Erakusketa honetan nanozientziako eta nanoteknologiako egileak, lanak eta tresnak aurkezten dira. Erakusketara joaten direnek hainbat nanoobjekturen irudiak ikusiz gozatu ahalko dute. Irudi horiek “nanomunduaren begi” bihurtu diren instrumentu harrigarriek hartu dituzte. Horrez gain, alor honetan erabiltzen diren tresnetako batzuk eta eguneroko benetako ikerketa-produktuak eta -objektuak ikusteko aukera ere izango da.
Erakusketa UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egongo da ikusgai irailaren 12tik 24ra eta sarrera doakoa izango da. Erakusketarekin batera, bi bisita gidatu egingo dira:
- Irailaren 22an euskaraz.
- Irailaren 23an gazteleraz.
Biak ala biak arratsaldeko seietan eta Ibon Santiago ikertzailearen eskutik. Bisita gidatuetara joateko, mezu elektronikoa bidali behar da kzk.ehu@gmail.com helbidera intereseko eguna, izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa adierazita.
Ibon Santiago hizlaria
UPV-EHUn fisika ikasi zuen Ibon Santiagok. Massachusettseko Institutu Teknologikoan (MIT) masterra egin eta Oxfordeko Unibertsitatean Fisikan doktoratu zen, non biofisikaren eta DNAren nanoteknologiaren arloetan lan egin zuen. Ikertzaile postdoktorala izan da Cambridgeko Cavendish laborategian, eta ondoren Humboldt Fellow izan zen Municheko Unibertsitate Teknikoan (TUM). Gaur egun, CIC nanoGUNEn ikertzailea da, eta bertan robot molekularrak DNA bezalako material programagarriak erabiliz garatzeko proiektua gauzatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Fellow programaren baitan.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta CIC nanoGUNE ikerketa zentroak antolatua, ekitaldia Bilbo Zientzia Plaza (BZP) jaialdiaren parte da.
Ibilaldi bat nanomunduan barrena
- Hasiera data
- Amaiera data
- Tokia
- Bizkaia Aretoa