Asteon zientzia begi-bistan #470

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Medikuntza

María Magdalena Petraccini 1759an jaio zen Florentzian. Kirurgilari trebea izan zen Petraccini. Mediku eta anatomiako irakasle batekin ezkondu zen, eta hark irakatsi zion lehenengo. Gero, Petracciniren trebetasuna ikusita, Florentziako Batzar medikoak unibertsitatean sartzeko baimena eman zion. Bertan anatomiako irakasle bihurtu zen, eta bere lehenengo semea jaio zenean, memoria bat idatzi zuen. Bertan jaioberriak hazteko bere metodoa azaldu zuen eta haurren osasunari kalte egiten zieten ohitura errotuak baztertzea zuen helburu. Datuak Zientzia Kaieran.

Energia berriztagarriak

Gure itsasertz eta ozeanoetako energia baliabide berriztagarriak modu eraginkorrean ustiatzen jarraitu ahal izango dugu hurrengo urteetan. Hala frogatu du Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eolo ikerketa taldeak. Azaldu dutenez, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa handitzeak aldatu egiten du atmosferaren eta ozeanoen portaera. Alabaina, azterketaren emaitzek erakutsi dutenez, aldaketa horiek ez dute ondorio nabaririk izango haizetik eta olatuetatik sortutako energia iturri berriztagarrietan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Hizkuntzalaritza

Atzerriko azentuak badu eragina hizkuntzaren prozesamenduan. Ondorio hori lortu dute Gertaerei Loturiko Potentzialak izeneko metodoa erabiliz. Metodo horretan, partaideei garuneko erantzun elektrofisiologikoak neurtu zizkieten azentu ezberdinak entzuten zituzten bitartean. Emaitzek erakutsi dute azentu arrotza entzunda, jaiotzetiko hiztunen garunak malgutasun handiagoz jokatzen dutela akatsen aurrean, jaiotzetiko hiztunen azentua entzunda baino. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Geroz eta minbizi kasu gehiago detektatzen ari dira gazteengan. Ikerketa berri batek detektatu du azken 30 urteetan % 79 areagotu direla 50 urtetik beherako pertsonen minbizia kasuak. 204 herrialdetan jaso dituzte datuak. Egileek ondorioztatu dute, igoera honen arrazoi nagusiak alkohola eta tabakoa kontsumitzea, eta oso osasungarria ez den dieta jarraitzea direla. Horrez gain, obesitateak, sedentarismoak eta ingurumeneko hainbat faktorek ere eragina izan dezaketela uste dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Maskuriko tumoreak % 90 murriztea lortu dute, nanorrobotak erabiliz. Saguetan egin dituzte probak. Erabili dituzten nanorrobotek funtzio espezifikoko zenbait osagai dituzte gainazalean, horietako bat ureasa entzima. Entzima horren bidez, gernuko ureaz propultsatzen dira. Behin tumorera iritsita, eraso egiten diote gainazalean daramaten erradioisotopo batekin. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Metodo bat garatu dute malariaren diagnostiko goiztiarra egitea eta tratamendu eraginkorrak garatzea ahalbidetuko duena. Hori lortu dute Plasmodium bizkarroiak immunitate-sisteman eragiten duen lehen erantzuna identifikatuta. Zehazki, IgM antigorputzen erantzuna eragiten duten 110 proteina identifikatu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Bioteknologia

Rhesus makako bat klonatu dute teknika berri bat erabiliz. Hain zuzen ere, klonatutako enbrioiaren trofoblastoa in vitro ernaldutako enbrioi batenarekin ordezkatu dute. Teknika horren bidez, 113 rhesus enbrioi klonatu zituzten, eta horietako 11 zazpi tximino emetan jarri zituzten. Kume bakarra jaiotzea lortu zuten eta 2 urte doa bizirik eta osasuntsu. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biokimika

Pixaren kolore horiaren misterioa argitu du AEBetako ikertzaile talde batek. Azaldu dutenez, Bilirubina reduktasa izeneko entzima da pisari bere kolorea ematen diona. Hesteetako mikrobioek sortzen dute entzima hori, eta bilirrubina urobilinogeno bihurtzen dute. Azken hori degradatzen joaten da eta urobilina izeneko molekula sortzen da, kolore horiaren erantzulea, hain zuzen. Azalpenak Berrian: Pixaren kolorearen misterioa.

Teknologia

Metalen fabrikazio gehigarria gero eta gehiago erabiltzen den fabrikazio-prozesua da. Prozesu horretan 3D eredu batetik abiatuz, materiala geruzaz-geruza gehitzen da. Modu bat baino gehiago daude, baina hedatuena energia-iturri bezala laserra eta material gehigarritzat hautsa erabiltzen duen prozesua da. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika Saileko ikertzaileek prozesu hori forja prozesuarekin hibridatu dute Inconel 718 piezen fabrikaziorako. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Fabrikazio aeronautikoa optimizatzen.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.