Artea eta Matematika erakusketa: ‘Fractus’ eta ‘Azares’

Ekitaldiak

Matematika eta artea oso urrun dauden bi diziplinatzat hartzen dira, ageriko loturarik ez balute bezalaxe. Baina, bien arteko harremana aztertzen denean, nabarmena da antzina-antzinatik arte garaikideraino mantendu izan den bien arteko elkarreragin oparo, sakon eta aberatsa. Pitagorasen zientziak, bere kontzeptuekin –pi zenbakia, kasu– eta teoremekin, ideia sortzaileak eragin ditu eta egitura artistikoen osagaia izan da.

“Artea eta matematika” erakusketak bi diziplina horien artean dagoen lotura estua jarriko du ikusgai irailaren 17tik 28ra bitartean UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Axular gelan. Verónica Navarroren “Fractus” eta Esaú de Leónen “Azares” egileen lanen bitartez fraktalen berezitasunak aurkeztuko dira. Erakusketak egunero bisitatu ahal izango dira, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara, astelehenetik ostiralera eta irailaren 25ean (larunbata) eta 26an (igandea) goizeko 10:00-13:00etara eta 16:00-19:30era.

Matematika eta, bereziki, fraktalak dira erakusketa hau osatzen duten elementu nagusiak, eta horien laguntzaz, bertatik bertara egiaztatu ahal izango da matematika lan plastikoaren inspirazio-iturria, arte-sorkuntzarako tresna eta funtsezko osagaia izan daitekeela.

“Fractus” erakusketaren abiapuntutzat har daiteke Verónica Navarroren Menudo punto (2012) liburua, izan ere, paperean landutako formatu txiki eta ertaineko eszenografien bitartez, geometria fraktala ezagutzera ematea du helburu, eta bereziki, Kochen Kurba deritzona. Obretan ageri den kaosean ikertzera eta mundu ulergaitz eta magikoak irudikatzera gonbidatzen dute ikuslea artelan hauek.

Bestalde, “Azares” deritzon erakusketan, Esaú de León artistak zuhaitz itxurako eskultura handiak begiratzeko gonbidapena luzatzen du. Eskultura hauek triangelu-itxurako piezez osatuta daude, eta pieza horiek mihiztatu egiten dira Lindemayerren sisteman oinarrituz. Teknika hau, egitura fraktala dena, eskulturan erabiltzen da landare eta zuhaitzen hazkundea irudikatzeko. Gainera, sorkuntza-prozesuan triangelu magikoak, zenbaki lehenak, pi zenbakia eta proportzio harmonikoak ere aurki ditzakegu. Sorkuntza-lanak, halaber, alderdi parte-hartzaile bat du; izan ere, bertaratutakoak kartekin beren eskultura propioa egitera gonbidatzen ditu.

“Artea eta matematika” erakusketa, UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Axular gelan irailaren 17tik 28ra bitartean ikusgai egongo dena, UPV-EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak antolatu dute.

Bisita gidatuak

Erakusketan bisita gidatua egin nahi dutenek, irailaren 20tik 26ra -biak barne- egin dezakete ordutegi honetan:

  • Irailaren 20, 21, 22, 23 eta 24an, arratsaldeko 18:00etan.
  • Irailaren 25ean eta 26an, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 18:00etan.

Bisita gidatuetara joan nahi baduzu, bidali mezu elektroniko bat kzk.ehu@gmail.com helbidera eta adierazi zure intereseko ordutegia, zure izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa.

Sortzaileei buruz

Verónica Navarro Arte Ederretan lizentziatu eta Hezkuntzan doktoratu zen Murtziako Unibertsitatean. Jarduera plastikoa hezkuntzarekin uztartu eta artea matematikarekin eta literaturarekin nahastu ohi ditu bere lanetan. Argitara eman dituen liburuen artean, Fina e infinita edo Fractales artista liburuak eta El muy punto liburua nabarmendu daitezke. Halaber, banakako zein taldekako instalazio eta erakusketetan parte hartu du. Lehenengoen artean, Horma/forma/norma eta Menudo punto aipa daitezke, eta lankidetza bidez egindakoen artean, Las formas toman forma e infinitas delakoa.

Bestetik, Esaú de León artista eta museografo mexikarrak Arte Plastikoak ikasi zituen Mexiko Hiriko “La Esmeralda” Pintura, Eskultura eta Grabatuko Eskola Nazionalean. Honen ibilbidean ere, instalazio eta erakusketa ugari aipa daitezke, banakakoak (Vacío continuo edo Vortex) zein taldekakoak (Designata edo Incesante parpadeo de luz). Horrez gain, arte-bildumen kontserbazio lanak (Michael Nyman edo Iberdrola) eta erakusketak koordinatu ditu Mexikoko Arte Modernoaren Museoan.

Artea eta Matematika erakusketa: ‘Fractus’ eta ‘Azares’

Hasiera data
Amaiera data
Ordutegia
08:00etatik 20:00etara
Tokia
Bizkaia Aretoa - UPV/EHU
Helbidea
Abandoibarra, 3, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.