar zituen; hala, horrek bazuen zailtasun gehigarri bat, berak ez baitzekien gidatzen. Aldi berean, gau eskoletara joanez, master titulua eskuratu zuen. Ingeniaritzako ikasleekin batera, berari eta beste emakume bati baino ez zieten eman gizonentzako Tulane Unibertsitatean kimika fisikoa ikasteko baimena; beste emakumea Margaret Strange zen, aurrerago Alabamako Unibertsitateko Medikuntza Eskolako presidenteorde izango zena. “Ez zitzaien batere gustatu”, esan zuen gerora Beneritok berak.

Bigarren Mundu Gerrako urteetan kimika eskolak ematen jarraitu zuen, baina gerra bukatu zenean Chicagora aldatu zen familiarekin batera. Han fisika kimikoari buruzko doktoretza tesia egin zuen, eskoletara joanez eta udetan tesian lan eginez. Garai hartan Chicagoko Unibertsitateak Nobel saria irabazitako zenbait zientzialari zituen, Manhattan proiektuan egindako lanagatik, eta Beneritok izugarri gozatu zuen giro intelektualarekin eta “azken mendeko kimikari onenen” eskolak ikasle talde txikietan jasotzearekin.

Irakaskuntzatik ikerkuntzara, soldata diskriminazioaz neka-neka eginda

1953an, inguru akademikoko soldata diskriminazioaz nekatuta, eskolak uztea eta Hegoaldeko Ikerkuntzako Eskualde Zentroan (SRRC, ingelesezko sigletan) ikertzaile gisa lan egitea erabaki zuen, New Orleansera itzulita. Han lan egin zuen, harik eta 1986an erretiroa hartu zuen arte. Kotoia aztertu aurretik, gantz soluzioak zain barnean injektatzeko metodo bat garatu zuen, Koreako gerran larri zauritutako soldaduak elikatzen laguntzeko.

2. irudia: Ruth Rogan Beneritok 55 patente izan zituen bere bizitzan zehar. Bere ikerketek ekarpen handiak egin zizkioten ehungintza industriari. Horietatik ezagunena zimurrik gabeko kotoiarena. (Argazkia: Bruno – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

SRRC zentroa 1941ean hasi zen lanean; Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuak, eskualdeetako nekazaritza arazoei aurre egin, eta tokiko laborantzen erabilera berriak bilatzeko, herrialde osoan ezarritako lau ikerketa zentroetako bat izan zen. New Orleansen, tokiko laborantzak kakahueteak, batatak eta kotoia ziren. 1958an, Benerito SRRCko Kotoiaren Erreakzio Kimikoen Laborategiko zuzendari bihurtu zen. Finantzaketari dagokionez, garai ona izan zen; orduan, SESBekin lehia zientifiko eta tekniko bete-betean zirela, AEBko gobernuak diru asko bideratzen zuen ikerkuntzara.

Garai hartan kotoia zen mendeetan gehien erabilitako ehun zuntza, arropa egiteko oso egokia zelako; kotoizko arropa erosoa, transpiragarria eta tindatzen erraza zen. Baina erraz zimurtzen zen, eta asko lisatu behar zen itxura freskoa eta txukuna izateko. Horren arrazoia materialaren oinarrizko egituran dago, zeina zelulosa polisakaridoen kateek osatua den, hidrogeno lotura ahulen bidez elkartuak; hala, erraz hausten dira garbitu eta lehortzean, eta oihala zimurtuta geratzen da. Orduan erabiltzen hasiak ziren zuntz sintetiko batzuek, aldiz, ez zeukaten arazo hori, hala nola nylonak edota poliesterrak. Horren ondorioz, kotoiaren industria ahuldu egin zen, eta bultzada bat behar zuen eusteko. Beneritoren taldeak eman zion bultzada hura.

Zimur gutxiago, lisaketa gutxiago

Beneritok eta SRRC zentroko beste kimikari batek, Ralph Bernik, urteak eman zituzten elkarrekin lanean kotoiaren arloan; besteak beste, kotoiaren egitura kimikoki aldatzen lan egin zuten, zuntz sintetikoekin lehiatu ahal izateko. Ikertzaileek lortutako aurrerapenen artean, kotoiaren zuntzak tratatu ahal izateko prozesu berri bat garatu izana aipatu behar da, erretikulazio edo cross-linking deitua. Prozesu horretan, polimero kateen arteko hidrogeno lotura ahulen ordez lotura sendoagoak jarri zituzten; hala, oihal horrekin egindako arropak zimurrik gabe ateratzen ziren garbigailu eta lehorgailutik. Horrek kotoiaren sektorea suspertu zuen, eta lehenago izandako material preziatua izan zen berriz ere.

Zimurtzen ez den kotoiaren asmatzailetzat jotzen badugu ere, Beneritok berak esan ohi zuen bere ekarpenak bere aurreko beste ikertzaile batzuen lanean oinarritu zirela, eta merezimendua ez zela soilik berea:

“Ez zait gustatzen wash-wear [‘janzteko prest’] neuk asmatu nuela entzutea, jende askok lan egin zuelako horretan eta kotoiari ezaugarri horiek emateko prozesuetan. Ez dago horren arduradun bakarra edo ez zuen pertsona bakarrak deskubritu; nik ekarpena egin nuen prozesu horietan”. 3. irudia: Ruth Benerito lanean laborategian.

3. irudia: Ruth Benerito lanean laborategian. (Argazkia: Tulane University)

Aurrerapen eta tratamendu berrietarako bidea urratuz

Benerito zuzen zebilen, eta adierazpen haiek ez zituen sasiapaltasunagatik egin; hala ere, ukaezina da kotoia ez zimurtzeko lotura berrien inguruan berak egindako aurrerapenek, herritarren eguneroko arazo praktiko bat konpondu ez ezik (bereziki emakumeena, emakumeek lisatzen baitzuten), zuntzezko eta beste mota batzuetako materialetarako aplikazio kimiko berrietarako bidea ireki ere egin zutela: zikintzen ez den kotoia, su hartzen ez duena edo gogorragoa… Baita beste material batzuen tratamenduetarako ere; esaterako, zura eta papera.

Beneritok kotoiaren zientzian egindako ekarpenak XX. mendeko berrikuntza teknologiko garrantzitsuenen artean sartu izan dira, jendearen egunerokotasunean aplikatzeari dagokionez. Hori dela eta, beste zenbait lorpen eta aitorpenen artean, 2008an Asmatzaileen Famaren Areto Nazionalean sartu zen. Beneritok beti esan zuen lorpen eta aitorpen horiek guztiak ez zirela bere merezimendua bakarrik, baizik eta babesa eman zion eta laguntzeko ahalegina egin zuen jende guztiarena, guraso eta irakasleetatik hasi, eta lankideetaraino.

Bere karrera amaieran 50 patente baino gehiago eta 200 argitalpen zientifiko zituen. Halaber, hizlari estimatua izan zen, beti agertu zelako zientzialariek herritarren bizitza eta gizartea hobetzeko duten erantzukizunaren alde. 2013an hil zen, 97 urte zituela.


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko urtarrilaren 20an: Ruth Benerito, la química que modificó el algodón para reducir el tiempo dedicado a planchar.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.